“Izena izatea da garrantzitsuena”

arroitajauregi

Ander Arroitajauregi

Goiz batean, maisuak esan zion ikasleari: “Begira, egur pusketa eder hau utziko dizut eta zuk Ama Birjina aterako duzu hortik”. Utzi zuen lanean eta heldu zien bere zereginei. Egunaren bukaeran itzuli eta bota zion: “Arratsalde on, Ismael! Zer moduz doa Ama Birjina hori?”. “Arratsalde on, maisu!”, erantzun zion izerdi patsetan, eskuak odolduta eta egurra txiki-txiki eginda zituela, “Oraindik ez da agertu, baina zaude lasai, hemen badago aterako da-eta!”. Ahalegina, behintzat, ezin zaio ukatu aurreko txistearen protagonistari. Ander Arroitajauregi eibartarrari, berriz, ez ahal zaio antzekorik gertatuko! Berak ez baititu Ama Birjinaren irudiak egiten, harizko musika instrumentuak baizik. Mikel Arrillaga.

Eibarko erdialdetik hurbil dauka lantegia Arroitajauregik. Lekuari aroztegi itxura hartzen zaio hasieran: lan egiteko mahai parea eskuinaldean, egurra lantzeko tresna ugari han-hemenka, hainbat egur mota bazterretan… Berehala ikusten da, ordea, ez dela zurgindegia; egur, lanabes eta enparauekin batera baitaude biolak, txeloak, biolinak, arkuak… Luthier profesional baten tailerra da orain aurretik zapata-denda izandakoa. 
Munduan zehar
1992an hasi zuen Arroitajauregik bidea. Orduan, flauta jotzen zuen eta, Bilboko kontserbatorioan horretan trebatzen ari zela, arreba gazteak eman zion Euskal  Lutheria Eskolaren berri. Hiru urte egin zituen bertan, eta ondoren Ingalaterrara joan zen espezializazioa egitera. London Guildhall Universityn eskuratu zuen 1997an Higher National Diploma. Titulua besapean, Frantziara jo zuen maisu batengana, ikasitakoak praktikan jartzeko  asmoz. Izugarri ikasi zuen han, batez ere lanean abiadura hartzen, enkarguak hitzartutako epeen barruan burutu behar baitziren. Handik Eibarrera itzuli eta lehenengo lantegia 1998an jarri zuen, arkitekto eta margolari batekin batera. Orain, aldiz, bakarrik egoten da bere bigarren tailerrean.
Barrokoak eta modernoak
Barroko eta Errenazimentu garaiko instrumentuetan da espezialista, baina duela lau urte hasi zen modernoak ere egiten.  Bere hitzetan, “mekanika aldetik dena da berdina: egurra tolestu, itsatsi eta sokak jarri. Kaxa bat, giderra eta sokak. Aldea da modernoetan sokak metalezkoak izaten direla eta barroko garaikoetan, aldiz, ardi eta ahari tripekin egindakoak”. Egur motari dagokionez, izeia eta astigarra erabiltzen ditu; estalki harmonikoa egiteko lehenengoa; eta gorputzerako, bigarrena. 
Gaur egun, Europako kontserbatorioei saltzen die asko. Instrumentuak Txinan erosten ditu eginda eta hemen muntatzen ditu.  “Ikasleek zerbait merkea behar izaten dute, guztiak dabiltza-eta berdin: diru gutxirekin. Beraz, hobeto ateratzen zaie nik muntaketa baino ez egitea. Hagara eta Krakoviara bidali ditut azkenak”. Pare bat hileko lana izaten da hori eta nahiko erraz egiten du.
 Bestelakoa izaten da musika tresna bereziren bat egiteko eskaera  jasotzea. Hori gertatzen denean, “komenigarria izaten da jatorrizkoa eskura izatea, baina hori ez da inoiz gertatzen. Orduan, non dagoen jakin eta bertara joan behar izaten dut instrumentua neurtzera eta eskema edo planoak egitera”.  Arroitajauregik gogoan du behin lirone (lira handia) bat egiteko eskatu ziotela. “Oso berezia da. 12 soka ditu eta akordeak jotzeko  erabiltzen da, besteen lagungarri. Gaur egun, oso gutxi geratzen dira, eta egiazkotasunaren arazoa ere badago. Nire beldurra zen XIX. mendeko faltsifikazioa kopiatzea, XVII.ekoa zelakoan. Horregatik jo genuen Erin Headley adituarengana. Haren laguntzaz aurkitu genuen benetako lironea Pietro Mola margolariaren koadro batean, eta hura oinarri osatu genuen eskema. Gainera, atzealdea ez zenez ikusten, ez genekien kurbaketarik zuen edo laua zenLan zaila izan arren, lortu genuen soinu ona ateratzea”.
Izenaren garrantzia
Lan horri eta beste askori esker lortu du izen ona Arroitajauregik. Izan ere, Europan ezaguna da musika tresna barrokoen esparruan, eta horrek balio dio jendeak ezagutzeko eta berarengan konfiantza izateko. “Garrantzitsuena da izena izatea. Stradivarius edo Guarneri batek milaka milioi balio dezake, ziurtagiria eta etiketa baldin baditu, baina markarik eduki ezean, ez du ia ezer balioko; eta tresna biek atera dezakete oso soinu ona”.  Entzutetsua izateak diru kontuetan ere laguntzen du, adibidez, prezioa ezartzeko orduan. Anderrek dioenez, gamba-biola, esaterako, 7.000 euro inguruan dago, sinple samarra izanez gero. Enkarguzkoak, berriz, garestiagoak izaten dira, eta apainduraren arabera asko igo daiteke prezioa. “Gero gertatzen da lan egindako ordu guztiak ez dituzula kobratzen”. Bestalde, barrokoetan sokak eta arkuak hartu behar dira kontuan.“Soka bakoitzak 90 euro balio dezake, eta sei sokadun joko batek 300. Arkuak ere oso garestiak izan daitezke, milaka eurokoak ere badaude, batzuetan urrea edo zilarra izaten baitute”.
Bilboko Lutheria Eskola
Egun, Arroitajauregi irakaslea da Bilboko Euskal Lutheria Eskolan. 2014an hasi zen lan horretan. Hiru urteko ikasketak dira, beste urtebetez luzatu ahal izanda.  Biola, biolina eta txeloa egiten, konpontzen eta apur  bat jotzen ere irakasten dute bertan, “akustikari ere garrantzia ematen diogulako”.  Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga musika kontserbatorioan ikas daiteke lutheria, baina kanpora joateko aukera ere badago Erasmus bekari esker; horrez gain, praktikak egiten dira Madrilen edo Alemanian. Eskolari buruzko informazio gehiago nahi duenak www.bele.es webgunean topatuko du; izan ere, laster hasiko da matrikulazio aldia. 
Ikasleak ez ezik, Arroitajauregi ere askotan ibiltzen da hara eta hona. Martxoaren 12ko asteburuan, Sevillan izan zen azoka batean, eta 18koan, berriz, Bruselan hitzaldi bat ematen. Instrumentu txiki batekin joan zen Sevillara, tresna asko eta handiak eramatea oso garestia eta ezerosoa baita. “Batez ere, jendearekin egotera joaten naiz: hitzaldietan parte hartu, garagardo batzuk edan lagunekin, jendeak egiten duena ikusi… Lehen, oso mundu itxia zen gurea, sekretuz betea, baina orain asko zabaltzen ari da”.