Memoriaren izpiak iluntasunean

sartaguda

Aurten, 80 urte beteko ditu Sartagudako sarraskiak. 1936an, Gerra Zibilak gorriz margotu zuen herriaren izena: 84 herritar fusilatu zituzten eta 40 emaztetik gora utzi zituzten alargun, zigor latzak sufritzera kondenatuta. Gertakariek bizirik jarraitzen dute herritarren oroitzapenean. Arkaitz Almortza.

Askatasuna eta berdintasuna aldarrikatzea. Horixe izan zen Sartagudako herritarren delitua. Izan ere, gehienek lur zati bat eskatzen zuten etxera ogia eramateko, eta horregatik zigortu zituzten bortizki. Beste batzuek, berriz, gizarte justuagoarekin egiten zuten  amets. Ez dago beste azalpenik. Dena den, gertakari haiek hobeto ulertzeko, iraganera jauzi egin beharra dago, 1931. urtera, hain zuzen ere. Garai hartan, 1.200 lagun inguru bizi zen Ebro ibaiaren ertzeko herrian. Egoera nahiko paradoxikoa zen: oso lur emankorrez inguratuta egon arren, pobrezia zen nagusi herritarren artean. Izan ere, Sartagudako lurrak duke batenak ziren, eta administrari batek kudeatzen zuen haren jabegoa herritarrei lursailak alokatuz. Oso baldintza kaxkarretan egiten zuten lan nekazariek, egunsentitik gauera arte.
Txirotasunaren atzaparretatik ihes egitea zen bizilagunen ametsa. Horregatik, 1931ko hauteskundeetan sozialista errepublikanoak udalera iritsi zirenean, Dukeari lursailak aldarrikatu zizkioten premia larrian zeudenentzat. Ez zen batere lan erraza izan. Halere, oztopoak oztopo, pauso txikiak ematea lortu zuten. Horixe izan zen hurrengo urteetako udal ezkertiarren erronka (1942an, Nafarroako Diputazioak dukearen lurrak bereganatu eta herritarren artean banatu zituen). Sartagudako udaberria hasi zen. 
Askatasunaren haizea nagusitu zen Errepublikaren urteetan. Navarra 1936, de la esperanza al terror (Altaffaylla, 1986) liburuak adi-tzera ematen duenez, testuinguru horretan hainbat talde sortu ziren herrian, besteak beste, UGT eta CNT sindikatuak edota Ezkertiar Errepublikanoak eta Gazteri Sozialistak erakundeak. Azkeneko horiek gai sozialak lantzen zituen antzerki talde bat sortu zuten eta emanaldietan biltzen zuten dirua premia gorrian zeuden familiei ematen zieten. Bestelako jendarteak zeharkatu zituen herriko ateak. Ezkontza zibilak egiten hasi ziren, eta bataioen kopuruak nabarmen egin zuen behera. Oso esanguratsua da ondokoa: haur jaioberri askori Askatasuna, Berdintasuna, Aurrerapena… izenak jarri zizkieten.
Alabaina, gutxi iraun zuen udaberriak. 1936an Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi eta gutxira, hodei beltzez bete zen herriko zerua. Gerra Zibilaren ekaitza lehertu zen. Egun batetik bestera, txapel gorriak eta Guardia Zibileko agenteak gailendu ziren Sartagudan. Altaffayllaren liburuak azaltzen duenez, bizitzaren eta heriotzaren jabe berriak ziren, eta herritarrek kontu eman behar izan zieten iraganagatik. Uztailean hasi ziren lehen atxiloketak.
Paz Morenok hiru urte besterik ez zuen aita atxilo eraman zutenean. Oso istorio berezia da berea. Aitaren familia osoa eskuindarra zen, baina aita ez. “Aita, Martin Moreno, arotza zen, eta UGT sindikatuko kidea. Nire nebekin kalean zegoela, atxilo eraman zuen Guardia Zibilak inolako azalpenik eman gabe. Egun hartan ikusi genuen bizirik azkenekoz”. Lau hilez izan zuten preso Moreno. Bitarte horretan, sarritan idazten zuen etxera: “Oraindik gordetzen ditut aitaren eskutitzak; berriz ere askeak izatea zuen amets”.
