Euskal Herri elkargo bakarra: delibero erabakigarria

batera

Erabaki historikoa da, jakina. Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala dago jokoan. Azken hil hauetan, eztabaida anitz egon da Iparraldeko 158 herrietan. Hautetsiek ez ezik, herritarrek ere zeresan handia izan dute aferan. Une erabakigarria iritsi da. Nerea Olaso.

Lehen aldiz, Iparralde osoa kontuan hartuko lukeen egitura sor daiteke aurki. HELEP (Herriarteko Lankidetzako Erakunde Publikoa), hiri elkargo bakarra, denen ahotan dabil azkenaldian.
Gaur egun, Ipar Euskal Herrian 10 herri elkargo daude: berezko fiskalitatea eta eskumen propioak dituzten mankomunitateak dira. Baina Frantziako egungo lurralde erreformarekin, biztanle gutxien dituzten herri elkargoak beste batzuekin batu behar dira, beraz, lurralde antolaketa nahitaez berritu behar da. Ildo horretatik iritsi da prefetaren, hots, Estatuaren ordezkariaren, proposamena. Batera plataformak erabaki zuen 10 herri elkargoak batu eta Euskal Herri Elkargoa egiteko ideiak gogoeta, behintzat, merezi zuela. Plataformako kide den Nicolas Blainek dioenez, lehen urratsa litzateke. Batera 2002an sortu zen Baionako Merkataritza Ganbaran, gizarte zibileko 110 elkarte eta mugimenduren atxikimenduak jaso ostean. Funtsean, lau aldarrikapen nagusi egiteko jaio zen: euskararen koofizialtasuna, lurralde kolektibitatearen eraketa, unibertsitate propioa eta Laborantza Ganbera. Azken hori da, oraingoz, gauzatutako bakarra. Gisa horretan, proposamena on-tzat jo zuten, "Ipar Euskal Herriko lurraldea zatikatuko lukeen edozein aterabideren kontra altxatzea eta herri elkargo bakarra eratzea Euskal Herriko gobernantzaren lehen urratsa dela kontuan hartuta”, barne gogoeta luzearen ostean. Gauza bera egin dute Merkataritza eta Industria Ganberak, Euskal Herriko Laborantza Ganberak, Garapen Kontseiluak, Euskaltzaindiak, Euskal Kultur Erakundeak...
158 herrietatik 113 agertu dira alde. Lehen baldintza, beraz, bete egin da: herrien erdiek, gutxienez, alde bozkatu behar dute. Baita bigarren baldintza ere:  biztanleriaren erdia ordezkatu behar dute. Guztira, herriko etxeen % 72k egin dute bat ekimenarekin, 193.518 biztanle ordezkatuta.
Haatik, lehen bozketa horrek ez du legezko indarrik, eta apirilaren amaierarako herri guztiek berriro bozkatu beharko dute, emendakinak aztertu eta gero. Ondoren, erabakia prefetari jakinarazi beharko zaio, eta berriz ere bete beharko dira baldintza biak.
Onartzen ez bada, beste proiektu bat aurkeztu beharko da. Hala ere, ez dira proposatuko hiruzpalau elkargo baino gehiago.  Akitania-Poitou-Charentes-Limousin izeneko eskualde erraldoi berrian (berriki batu dituzte, 5,8 milioi biztanleko Akitania Berria osatuta), pisu gutxiago izango lukete. Austriarekin alderatu izan den eskualde horretan, ordea, Euskal Herri elkargo bakarra bigarren herri elkargoa litzateke tamainari dagokionez.
Kontra azaldu direnen artean, Euskal Kosta-Aturriko auzapezak dira (Baiona, 47.269 biztanle; Angelu 40.607 biztanle; Biarritz, 26.089 biztanle; Bidarte 6.671 biztanle; eta Bokale, 7.959 biztanle). Baionakoa kenduta (alde azaldu da), beste laurek uste dute molde federatiboagoa beharko litzatekeela.  Barnealdeko 17 auzapez ere kontrako kanpaina sutsua egiten ari dira. Horiek metropoli polo bat proposatzen dute. “Biarritzeko beharrak ez dira Zuberoakoak”, diote. “Ez lirateke zergak bateratu behar”, hots, proposamen integrala barik federala nahi dute.
Kontuan hartuta biztanleriaren zati garrantzitsu bat ordezkatzen dutela, kalkulagailua eskuan egin beharko dira behin betiko batuketak. Izan ere, lurralde desorekak handiak dira: Ipar Euskal Herriak 290.000 biztanle ditu: kostaldean bizi dira biztanleen % 58; bitarteko eremuetan, % 27,5; eta barnealdean, % 14,5.
Zer aldatuko da eguneroko bizimoduan?
Baterak martxan jarritako karabana Ipar Euskal Herriko herri guztietatik igarotzen ari da jendearen galderei eta kezkei eran-tzuteko. “Erakundeak herritarrentzat egiten dira, eta, azken hitza hautetsiena izan arren, herritarren beldurrei eta zalantzei erantzuna eman nahi diegu” dio Nicolas Blainek. Jendea zergen beldur da, besteak beste. Fiskalitatearen eta gobernantzaren inguruko arrangurak daude. Garraio politikan, esaterako, aldaketak izanen dira. Egun, Atharratzetik Hendaiara autobusa hartzea ezinezkoa da, eskualde bakoitzak antolatzen duelako autobus sarea, beste gauza ba-tzuen artean. “Koordinazioa lortuko genuke”, Blainen hitzetan. “Uraren kudeaketan, milioika euro gastatzen dira urtero, maiatzean, hondartzak garbitzeko. Badakigu kutsadura hori barnealdetik datorrela, laborantza eredu jakin baten ondorioz. Instituzio bakarrarekin, aldiz, kostaldeko eta barnealdeko herriko
etxeak elkarrekin mintzatuko ginateke, diru hori laborariei laguntzera bideratzeko edota enpresei gutxiago kutsatzen laguntzeko, adibidez”.
Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioaren bihotzean dago laborantzaren gaia. Laborariak eta beste hainbat sektore beti borrokatu izan dira Euskal Herriko laboran-tzak eredu propioa eta ezberdina izan dezan, eta, laborantzak lurraldean duen garrantzi sozial eta ekonomikoa aintzat hartuta, hiri elkargo bakarrean sail estrategikoa izanen da, batik bat barnealdearen eta kostaldearen arteko orekari begira. Horixe da hiri elkargo bakarraren mamia. Prefetaren proposamenak aglomerazio estatutua izango du legez, eta, ondorioz, ez da aurreikusten laborantzaren eskuduntza, baina ekonomiarenarekin hainbat gauza landu ahal izango dira.
Oro har, lurralde osoko ikuspegiaren arabera kudeatuko lirateke ekonomia, turismoa, laborantza, hizkuntza eta kultura politika eta abar.
Koofizialtasunaren bidean
Euskaren etorkizuna ere jokoan dago. Egitura berriak ez du berehala ekarriko estatutu berezia. “Hala ere, hainbat formula lan daitezke” dio Blainek, “departamentu batzuek egin duten bezala, Perpignanen, esaterako, katalanaren koofizialtasuna aldarrikatuta”. Dena den, Ipar Euskal Herrirako nolako hizkuntza politika nahi den hausnartu beharko da, herriko etxeetan, enpresetan, elkarteetan, lan munduan... plan estrategikoak garatzeko. Ildo horretan, hainbat aukera sortuko dira.
2017ko urtarrilaren 1ean sartuko litzateke indarrean hiri elkargo bakarra, lehen aldiz Iparralde osoa kontuan hartuko lukeen egitura.