Krimena eta delitua literaturan

ilustratu

Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdiaren IX. edizioa egingo da apirilaren 19tik 24ra Bilboko Azkuna Zentroan. Hilaren 22an batuko dira euskarazko literatur zaleak eta idazleak, arratsalde osoko programaren baitan. Poeta Gorri Horiek! poesia eta musika ikuskizuna hasiko da 18:30ean, Blas de Oteroren jaiotzaren mendeurrenaren harira. Poeta bilbotarra euskararen mundura ekarriko dute Mikel Markez, Arkaitz Miner, Karlos Panera, Itziar Ituño eta Oier Gillanek. Bestalde, aurtengo Gutun Zuria Jaialdiak aztertuko du nola lantzen diren krimena eta delitua literaturan, eta horren barruan jasoko dira azkenaldiko gerretan lekuko izan direnen testigantzak. Hala bada, Jon Alonsok, Garbiñe Ubedak eta Jon Arretxek erakutsiko dute gai hori euskarazko literaturan nola agertzen den, 19:30etik aurrera Katixa Agirrerekin batera.


ILUSSUSA argitaletxeak Munduko Poesia Kaiera berriak aurkeztu ditu, Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celanen antologiak plazaratuta. Danele Sarriugarte, Gerardo Markuleta eta Xabier Montoiak apailatu eta itzuli dituzte lanok, hurrenez hurren. Lorde idazle estatubatuarra ausart mintzatu zen emakume, lesbiana eta beltza izateagatik pairatutako zapalketari buruz, eta askorentzat onartezina izan zen hark idatzitakoen erradikaltasuna. Gonzalez, berriz, Espainiako poesia sozialaren multzoan kokatua, maitasunaz, gerra ostearen garratzaz, eguneroko bizimoduaz, gauarekiko liluraz, alkoholarekiko jaiduraz... aritu izan zen bere lanetan. Eta Celan Gruppe 47 literatur taldeko kidea izan zen. XX. mendeko bigarren erdian, alemanez idatzi zuen eta holokaustoaren horrorea islatu zuen Heriofuga poeman.


dublinDUBLINDARRA
Alfonso Zapico
Itzultzailea: Bego Montorio
Astiberri, 2015

Nobela grafiko hau 2011n argitaratu zen, eta Espainiako Komikiaren Sari Nazionala eskuratu zuen 2012an, baina kaleratu berria da euskarazko bertsioa. James Joyceren bizitza du ardatz, eta hark bizi izandako hainbat pasarte, elkarrizketa eta abentura kontatzen ditu. Komikigilea hiru urtez aritu zen lan hau sortzen: Europan barrena egin zuen bidaian, aukera izan zuen zirriborro ugari bertatik bertara marrazteko eta dokumentazio-lan zorrotza burutzeko.

bideaBIDEA
Pello Añorga
Ilustratzailea: Concetta Probanza
Edo!, 2015

Liburu ilustratua, album poetikoa... da Bidea, Añorgak eta Probanzak elkarrekin sortu duten liburua. Añorgak bidea omen du “subjektu bakarra”, “komunikatzeko behar gorria” zuelako ipuinak idazten hasi zenetik. Bidea da, halaber, album poetiko honetako pertsonaia bakarra. Poemak hiru zatitan banatuta daude. Lehenengoan, bidearen deskripzioa agertzen da, hirugarren pertsonan kontatua; bigarrenean, lehen pertsona azaltzen da; eta hirugarrenean gu pertsona darabilte.