Sorgin ehiza hasi baino ez zen egin. Abuztuan atxilotu zuten Julio Sesmaren  (Alargunen Elkarteko presidentea) aita. Paz Morenorenaren antzera, UGTko kidea zen Andres Sesma. “Albo batean utzi dugu fusilatu hitza, izan ere, gure aitak erail egin zituzten. Aurretik ez zuten inolako epaiketarik izan, ez Sartagudako bizilagunek, ezta Nafarroa osoan hil zituztenek ere”. Herrialdean ez zen gerra fronterik izan; haatik, 3.400 herritar baino gehiago erail zituzten.
Alimaleko errepresioa sufritu zuen Erriberak. Herri guztien artean, Sartagudak pairatu zituen gerraren ondorio krudelenak: guztira, 84 herritar hil zituzten. “Bizitzarekin ordaindu zuten lursailak aldarrikatu izana” azaldu du Sesmak. Datuak ikaragarriak dira: 25-29 urte bitarteko gizonen % 41 hil zituzten, eta 30-34 urte bitartekoen % 49. “Aitarekin batera, lau osaba hil zizkidaten, eta aitona preso eraman zuten Zaragozara; gerora, aske utzi zuten”.
Frankismoaren erauntsiak 30eko hamarraldian ereindako gizartea suntsitu zuen. Ezkontza zibilak deuseztatu eta herritarrak elizan ezkontzera behartu zituzten. Gauza bera egin zuten bataiatu gabeko haurrekin, eta izen aurrerakoiak zituztenak deitura aldatzera behartu zituzten. “Ez dut inolako zalantzarik: salaketak herritik atera ziren” dio Sesmak. Garaiko testigantzen arabera, administrariarekin harremana zuten lagun asko ibili omen ziren sorgin ehizan. Esanguratsua da Paz Morenok aipatzen duena. Antza, osaba behartu zuten fusilatuko zituztenak eramaten zituen kamioiko gidaria izatera, eta behin zera esan zuen: “Hiltzaileen artean asko falangista jantzitako apaizak dira”. Zigor politikoa ere sufritu zuen herriak: UGT eta CNT sindikatuko kideak jarri zituzten jomugan, eta Eustaquio Mangado alkatea (PSOE) eta udaleko zinegotziak hil egin zituzten.
Gerrak triskantza ekarri zuen Sartagudara; gerraosteak, berriz, infernua: errepresioaren sugarretan erre zituzten emakumeak. 1935ean, 40 urtetik beherako alargun bakarra zegoen herrian; 1940an, berriz, 40 . Hortik datorkio Alargunen Herria izena. “Ez ziren alargun geratu, alargun utzi zituzten” azpimarratu dute biek. Hunkitu egiten da Moreno amak nozitutakoa gogora ekartzen duenean: “Denda bat zuen. Faxistek atea bota eta guztia eraman zuten. Aldi berean, gainerako emakumeei bezala, ilea moztu eta errizino-olioa eman zioten”. Publikoki umiliatu zituzten herriko emakumeak. Bortxaketak ere izan zirela uste du Sesmak: “Ondoko herrietan, hainbat emazte bortxatu zituzten. Ziur gaude Sartagudan ere halaxe gertatu zela, baina ez dugu ziurtasun osoa, emakumeek sufrimendua eurentzat gordetzen baitzuten”.  
Errepresioaren haize ufadei aurre eginez jo zuten aurrera. “Hiru seme-alaba txikirekin utzi zuten ama” dio Sesmak. Hilabete gutxi zituen berak. “Gerra ostean, makina bat zorigaitz ezagutu genuen” erantsi du. Halere, emakumeek, inolako laguntzarik jaso gabe, bakarrik atera zituzten aurrera beren familiak. “Soroan ere eskuindarren zapalkuntza pairatzen zuten; besteak beste, ureztatzeko ura mozten zieten”. Biktimek eta borreroek elkarren ondoan bizi behar izan zuten herrian. Izuak mutu utzi zituen bizilagunak. “Galtzen ikasi genuen”. Ez zuten beste aukerarik izan. Paz Morenok zera dio: “Izeba batek amari esaten zion aitak izena aldatuta  egin zuela ihes. Engainaturik izan zuten gajoa. Halere, amak egunero behartzen ninduen amona ikustera. Jasan zuena jasanda ere, harreman ‘normala’ izan zuen aitaren familiarekin. Arraroa da, ezta?”.
