Karanbola toxikoak

karanbolaAndoni Urzelai
Susa, 2015

Aitortzen dut: aurren-aurreneko esaldiak bultzatu ninduen Andoni Urzelairen lana irakurtzera. Gehienbat, whiskia eta zigarro mordoa nahasten dituelako, eta, eskuarki, horiez baliatzen diren pertsonaiak ilun samarrak izaten direlako, malenkoniatsuak, sarkastikoak, adar-jotzaile amorratu eta nahiko gaiztoak... koadrilako alaiena ez, behintzat. Zer esango dut, bada, bereziki erakartzen naute halako narratzaileen kontakizunek; agian izango da Bukowski zaharra ekartzen didatelako gogora...
Karanbolek ere era berean liluratzen naute, bizitzakoek: zoria tarteko jasotako emaitzek edota jasandako ondorioek; zer edo zer, nor edo nor, ukitu edo mugitu eta beste hainbestek ere aldaketa sumatzeak; ekintza bat egin eta eragina dozena bat bidetan hedatzeak... kasualitateak eta kausalitateak, biek berenganatzen dituzte nire interes eta arreta erremediorik gabe.
Hortaz, esan dezadan aretxabaletarraren istoriotxoek, tarteka elkarloturiko pertsonaia garratz zenbaiten gorabehera korapila-tsuek (batek berak ere ez du merezi bestelako adjektiborik), gizon eta emakume estutuen ahotik, ase dutela nire zaletasuna apaindurarik gabeko literatura irakurtzeko. Gauzak burura etorri ahala botatzea, paper-orrietan, bederen, ekintza laudagarri bezain askatzailea da; denok egin beharko genuke tarteka bene-benetan pentsatzen duguna idatzi. Ozenki esatea, beharbada, gehiegitxo litzateke-eta.
Usoa Alberdi Fernandez