“Taula gainean egoteko, irabazi egin behar da lekua”

gabarain

Ane Gabarain (Donostia, 1963) euskal aktore ezagunenetakoa da. Arte Dramatiko Ikasketak egin zituen Antzertin eta Deklamazioa Donostiako Udal Kontserbatorioan. Zineman, telebistan eta antzerkian aritzen da. Maritxu da Antena 3 kateko Alli abajo telesailean; eta Aurora, protagonista, Maitasunaren ostean, maitasuna lanean (Donostia antzerki saria jaso berri du obrak Antzerkiaren Nazioarteko Egunean). M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Nazioarteko eguna behar dutenek gabeziaren bat izan ohi dute. Zein da antzerkiarena?
Batez ere, laguntza eta azpiegitura falta; eta kultur heziketa urria, antzerkiaren kasuan are urriagoa. Dena den, handitasuna ere badu antzerkiak, hainbeste Internet eta hainbeste sare edukita gaur egun, eskertzen da benetako zerbait ikustea, aktoreak aurrez aurre taula gainean, istorio bat kontatzen.
Pentsatzekoa da orain eskatuko dizuetela Maitasunaren ostean, maitasuna berriro taularatzea...
Eskatuko ahal dute! Egia esan, obrak oso harrera ona du, baina euskaraz eta gaztelaniaz egin arren, oso emanaldi gutxi eskaini dira. Ez dakigu zergatik, agian gaia gogorra delako (alzheimer gaixotasuna du protagonistak)... Pena handia daukagu horregatik. Orain, sariaren harira, ea udalak eta antolatzaileak gehiago animatzen diren. Horretarako, behintzat, beharko lukete sariek.
Zertarako gehiago balio dute?
Poz handia ematen du ikusteak zure lana, batzuek, behintzat, balioetsi egin dutela. Horrez gain, 10.000 € dira, oso baliagarriak konpainiarentzat. Gaur egun, gainera...
Ados teatrorekin Maitasunaren ostean, maitasuna. Allí abajo telesaila Antena 3 katean. En2do konpainiarekin Pim, pam, fuera!. Monolokos bakarka... Gaur egun enpleguaniztuna izatea ondo ikusia dago?
Ez da enpleguaniztasuna, antzerkia egitea baizik. Oso tristea da enplegu anitz eduki beharra. Hain emanaldi gutxi ateratzen direnez, emanaldiak lortzea hain zaila denez, dibertsifikatu beharra dago. Hala ere, lau edo sei emanaldi egiten dituzu hilean! Dena den, gustatzen zaigu egiten duguna, bokazioa dugu eta gustura hartzen dugu.
Nola lortzen duzue horrenbeste lanetako elkarrizketak buruan edukitzea?
Gero eta zailagoa da, ez pentsa! Gainera, gaztelaniaz eta euskaraz! Lehen, testu bat ikasi eta handik urte batzuetara ere gogoratzen nuen, baina orain ikasi eta handik bi egunera, akabo! Gogorragoa da emanaldi gutxi egiten direnean, jakina. Hilean behin, edo bi hilean behin, eginez gero, emanaldi bakoitza estreinaldia da. Halere, ofizioa da, baditugu trikimailuak testuak ikasteko eta gogora ekartzeko.
Monolokos: bereziki ausarta izan behar da oholtzara bakarrik igotzeko?
Nahiko ausarta, bai, bertigo handia ematen du. Bakar-bakarrik zaude, denbora tarte luzean eta, testua ahazten bazaizu-edo, ez duzu beste aktoreen babesik. Lagunekin egonda, lapsus bat izaten badut, norbaitek esango du zerbait eta aterako naute atakatik, baina bakarrik egonez gero... Ausardia behar da, bai, baina beti umiltasunez. Taula gainean egoteko, irabazi egin behar da lekua.
Batez ere umorearen bidetik aritu izan zara lanean, baina saria jaso duen obra hau tragikoa da...
Drama da, baina badu bere puntu umoretsua ere. Alzheimer gaixotasuna oso mingarria da, baina komikoa ere bai, gai guztiak bezala. Mina egon arren, alde umoretsurik gabe, bizitza hau jasanezina izango litzateke. Horri heldu diogu.