Lau hamarraldi iraun zuen ekaitzak. Frankismoa amaitu ostean, herritarren gorpuak lurpetik ateratzen hasi ziren 1978an. Ez zen batere lan samurra izan, leku ezberdinetan baitzeuden lurperaturik: “Askotan, hilotzak non zeuden jakin arren, jendea ez zen ausartzen hitz egitera, beldurrak jota zeuden”. Halere, ezina ekinez egin eta gorpuak berreskuratu zituzten. Guztienak batena izan ezik. “Aita Ausejon (Errioxa) lurperatu zuten. Gorpuzkiak berreskuratu nituenean, amari eman nizkion. Zeharo hunkitu zen; horixe izan zen bizitzan egin nion oparirik politena, ez dut inoiz ahaztuko” dio Sesmak.
Fusilatuei betiko argia
Ostartea iritsi zen Sartagudara. Halere, ez zen batere gozoa izan iluntasunetik argitasunera egin zuten bidea. Bizilagunek egiari mozala kendu nahi izan zioten, gertatutakoa argitzeko xedez. Lan horretan aitzindaria izan zen Jose Maria Jimeno Jurio. Sartagudako gertakariak ikertzen hasi zen 1978an; haatik, hasitako lana bertan behera utzi behar izan zuen, Triple A talde faxistak heriotzarekin mehatxatu baitzuen. Horrenbestez, bildutako informazioa Tafallako Altaffaylla Kultur Elkartearen esku utzi zuen. 2005ean, Jimeno Jurioren seme Roldanek aitaren lana Fernando Mikelarena idazleari entregatu zion, eta bildutako informazioa liburu batean argitaratu zuten 2008an.
Sartagudako triskantza herriko historia hurbileko pasarterik latzena izan zen. Hala ere, benetan larriena gertakariak ezkutatzeko egindako saiakerak izan dira. Ahanzturan lurperatu zituzten herritarrak, memoriaren haziak izango zirela ohartu gabe. Azken hamarkada hauetan, hamaika jarduera egin dituzte herrian oroitzapenaren bidean, baina, batez ere, eraiki duten parkea da garrantzitsuena. Alargunen Herria Elkarteak eta Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak bultzatuta (babes instituzionala ere jaso zuen), frankisten eskutik hil ziren nafarrak omendu nahi ditu 6.000 metro koadroko berdeguneak. Nabarmenak dira, adibidez, Joxe Ulibarriaren eta Nestor Basterretxearen eskulturak, edota hainbat idazleren gogoetak biltzen dituen txokoa. Baina, batez ere, parkearen bihotzean dagoen hormak hunkitzen du bisitaria: Nafarroan betiko ezabatu nahi izan zituztenen 3.445 izen-abizenak ditu idatzirik. Jose Ramon Martinez Sartagudako alkatea zen parkea inauguratu zutenean: “Oso garrantzitsua da ezagutzea zer gertatu zen Nafarroan. Herritarrek egia jakin behar dute”. Datorren hilean, oroitarria ipiniko dute parkean Frankismoaren basakeriak sufritu zituzten emakumeen omenez: “Zorretan ginen haiekin”. 
Hil gutxi barru, laurogei urte beteko dituzte gertakariek. Biktimen seme-alabek oraindik ez dute inolako azalpenik jaso, ezta barkamen eskaerarik ere, eta ez da justizia egin. Herrian, oraindik, gaiak barrenak mugitzen dizkie batzuei, eta eskuindar askok beste alde batera begiratzen jarraitzen dute. Une honetan, garrantzitsuena da frankistek hildakoen memoria luzaroan irautea. Horregatik, memoriaren lekukoa utzi nahi diete gazteei; dagoeneko hasi dira jasotzen ahanzturaren lurpetik sortutako zuhaitzen fruituak. Hil hauetan, adibidez, dokumentala prestatzen ari dira testigantzak bilduta. Lanarekin harro daude Paz Moreno eta Julio Sesma: “Inportantea da ezagutzea zer gertatu zen, halako basakeriak ez daitezen berriro gerta”. Horixe da, hain zuzen, etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi dieten mezua: halakorik inoiz ez, inon ez, inori ez. Hala bedi.