Gazteei hitza eman die Ahotsak.eus-ek

 

gazte

Euskaldunon ahozko ondarea jasotzeko asmoz adineko jende mordoaren lekukotzak bildu eta www.ahotsak.eus gunean sareratu ostean, Euskal Herriko Ahotsak proiektuak gazteei egin die lekua. Hala, gazteen ahotsa jaso eta zabaltzeko, Gazte Gara Gazte proiektua abiarazi du Badihardugu Elkarteak. Aisialdiari begirako proiektua da, gazteen ezagutza sustatzeko, baliabide praktiko eta errealak eskaintzeko eta motibazioan eragiteko xedez. Horretarako, 2014tik Euskal Herri osoko 80 hiztun baino gehiago elkarrizketatu dituzte, ezagunak nahiz ezezagunak, haien hizkera jaso eta aisialdia eta hizkuntza lantzeko: zaletasunak, aisialdi ohiturak, euskara eta erdarak uztartzeko moduak... Emaitza gazteak.ahotsak.eus gunean jaso dute, Ahotsak proiektuaren metodologia erabiliz. Hala, elkarrizketak sailkatu eta katalogatu egin dituzte, haietako hainbat gaika multzokatutako pasarteetan  banatuta. Halaber, gazteen interesekoak diren gaiei buruzko hamar ikus-entzunezko eskegi dituzte gunean, eta lagunarteko erregistro informala jasotzen duen Gazte hiztegia ere osatu dute. Hiztegiak 752 sarrera ditu oraingoz, baina are gehiago sartzeko asmoa dute Badihardugu elkartekoek. Gainera, erabiltzaileen ekarpen eta iruzkinak biltzeko aukera ere eskaintzen du guneak.


tokikomTOKIKO informazioa poltsikoan eraman ahal izateko, Tokikom toki komunikabideen bateraguneak gailu mugikorretarako lau aplikazio kaleratu ditu. Erran.eus (Ttipi-Ttapa aldizkariaren eta Xorroxin irratiaren edukiak jasotzen dituen gunea), Durangaldeko Anboto.org, Zumaiako Baleike.eus eta Debagoieneko Goiena.eus agerkari digitalen edukiak kontsultatzeko aukera eskaintzen dute. Tokian tokiko bertsioak jasotzen dituzte, baina azpiegitura bateratua baliatuta. Android edo iOS sistema eragilea baliatzen duten gailuetan erabil daitezke, eta doakoak dira. Lehenbiziko bertsioa izaki, asmoa dute erabiltzaileen iritziak jaso ahala hobetzeko.

LABURREAN

HERRIZKIHERRIZKI herri hizkera lantzeko aplikazioa sortu du Artez Euskara Zerbitzuak. Bakarka edota taldean aritzeko hainbat jolas dakartza, denak herri hizkera lantzeko: esaera zaharrak, letra-zopa, urkatuaren jokoa eta Busturialdeko baserrien izenei buruzko jolasa. Izan ere, oraingoz Busturialdeko euskara besterik ez dakar aplikazioak, nahiz eta etorkizunean beste eskualde ba-tzuetakoak gehitu nahi dizkioten. GooglePlayn dago eskuragai, baina Herrizki.eus gunean zuzenean aritzeko aukera ere badago.

athleticATHLETIC Clubaren historia euskaraz ezagutzeko aplikazioa sortu du Kultur Kabia enpresak, Athletic Club Fundazioaren laguntzaz: AppaAthletic. Jolasa da, euskara du oinarri, eta taldea sortu zenetik bizi izandako hainbat pasadizo, errekor eta anekdota biltzen ditu 200 galdera-erantzunen bitartez. Maiatzaren 15era arte bertan parte hartzen dutenek aukera izango dute sari bat eskuratzeko, ordura arte puntuazio handieneko lehen hiru sailkatuek Athleticek eskainitako beste horrenbeste sari jasoko baitituzte. Smartphone zein tabletetan da baliagarri, eta doan jaitsi daiteke Android eta iOS plataformetan.