Zein erregistrotan sentitzen zara erosoen?
Tragikomedia gustatzen zait ikaragarri, horretan disfrutatzen dut gehien. Txanpon baten bi aldeak dira, obra bakar batean.
Antzokiak errazago betetzen dira komedia eskaintzen bada. Jendeak barre egiteko beharra du?
Komedia errazagoa da publiko zabalarentzat, baina zenbait ikusleri gustatzen zaie antzokian negar egitea edo hunkitzea, denetarik dago. Gauza bera gertatzen da telesailekin eta zineman. Zein dira film arrakastatsuenak? Bada, Ocho apellidos vascos eta horrelakoak, normalean komediak. Nik genero hori oso gustura egiten dut, baina antzerkian saiatzen naiz beste batzuei ere heltzen. Eta jendeak erantzuten du, nabaria da komedia ez den zerbait ikustera joaten den jende gutxi horrek ere oso ondo pasatzen duela.  Gozatzeko, ez da beharrezkoa 70 minutuz barreka egotea; nik, behintzat, ez dut hori behar. Esfortzua, agian, jendea erakartzea da, ikusleak etortzea. Hori, azken finean, heziketa da. Txikitatik erakutsi behar zaio jendeari antzerkia kultura dela; beste herrialde batzuetan antzerkia oso finkatuta dago kulturaren barruan, baina hemen oraindik ez.
Nori dagokio euskal antzerkia sustatzea, antzokiak bete daitezen?
Denoi. Gobernuak, erakundeek, ikusleek, langileok... den-denok daukagu ardura hori.
Ikusle harrobia sortzeko, zer ikasi beharko lukete eskolan umeek?
Hori ez dakit, ni aktorea naiz. Herrialde askotan egiten denez, ez dut uste hain zaila izango denik. Horretarako profesionalak egongo dira, antzerkia zer den azaltzeko umeei, beraiek ere antzerkia egin dezaten, antzerkia ikusten ikas dezaten... egongo dira metodologiak. Egiteko nahia besterik ez da, baina ez da egiten.
Ez dago borondaterik?
Ez behar adina. Pixkanaka, gero eta gehiago egiten da, baina gutxi oraindik ere. Pentsatzen dut hemendik 40 urtera-edo ikusleen zaletasuna handiagoa izango dela... Edo hori pentsatu nahi dut, baina auskalo!
Pasa den hilean dFeria izan zen Donostian; euskarazko lanak, % 20. Egokia da euskararen proportzioa?
Nire ustez, bai. Zoritxarrez, nahi baduzu, baina bai. Ikusle gehiago mugitzen da gaztelaniazko lanetan, orduan... % 20-30 ondo dago. Saiatzen gara euskaraz egiten, eta saiatzen dira euskaraz programatzen. Euskal ikusleen kopurua gora egiten ari da.
Antzerkiaren inguruan dabiltzan pertsonak, taldeak, eskolak... saretu beharra ikusten du Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak. Nor bere aldetik zabiltzate?
Baliteke. Halere, nik 52 urte ditut eta asko borrokatu naiz. Hemendik aurrera ere, borrokatu behar bada, egingo dugu, baina jende gazteak ere hartu behar du lekuko hori, eta inplikatu. Egia da denok bat hartu beharko genukeela, nondik nora joan nahi dugun ikusi, indarrak bideratu eta elkarrekin egin aurrera. Fundamentuzko bidea asmatu, ze bestela...
Goenkaleren ondoren, ETB Aitaren etxea telesailarekin saiatu zen, orain Eskamak kentzen... Nahikoa da telebista publikoaren ahalegina bere ekoizpenak sortzeko?
