Kaleko kulturak oholtzara Break On Stage jaialdian

stage

Hainbat dantza modalitate, kontzertuak, kirol diziplinen erakustaldiak... kaleko arteen adierazpide ugari batuko ditu 2016 Break On Stage jaialdiak apirilaren 16an, Bilbao Arenan. Aurreko ekitaldietan lez, bertoko eta nazioarteko artistek hartuko dute parte Elorrioko Arriola antzokiak antolatutako jaialdian. Besteak beste, aretoko breakdance modalitateko Europako txapelketa jokatuko dute Arcopom Crew, Team Shmetta, Crazy Hospital eta Legacy taldeek; eta Bost Urban Dance Competition delakoan lehiatuko dira hainbat talde: Fusion Noise eta Be-Hop bilbotarrak, Breathless iruindarrak, Bamboo Tribe donostiarrak... Txapelketez gain, dantza eta kirol erakustaldiak izango dira: Popping show dantza estiloa, BMX bizikletekin egiten den Flatland diziplina, akrobaziak patineteekin... Jaialdia amaitzeko, La Basu rap kantari bilbotarraren, Endikah barakaldoarraren eta ARCE galiziarraren kontzertuak izango dira 21:00etatik aurrera. Egitarau oso http://www.breakonstage.com/eu/ webgunean dago eskuragarri.


euspotGIPUZKOAKO barnealdeko turismoaren sustapena gaitzat hartuta, martxan da Euspot euskarazko spot lehiaketaren 5. edizioa. Horrenbestez, lehiaketan parte hartu nahi dutenek gai horri heldu beharko diote euren lanak osatzeko, betiere euskaraz eta asko jota 20-30 segundoko iraupenarekin. Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak eta Arteman Komunikazioa enpresak antolatzen dute lehiaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta helburu du euskarazko sormenean eragitea eta publizitate arloan euskararen erabilera bultzatzea. Lanak aurkezteko epea apirilaren 28an amaituko da, eta www.euspot.eus webgunean aurkeztu behar dira. Guztira, lau sari banatuko dituzte: spotik onenak 1.000 euro jasoko ditu; publikoaren sariaren irabazleak 500 euro; Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak beste horrenbeste; eta gazteen saria (14 eta 18 urte bitartekoentzat) eskuratzen duenak, 250 euro.

 

LABURREAN

EUSKARAZKO LANAK jasotzeko epea zabalik du Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren 8. Jaialdiak. Urriaren 13tik 26ra egingo da, eta antolatzaileek euskarazko lanak bidaltzeko deia egin dute. Euskaraz sortuak edota euskaraz azpititulatuak izan behar dute lanek, eta lau gairen ingurukoak: garapen iraunkorra, giza eskubideak, kulturartekotasuna eta genero berdintasuna. Film luze zein laburrak onartuko dituzte, eta maiatzaren 15a baino lehen bidali behar zaizkie, http://www.kcd-ongd.org/ gunean azalduriko prozedurari jarraikiz.


gizaLAND OF MINE (Martin Zandvliet, 2015) film daniarrak emango dio hasiera Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldiari. Apirilaren 15etik 22ra izango da, eta, ohi denez, emanaldiez gain, bestelako jarduerak ere izango dira: solasaldiak, erakusketak eta tailerrak, besteak beste. Aurten, esaterako, Human Rights Film Network (HRFN) giza eskubideen zinemaldien nazioarteko sareak Forum Europarra gauzatuko du San Telmo museoan, hilaren 15etik 17ra. Forumean parte hartuko duten HRFNko zinemaldi batzuek, gainera, zenbait film hautatu dituzte.