Oi! sendoa, ukitu berriak

orreagaAske izan arte 
Orreaga 778  
Mai-Mai Records 2015

Denbora luzea igaro da Orreaga 778 talde gipuzkoarraren aurreko diskoa orrialdeotan komentatu genuenetik. Lan berria plazaratu du duela gutxi, Aske izan arte, eta, betiko oi! sendoari leial mantentzen zaion arren, badaude zenbait berritasun: koruak eta melodiak gehiago landu dituzte (aurreko diskoko Nafarroa kantuaren moduko ereserkirik egin ez badute ere); zenbait kantutan abestiaren egitura aberastu eta bihurritu egin dute (Aurrez aurre); eta, batez ere, pare bat abestitan saxoa sartu izana da berritasun nagusia. Hitzei dagokienez, abertzaletasun sentimenduak eta Euskal Herriko historiaren inguruko kezkek jarraitzen dute izaten ardatz. Badirudi taldeak etenaldi bat egingo duela orain zuzeneko emanaldiei dagokienez, baina zaleak ase edukiko dituzte lan berri honekin.

Gotzon Hermosilla