'Euskal selekzioaren urtean behingo partida simulakro bat da'

garitano

Gaizka Garitano (Derio, 1975) entrenatzaile miretsia bihurtu zen Eibar KE futbol taldea bi urtean 2.B mailatik lehen mailara eraman zuenean. Iaz denboraldi amaieran dimititu zuen, taldeak lehen maila galdu zuelako. 2015-16 denboraldia 2. mailan hasi zuen, Valladoliden, baina, emaitza txarrak tarteko, taldea utzi behar izan zuen. Orain langabezian dago. M. Egimendi. Argazkia: Dani BLANCO/ARGIA.

Zure lana ez da oso egonkorra...
Ez, emaitzen araberakoa da. Eibarren urte batzuk egin nituen, baina horrenbeste denbora irautea ez da arruntena. Lan honetan azterketa duzu astero, eta gainditzen ez baduzu... Toki batzuetan pazientzia handiagoa dute beste batzuetan baino, baina azkenean ohitu egiten zara martxa horretara. Lan guztiek bezala, alde onak eta txarrak ditu.
Zer egiten du entrenatzaile batek langabezian dagoenean?
Denetarik. Lehen denbora gutxi pasatzen nuen familiakoekin; orain, aldiz, ordu gehiago ditut haiekin egoteko. Bestalde, prestakuntza lanean jarraitzen dut: entrenamenduak ikusten, ordenagailuko programak maneiatzen... Ingelesa ikasten ere banabil, ordu dezente ematen dut. Azken batean, neure burua etorkizunerako prestatzen ari naiz. Ikasteko unea da niretzat.
Entrenatzailea izatea da futbol jokalari baten etorkizun “naturala”?
Batzuek bide hori hartzen dute, baina orain hiru urteko karrera ere atera behar da. Gaztetatik izan dut nahiko argi futbolari etapa bukatutakoan entrenatzailea izan nahi nuela. Jarraian eman zidaten aukera Eibarren: 3. mailan eta gazteekin urte batzuk egon nintzen, ikasten. Gero zortea izan dut, oso gazterik iritsi bainintzen goi mailara.
Non sufritzen da gehiago, taldea jaitsiera postuetan duzunean ala langabezian?
Kar-kar! Ni nahiko lasai ibiltzen naiz, adrenalina gustatzen zait, baita alanbrean bizitzea ere; beraz, momentu zail horietan, nahiko ondo konpontzen naiz. Sufritu, ez da sufritzen; sufritzea beste gauza bat da. Geuk erabaki dugu lanbide hau hartzea eta ondo bizi gara, azken batean kirola da, nahiz eta askotan handietsi egiten den.
Futbol jarraitzaile guztiek daramate entrenatzaile bat barruan?
Bai, eta medikua! Medikua eta entrenatzailea denok daramatzagu barruan. Egoera oso desberdin ikusten da barrutik, baina gure lanaren parte da: denek dute iritzia gertatzen denari buruz, eta aguantatu egin behar.
Imajinatzen duzu zeure burua Bartzelona edota Real Madrid entrenatzen?
Denok nahi dugu gure lanbidean aurrerapausoak eman, eta hori noizbait etortzen bada... Momentuz, ez daukat horrelako helbururik. Hau urtetik urtera bizi behar da, pixkanaka. Ez daukat buruan halako xede zehatzik.
Joango zinateke entrenatzera Txinara, Dubaira edo AEBetara?
Bai, bestelako esperientzia izango litzateke eta gustura hartuko nuke. Ingelesez lan egitea etorkizunerako helburua dut. Gainera, gaur egun gero eta entrenatzaile gehiago ari dira kanpora ateratzen, aukera onak baitaude. Suposatzen da Espainiako Liga dela munduko onena eta entrenatzaile onenak ere bertan daudela, beraz, erraztasunak daude orain kanpora joateko. Ate hori beti utzi behar da irekita.
Nola eusten diozu aginduak emateko tentazioari alaben partidak ikustean?
Bi alaba ditut eta eskubaloian jokatzen dute, federatuta. Emaztea eta biok joaten gara partidak ikustera, baina beti egoten naiz isil-isilik, errespetu osoz. Dena den, ez dut sufritzen, e? Alaben partidetara gozatzera joaten naiz.
Alabek kirolari profesionalak izan nahi dutela esango balizute?
Nik nahi dut ikastea, zoriontsuak izatea, lagunak edukitzea... Gero, eurek erabaki beharko dute zer nahi duten izan. Nondik jo-tzen duten, gehiago edo gutxiago gustatuko zait, baina beraien esku dago aukeratzea zer nahi duten egin.
Emakumeek zailago dute kiroletik bizitzea...
Bai, kristoren desoreka dago mutilen eta nesken egoeren artean, eta kirolen artean ere bai. Ez da gauza bera futbolean jokatzea, edo eskubaloian edo errugbian. Azken finean, hortik bizitzeko aukera futbolak eta beste kirolen batek ematen dute. Zaila da neska kirolari bat atera eta hortik bizitzea.
Nori tokatzen zaio egoera hori iraultzeko lan egitea?
Hobetzen ari da. Emakumeek, pixkanaka bada ere, gero eta aukera gehiago dituzte. Telebistak gehiago bultzatu beharko luke emakumeen kirola, hortik baitator publizitateko dirua, baina jendea partidak ikustera joan ezean... Komunikabideek erabateko garrantzia ematen diote futbolari, horregatik doa aurrera futbola, jendeari gustatzen zaiolako bai, baina baita telebistak uneoro sartzen digulako ere. Nesken kirola ez da horretara heldu, laguntza behar du erakundeen aldetik, enpresetatik... Tenisean, adibidez, nahiko parekatuta daude neskak eta mutilak, baina beste guztietan desoreka dago. Ez luke horrela izan beharko, baina bada.
Zer iruditzen zaizkizu futbol profesionaleko zenbakiak? Zorrak, kontratu ikaragarriak...
