Kulturak loratuko du Bilbo

loraldia

Atzean geratu da negua. Ama Lurrak albo batean utzi du jantzi grisa, eta dagoeneko prest du soineko berde bizia. Giro alaia eta koloreduna sumatzen da nonahi. Bilboko kaleak, adibidez, lurrinak bustiko ditu apirilean, izan ere, euskarazko kultur ekoizpenaren azken liliek hartuko dute hiria hilaren 9tik 24ra: antzerkia, bertsolaritza, dantza, musika edota zinema izanen dira nonahi. Loraldia, udaberriko euskal kultura-aldia, hastera doa. Arkaitz Almortza.

Udaberri honetan, indartsu ernatuko dira loreak Bizkaiko hiriburuan. Kolore anitz izanen dituzte, eta euskara eta euskal kultura izanen dira haien ongarri. Guztiak bilduko dituen lorategiak Bilboko hiriguneko 11 leku esanguratsu hartuko ditu: hamasei egunez, 30 ikuskizun baino gehiago izanen dira hiriburuan, 50 artistatik gora elkartuta. Maila guztietako ikusleek izanen dute aukera euskal kultur ekoizpenaren aleen lurrin freskoa eta gozoa usaintzeko. Imanol Agirre da Loraldiaren zuzendari artistikoa, eta zera dio: “Iaz, zertzelada batzuk eman genituen, baina aurten gehiago hurbilduko gara gure ametsetara: erreferente bilakatu nahi dugu Euskal Herrian”.
Aurtengo kultura-aldia marka guztiak haustera dator. Horretako, antolakuntzako lagunek ongi landu behar izan dute lurra: “Aspaldidanik, euskal kulturgintzan kezka zegoen, produkzioa nahiko desorekatutzat jo-tzen baitzen. Izan ere, dena gertatzen zen udazkenean, hots, Durangoko azokari begira”. Horrenbestez, gainerako urtaroetako hutsune hori betetzeko helburuarekin hasi ziren lanean: “Pentsatu genuen udaberrian jaialdi bat antolatu behar genuela, bai euskal kulturgintza, bai euskal kultura ikusgai bilakatzeko”.
Modernotasunaren argi izpiek emango diete energia lorategiko liliei. Sustraiek, berriz, ohituren eta tradizioen elikagaiak xurgatuko dituzte. Izan ere, jaialdiak Anton Abadiak XX. mendean sortutako Lore Jokoak ditu oinarri. “Euskal kultura gainerakoen pare jartzeko antolatu zituen Urruñan (Lapurdi) lehenengoak, euskarari eta gure kulturari prestigioa emateko xedez”. Mende bat igaro ostean, esan daiteke antolatzaileek Abadiaren lekukoa hartu dutela: “Lore Joko haien bertsio modernoa egin nahi dugu” azaldu du Agirrek.
Bilbo hiriak lotura estua dauka modernotasunarekin, eta horregatik iruditu zaie egokia jaialdia Bizkaiko hiriburuan antolatze. “Mundu mailan, Bilbo kulturaren erreferenteetako bat bihurtu da, eta modernotasun horren baitan kokatzen dugu kultura-aldia. Euskaraz eginiko kultura dugu abiapuntu; ez atzera begira, aurrera baizik. Gaurko euskal kulturaren bilgunea izan nahi du festibalak, azken ekoizpenen plaza eta erakusleiho bihurtu nahi dugu hiria”. 
Zabala eta oparoa
Iazko Loraldiak usain gozoa utzi zuen hirian. Hala, aurten hainbat elkarte eta fundazioren laguntza jasota, ia hilabeteko egitarau zabal eta oparoa antolatu dute. Ideiak garbi dituzte: “Hasieratik esan genuen kultura oso modu irekian ikusten genuela” azpimarratu du Agirrek. Filosofia horri eutsita, hogeita hamaika ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte, non iraganak, orainaldiak eta geroak elkarri emanen dioten eskua.
Horren adibide garbia da lehenengo eguna. Apirilaren 9an zabalduko dituzte lorategiko ateak, eta tradizioa eta modernotasuna uztartuko dituzte festibalari ongietorria emateko: batetik, Joxemiel Bidador Pastorala taularatuko dute, eta, bestetik, kaleko arteei eskainitako gaualdia antolatu dute gazteei begira. Besteak beste, Euskal Herriko II. Beatbox Txapelketa, Nizuri Tazuneriren euskarazko rapa, DJ Kanaky, La Basu edota Raycoren (Norte Apache) taldeek hartuko dute parte hitzorduan. Agirrek azaldu legez, bat egin dute Jorge Oteizak maiz erabiltzen zuen traineruaren filosofiarekin: “Atzera begira gaude aurrera egiteko, hau da, aitzinera jotzen dugu, modernotasunera, baina iragandako urteetan zer izan ginen eta zer egin genuen begi-bistatik galdu gabe”. 
Elkarlanak ureztatuko ditu loreak. “Hainbat ekitalditan, guk geuk bultzatu dugu elkarlana. Esaterako, Anari eta Maddi Oihenart elkarrekin jarri ditugu lanean. Bi mundu desberdin dira: batak, Azkoitikoak, folk-rockaren bidetik egin du aurrera, eta besteak, Zuberoakoak, folk-jazzarekin du lotura”. Egun berean, hau da, apirilaren 15ean, literatura eta musika bateratuko dituen lilia usaintzeko parada izanen dute ikus-entzuleek, Harkaitz Canok eta Musergok prestaturiko Porto ikuskizunari esker.
Bide horretan, mundu mailako estreinaldiek leku berezia izanen dute. Horien artean, esaterako, Maite.K ikuskizuna nabarmentzen da. “Pier Paul Berzaitz gidari, Joxean Goikoetxeak, Juhane Dasconek eta Kukai dantza konpainiak osatutako taldeak zazpi emakumeren bizitzako pasarteak plazaratuko ditu, kantua, musika, irudia eta dantza elkartuta”.
Horiek egitarauko ekitaldi batzuk baino ez dira. Apirilean, hamaika kultur diziplinak osatuko dute Bizkaiko hiriburuko lorategi kulturala: ohiko espezialitateek (arte eszenikoak, zinema, dantza), musikak zein hainbat formatutako ikuskizunek. Loraldia amaitu ostean, Euskal Herriko gainerako hiriburuetara zabaldu nahi dute udaberria. “Sare bat josi nahi dugu, eta sortu ditugun kultur ekoizpenak Euskal Herrian barrena zabaldu. Izan ere, jaialdia Bilbon egiten dugu, baina Euskal Herriari begira dago”. Era horretan, Euskal Herriko hiriburu zein herriak euskal kulturgintzaren usain gozoaz jantziko dira. Udaberria hastear dago.

egitaraua