Mustang

mustang

Zuzendaria: Deniz Gamze Ergüven. Gidoia: Deniz Gamze Ergüven, Alice Winocour. Aktoreak: Günes Sensoy, Doga Zeynep Doguslu, Tugba Sunguroglu, Elit Iscan, Ilayda Akdogan. Frantzia-Turkia-Alemania, 2015.

Istorioa: Turkiako herrixka batean, bost ahizpa umezurtz  gelako mutilekin jolasean ibiliko dira hondartzan eskolatik irteterakoan. Berez jolas xaloa zena eskandaluzko portaera irudituko zaie zenbait herritarri, eta, ondorioz, bost ahizpen amona eta osaba haien jokaera bideratzen saiatuko dira, gizarte ikuskera atzerakoien irizpideei hertsiki helduta.
Sariak: Gamze Ergüvenek zuzenduriko lehen filmak sari sorta polita bildu du: Fran-tziako Zinema Akademiak banaturiko Cesar sarietatik lau jaso ditu, Europako film onenari Goya saria Espainian... Gainera, Oscar sarietan ingelesez besteko film onenaren saria jasotzeko hautagaia izan zen.
Onena: Emakumea gizonaren zeharo menpeko bihurtzen duen gizarte ereduaren salaketa irmoa egiten du filmak. Bost ahizpak dira pelikularen arima, eta horretan zerikusia du aktoreen lanak. Horri eta ongi josiriko kontakizunari esker, erraz ikusten da filma. Aise ikusteko bada, bai; ez, ordea, digeritzeko: drama gogorra da, eta, umore tanta bizigarriak izan arren, tragediarantz lerratzen da une askotan, ezinbestean. Istorio latza, baina, zorionez, itxaropenari zirrikituak zabalik uzten dizkiona.
Eñaut Mitxelena