Hori ere hobetzen ari da, azken hiru urteotan-edo askoz ere kontrol ekonomiko handiagoa izaten ari delako kluben zein Ligaren aldetik. Orain, neurri batean, etxeko ekonomiak bezala funtzionatzen du futbolak: hainbat sartzen da, hainbat gastatzen duzu. Halere, orain arte ikusi ditugunak... Zorrak kaleko jendeak ordaindu ditu askotan, baita futbolera inoiz joaten ez denak ere, gauza asko barkatu izan direlako eta egundoko trapitxeoa egon delako diru publikoarekin. Halere, orain telebistak asko ordaintzen du, eta publizitate asko sartzen da. Ari da arautzen eta oso kontrolatua dago. Futbolak aurrerapauso bat eman du eta, logikoa denez, orain hobeto funtzionatzen du.
Topikoetatik ez zaretela ateratzen esan ohi da kirolariez...
Galderak ere beti berdinak izaten dira, kar-kar! Dena den, oso gaizki ikusia dago futbolariak bere benetako iritzia ematea. Bihotzez hitz eginez gero, esan dezake klubari ondo ez datorkion zerbait... Gainera, era berean, ez da komeni hizkuntzari, gizarteari edo politikari buruzko adierazpenak egitea. Oso mundu itxia da, kontu handiz ibili behar da.
Almeriako prentsaurrekoa amaitutzat emandakoan, Eibar lehen mailara igo zenuenean baino maitatuagoa sentitu zinen?
Kar-kar! Beti esan izan dut jendeak oihartzun handia eman ziola Almeriako kontuari, baina era naturalean egin nuen, pentsatu gabe. Prentsaurreko batean zaude, euskalduna zara, euskaraz galdetzen dizute eta ez dizute uzten euskaraz erantzuten... Bada, alde egiten duzu eta kito. Edozein euskaldunek egingo zukeen hori egoera hartan, ez nuen ezer berezirik egin. Dena den, egun horretan alde egin nuen, baina izan ditugu arazo gehiago euskara erabiltzeagatik, askotan ez dugu erraztasunik eduki euskaraz egiteko. ETB eta Euskadi Irratia, adibidez, beti saiatu izan dira beren tokitxoa lortzen Espainiako estatuan. Guk ere lagundu dugu geure aldetik, euskaraz berba eginez eta hizkuntza bat daukagula eta hizkuntza horretan bizi garela erakutsiz.
Egin dute saiakerarik goi mailako kirolari euskaldunek zentzu horretan?
Bai, ibili gara portaera jakin bat adostu nahian, eta egin izan dira gauzak euskararen alde, baina gehiago egin beharko lirateke. Polita izango litzateke euskal taldeetan gabil-tzan kirolari euskaldunok ados jartzea, baina oso zaila da. Azken batean, diskriminazio positiboa beharko litzateke euskararen alde, argi eta garbi, baina klubek askoz ere gehiago lagundu beharko lukete, komunikabideek ere bai, eta profesionalok aurrerapauso bat eman beharko genuke.
Esan izan duzu konpromiso falta ikusten duzula euskal talde eta jokalarien aldetik euskal selekzioa bultzatzeko. Zer dela-eta?
Konpromiso falta ez dakit, baina oraintxe bertan euskal selekzioak ez du aukerarik nazioarteko mailan jokatzeko, eta urtean behin partida-simulakro bat jokatzen da. Zer da hobea, hori jokatzea ala bat ere ez? Bada, ez daukat oso argi. Ondo dago jokatzea, eta ni joaten naiz ikustera, baina partida hori ez doa inora, hor geratzen da. Hiru egunez hitz egiten da horri buruz eta ez da aurrerapausorik ematen. Denok egiten dugu simulakroa: denok gaude horren alde, baina ez da benetakoa. Gainera, errepikatzearen poderioz, indarra galdu du, ez delako ezer berririk egiten eta ez delako aurrerapausorik ematen. Duela 20 urteko egoera eta oraingoa antzekoak dira.
Nork hartu beharko luke ekimena?
Gaur egun, legeek nahiko lotuta dute Federazioa. Orduan, euskal selekzioak aurrera egingo badu, politika arlotik bultzatu beharko da; bestela, oso zail izango du etorkizuna euskal selekzioak. Denek egin behar dute gehiago, ez badugu nahi jarraitu 80 urterekin ere Gabonetako partida hori ikusten. Joango gara, egun polita pasatuko dugu, eta hurrengo egunean ahaztuta.
Independentziaren aldekoa zinela adierazi zenuen erdal komunikabide batean. Halako adierazpenek ez dizute lanerako aterik itxiko?
Galdetzen badidate, zer esango dut, bada? Ezetz esan izan banu, gezurra esango nuen... Baliteke ateak ixtea; ixten badira, itxiko dira, baina norberak sentitzen duena ere esan beharko da, ezta? Jende asko dago independentziaren alde, baita Katalunian ere. Are gehiago, jokalari katalan asko independentziaren aldekoak dira eta Espainiako selekzioan jokatzen dute...
Kontraesana iruditzen zaizu hori?
Bai, nire ustez, bai. Hala ere, gaur egun oso zaila da euskal jokalarientzat Espainiako selekzioari ezetz esatea, profesionalki ekar di-tzakeen ondorioengatik-eta; azken batean, Espainian jokatzen ari gara. Oso erabaki zaila da, baina norbaitek egunen batean erabaki hori hartuko balu, poztuko nintzateke. Horrela sentitzen badu, behintzat; joan nahi badu, ordea, arazorik ez.
Bukatzeko, bertsolaritza gustuko duzunez, egizu bertso bat entrenatzaile lana gai hartuta.
Batzuetan ondo eta
besteetan larri,
gure bizimodua
gogorra da sarri,
aginduak ematen
buru ta belarri,
eta galtzen badugu
beste bat ekarri,
aulki elektrikoan
nork nahi du jesarri? (bis)