Argi dago ezetz! Fikzioan oso gauza gutxi egiten da, apenas ezer. ETB, erakunde bezala, gero eta ahulagoa da, edukiak gero eta pobreagoak, ikusleak gero eta gutxiago… gaur egun, oso gutxi. Fikzioa egiten dugunontzat basamortua da! Aktoreok beste leku batzuetara jo behar izaten dugu lan bila. Erabateko berrikuntza beharko luke funts-funtsetik hasita! Urteak darama-tzagu horren zain, baina ez da halakorik gertatzen. Gizarte batean telebista  publikoa gaixorik egotea oso sintoma txarra da… enfin! Hala ere, esperantza ez dugu guztiz galduko!
Goenkalek eta Alli abajok lortu dute. Non dago telesail baten gakoa jendea pantailara lotzeko?
Misterioa da, ez dakigu. Jakingo bagenu, beti asmatuko genuke, baina oso gutxitan asmatzen da. Goenkale oso serie kostunbrista izaten hasi zen, eta ikusleen fideltasuna lortu zuen. Alli abajo, berriz, nahiko duina da errealizazio aldetik, eta ez du pretentsiorik. Topikoak dituenez abiapuntu umorea egiteko, publiko askorengana iristen da.

KOLKOTIK

Zer gustatzen zaizu ikusle moduan?
Ia dena; ona baldin bada, dena. Edozer kontsumi dezaket.
Aktore izan ez bazina, zer? Ez dakit...  Agian, Arte Ederrak egingo nituen, edo supermerkatuko kutxazaina...
Zergatik ez duzu Facebookeko profila 2014tik elikatu? Desastre hutsa naizelako gauza horiekin.
Gustura jokatuko zenukeen pertsonaia klasikoa? Greziar tragedia bateko edozein. Edo Shakespeareren edozein pertsonaia, emakumezkoa zein gizonezkoa.
Euskara ikasteko bi arrazoi? Bata, hizkuntza polita, berezia eta arraroa dela. Bestea, Bi eta bat telesaila ikusiz disfrutatzeko.
Beste bi aktore izateko? Oso jende jatorra ezagutzen da. Lankideak asko maite ditut, eta oso maitatua sentitu naiz lanbidean daramatzadan hogeitaka urteotan. Bestalde, neure txikitasunetik, mundua nolabait alda dezaket, utopia landuz, hori dauka fikzioak.
Egia da kolore horiak zorte txarra ematen duela? Ni lasai-lasai ateratzen naiz agertokira horiz jantzita, baina, lankideren batek eskatuz gero, jantzia aldatzen dut.
Lanerako, zein nahiago duzu, zinema, antzerkia ala telebista? Proiektua interesgarria iruditzen bazait eta gutxieneko kalitatea badu, hiruretan disfruta dezaket. Halaber, hiruretan sufri daiteke asko.
Noren zuzendaritzapean jardungo zenuke pozik? Argentinarren batekin… beharbada, Ricardo Darinekin.
Zerk alaitzen dizu eguna? Edozerk. Lobekin tartetxo bat igarotzeak, paseotxo batek, kafetxo edo ardotxo batek... Oso sinplea naiz.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? ETBk % 30eko audientzia lortu duela fikziozko saio batekin.
Kazetariek behin eta berriz egiten dizuten galdera? Zinema, antzerkia ala telebista? Kar-kar!
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Gauza on eta txar asko, baina ikasten ari naiz neure burua hobeto tratatzen.
Zerk ematen dizu lotsa? Barregarri geratzeari beldur handia diot, eta, oso despistatua naizenez, erraz asko sartzen dut hanka. Norbait ez ezagutzeak eta halakoak.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan? Jogurtak eta letxuga ustel pixka bat!
Zer izan nahi zenuen txikitan? Eguraldi iragarlea! Asko gustatzen zitzaidan hodeiei begira hausnartzen egotea, eta lana horretan zetzala uste nuen, kar-kar!
Eta orain zer ez duzu izan nahi? Eguneroko errutina behar duen lan bateko langilea. Beste gauza askotarako ere ez dut balio, adibidez, umeak zaintzeko, gustatu arren.
Zerk ematen dizu beldurra? Gaixotasunak, min fisikoak, eromenak, miseriak.
Bi hitzetan, nolakoa da Ane Gabarain? Bi hitzetan, nahiko normala, kar-kar!