Etxerako modukoak

idiotHalakoxea naiz, zer egingo diot bada! Txiki-txikitatik erakartzen naute errobotek eta  argitxoak eta motorrak dituzten traste guztiek. Eta harritu egiten nau duela 20 urte zientzia-fikziozko kontua zena egun eguneroko ogia izateak.
Hor daude, esaterako, gero eta etxe gehiagotan ikus daitezkeen errobot xurgagailuak. Ados, txikitan bestela imajinatzen genituen, giza itxurarekin eta... baina gauza da hor ditugula dagoeneko: etxea garbitzen laguntzen diguten makina autonomo eta (apur bat bai, behintzat) adimentsuak.
Urte hasieran Estatu Batuetako Las Vegas hirian izandako CES azokan, etxerako errobot gehiago aurkeztu dituzte, haietako batzuk etxerako modukoak, zalantzarik gabe. Bada Ecovacs izeneko etxe bat, adibidez, oso ideia erakargarriak dituena. Leihoak garbitzeko errobot bat sortu dute, besteak beste, WinBot izenekoa. Roomba baten modukoa da, baina gurpilen ordez bentosa moduko batzuk dauzka. Leihoetako kristaletan itsatsita geratzen da horrela eta, ttak, botoi bati emanda, berak bakarrik garbitzen ditu haietan gora eta behera ibiliz. Aukera ezin hobea etxe barrutik eskuz garbitu ezin diren kristal handi horietarako!
Beste bat, oso deigarria, Famibot izenekoa da. Gogoan duzue Star Wars filmeko R2-D2 errobot txikia? Tira, bada, haren tankerako zer edo zer da: zilindro moduko bat, gurpilen gainean ibiltzen dena, eta kamera, mikrofonoa eta beste hainbat sentsore dituena. Beste gela batean dauden umeak zaintzeko, etxeko tresna elektrikoak urrunetik piztu eta amatatzeko edo etxetik kanpo zabiltzanean etxea zaintzeko balio du. Famibot, besteak beste, gauza da konturatzeko etxean ezezagun bat sartu den, sua edo kea dagoen, ezohiko zaratarik dagoen... Eta halako ustekaberen bat gertatuz gero, telefonoz deitu ahal dio jabeari, abisua emateko.
Lastima (edo, beharbada, eskerrak!) oraindik oso garestiak direla gehienon poltsikorako!

Loturak, estekak, linkak...

http://ecovacs.com
WinBot eta FamiBot asmatu dituen enpresaren webgunea. Beste errobot bitxi batzuk ere aurki daitezke bertan.

http://zuzeu.com/2013/11/27/idiot-5-kalean-da-erosiko-du-ezta/
Bideo ederra benetan, errobotak gu geu ez ote garen pentsatzeko modukoa.

http://www.eitb.com/eu/audioak/osoa/873211/robotak-bertsotan-hitza-jolas/
Etxeko lanetarako soilik ez, bertsoak egiteko ere balio dute errobotek.

Joxe Rojas