KOLKOTIK

Bi arrazoi entrenatzaile izateko? Futbola pasioz bizi dudala eta ondoen egiten dakidan lanbidea dela.
Beste bi euskara ikasteko? Euskal Herrian bizi garela, hori da arrazoi garrantzitsuena, bakarra.
Futbola ez den beste kirol bat? Igeri egiten dut, korrika... eta ikusi, esku pilota eta futbola.
Zerk alaitzen dizu eguna? Nahiko alaia naiz berez... Kirola egitea gustatzen zait, eta egin ondoren alaiago egoten naiz.
Zerk ematen dizu amorrua? Gezurrak.
Eta lotsa? Norbaitek nitaz ondo hitz egiteak.
Damutzen zara egindako zerbaitez? Mila gauzaz, egunero, baina ez dut damu berezirik.
Entrenatzaile bat? Jorge Sampaoli, Txileko hautatzaile ohia.
Messi ala Ronaldo? Messi, askoz hobea da.
Bertsolari bat? Ufa! Asko ditut gustuko... Igor Elortza, bat esatearren.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Euskal Herriko selekzioak hurrengo munduko txapelketan parte hartzeko aukera izango duela.
Futbolak eman dizun unerik onena? Eibarrekin lehen mailara igo ginenean, agian.
Eta txarrena? Realarekin, 2. mailara jaitsi ginenean.
Eibar, Reala ala Athletic? Hori aita, ama edo anaia aukeratzea bezala da, ezinezkoa... Eibar, txikiena delako, baina hirurak maite ditut asko.
Musikari bat? Euskal Herrikoa, Ken Zazpi, eta betidanik Bruce Springsteen.
Irakurtzea merezi duen liburu bat? Irakurri dudan azkena Eleven Rings da, Phil Jacksonena.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Gero eta ile gutxiago daukadala, kar-kar!