Txoritxoak mokoka

Badabil hor zehar internauta gehienoi bereziki maitagarria iruditzen zaigun txoritxo bat, ñimiñoa, xaloa, urdina... Bai, bai, urdina: Twitterren ikurraz ari naiz-eta! Era berean, bada beste bat, hau ere maitagarria, txiki eta ahula, nonbait. Halaxe irudikatu digute euskara Eusko Jaurlaritzaren txantxangorriaren kanpainan.
Bada, hara non, azken egunotan xextran topatu ditugun bi txori maitagarriok. Ustez elkarrekin ondo moldatzen baziren ere, txilioka eta mokoka ikusi ditugu. Ezusteko irudia da erabat, halako izaki maitagarriak izanik.
Kaixomaitia.eus ez da txoritxoa, eta ez da txikia, baina bai maitagarria. Euskaldunen arteko harremanak sustatzeko, sare sozialak publizitatea egin nahi zuen Twitterren, beraz, iragarki bat argitaratzen saiatu zen. Handik gutxira jaso zuen txori urdinaren erantzuna: “Aizu, zure iragarki hori gure makinak ulertzen ez duen hizkuntza batean dago. Plazaratu nahi baduzu, itzuli uler dezakegun hizkuntza batera, mesedez”.
Ez da horrelakoak egiten dituen enpresa bakarra. Googlek ere badu zerbitzu bat, Adsense deritzona, webguneen jabeei aukera ematen diena Googlek berak saldutako publizitatea erakutsi eta, trukean, diru apur bat (txoritxoa bezala, apur hori ere ñimiño eta ahula) jasotzeko. Baldintza batekin: webgunearen edukiak Googleren robotek ulertzen duten hizkuntzetako batean egon behar du. Honezkero iragarriko zenuten bezala, euskara ez dago horien artean.
Txikikeria lirudike, baina ez da. Mundu osoan, Adsense zerbitzu hori erabiltzen da, adibidez, aldizkari eta egunkarien webguneetan saldu gabe geratutako iragarki tarteak betetzeko. Etekin txikia bada ere, bada modu bat webguneek dirutxoa lortuko dutela ziurtatzeko, zentimo gutxi batzuk badira ere.
Bada, zure aldizkari, egunkari, blog edo dena delakoa euskaraz baldin badago, itxita duzu aukera hori. Asko jota, sistemari tranpa egin eta zure webgunea erdaraz dagoela esan diezaiokezu, trukean erdarazko iragarkiak jasotzeko. Horrek ere huskeria dirudi, baina ematen du zer pentsatu gure hizkuntzari aitortzen zaion balio praktiko eta ekonomikoaz...

Loturak, estekak, linkak...

http://bit.ly/kaixomaitia
Kaixomaitiako lagunei gertatutakoa, zuzeu.eus agerkari digitalean.

http://bit.ly/arakistain
PuntuEus Fundazioari ere gauza bera gertatu zaio, martxoaren 8aren inguruko kanpaina bat iragartzerakoan.

http://bit.ly/markelarizaga
Google Adsense zer den, Markel Arizagaren blogean.