Hogei urte Eraso!an

eraso

Banda zarauztarrak hogei urteko musika ibilbidea osatu du aurten, eta hori ospatzeko kaleratu du Kaiolatik ihes izeneko lana, Bonberenea Ekintzak-ek argitaratua (ekoizpenean, Karlos Osinaga Txap ibili da). Taldearen seigarren diskoak bederatzi kantu batzen ditu eta abestiok, forma aldetik antzekoak izan arren, ezberdinak dira beraien artean. Aipatzekoak dira, halaber, bateriaren eta baxuaren energia zein gitarren riff indartsuak. Emaitza, rock doinu gogor eta helduak. Hortaz, taldearen ezaugarriei leial eutsi diete; izan ere, lau urte igaro dira aurreko diskoa (Ez gara inoiz hilko) plazaratu zutenetik eta indartsu aurkeztu izan dute hura zuzenekoetan. Bestalde, gaietan landu dituzte galdutako denborari kritika, bidaia existentzialak, urteen joan-etorria, ametsak, memoria, paradisua... Sergek (ahotsa eta gitarra), Beitiak (bateria), Nestorrek (gitarra) eta Ibaik (baxua) osatzen dute talde beterano hau.


garilakGARILAK 26 erromeria taldeak Adrenalinaren zain (Baga-Biga) kaleratu du bere lehen diskoa. Sei abesti berri ditu eta, gainera, Mende laurden bonus tracka, Bilboko Eguzkizaleak konpartsaren 25. urteurrena ospatzeko propio sortu zuten abestia. Bizkaitarrek rockaren doinu zabalak jorratu dituzte lan honetan, baina guztiak ere trikitia, alboka eta albokotea protagonista direla. Horrela lotzen ditu taldeak euskal musika tradizionala eta rocka. Zenbait laguntzaile izan dituzte diskoa osatzeko: Xabi Solano (Esne Beltza), Pello Reparaz (Vendetta), Maria Rivero (Siroka, Hutsa), Zuriñe Hidalgo (Hesian), Urtzi Iza (Enkore) eta Txufo Wilson (Emply Files, Smoke Idols). Diskoa Ieltxu Gimenezek grabatu, nahastu eta masterizatu du. Bonus tracka, berriz, Jose Lastrak, Tio Pete estudioan.

 

beiraMARGOTU BERRIA
Beira
Baga-Biga, 2015

Taldearen bigarren diskoa da hau, hamar abestiz osatua. Ongi zaindu eta idatzitako letrak dira, rock erritmo eta melodia distiratsuez bustiak, bertso musikatuak. Ondorioz, musikak askotariko doinuak ditu, eta hitzak hamaika modutan irakurtzekoak dira. Gainera, zuzenekoetan, kantariaren bat-batekotasun gaitasunari esker, hitzak moldatuz eta  aldatuz joan daitezke. Taldeak hainbat musikariren laguntza izan du diskoa osatzeko; besteak beste, Alaia Belaunzaranek arpa jo du, Irati Odriozolak ahotsa sartu du eta Axular Arizmendik perkusioak egin ditu.

bidaiaBIDAIA
Zingira
Autoekoizpena, 2016

Bidaia batzuek arrasto berezia uzten dute, eta halakoa da Zingirak eskaintzen duena. Ez da ohikoa bidaia batez gogoeta egitean iragana eta oraina nahastea, ezta denboraren eta iraupenaren kontzeptuak alde batera uztea ere. Natura da disko honetan uneoro nabarmen dagoen ispilua, bizitzako pasarte honetan bidaide duguna. Pertsona bakarra dago lan honen atzean: luzaroan Sharon Stoner taldeko abeslari eta baxu jotzailea izandako Iñigo Ibarrondo. Berak josi ditu pieza guztiak sormen ireki eta aseezinaz, eta berak grabatu ditu instrumentu ia guztiak.