Etekinen bat

julenJulen Gabiria

Itxura guztien arabera, une honetan, gizonezkoen artean progrea izateko, ozen aldarrikatu behar da ezinezkoa dela gizonezkook feministak izan gaitezkeela. Mutur batetik bestera igaro gara, beraz: lehen, gure feminismoa azaldu nahi izaten genien koadrilako lagunei, haien mespretxuzko keinuen artean; orain, aurrerakoitzat genituen lagunek ere zalantzan jartzen dituzte korrontearen kontra egin nahi izan ditugun metro urriak, gure jarrera hau susmagarria delako, ez ote gabiltzan etekinen bat lortu nahian feministak garela esateagatik.
Zorionez, zentzu apur bat sumatzen da tarteka. Esate baterako, Alfredo Sanzol dramaturgo iruindarraren hitzetan: “Gure gizartea matxista denez, denok, jaiotzez, matxistak gara. Ondorioz, bizitzan egin dezakegun gauza bakarra da geure buruak deskonpentsatuz joatea, egoera feminismorantz konpentsatuz, inguruko matxismoarekin oreka lortu ahal izateko. Beraz, bietako bat: edo feminista bihurtzen zara, edo jaiotzatik programatuta duzun eta hain ondo ezagutzen duzun matxismoan geratzen zara”.
Nazka ematen didate oinez doazen neskei bozina jotzen dieten gidariek, euren kamioi, furgoneta edo kotxeetako nagusitasun testosteronikotik. Nazka ematen didate kiroldegietako kamerek, autobus beteetako zirri disimulatuek, honelako edo halako komentarioek, begiradek... zer esanik ez bortxaketek, jipoiek, hilketek. Tokatu izan zait gauez, etxera bueltan, neska baten atzetik joatea espaloi berean eta igartzea neska horren beldurra nire presentziagatik, eta nazka eman izan dit neure buruak orduan ere, ezer txarrik egin ez arren, gizon izate hutsagatik. Nazka ematen dit ikusteak nire sexu berekoek noraino ekarri gaituzten, eta feminista naiz, ez zait buruan kabitzen beste ezer izan gaitezkeenik mundu eta garai honetan bizi garen pertsona guztiak. Zeren nazka ematen baitit pentsatzeak egunen batean nire alabek ere hainbeste egoera higuingarri jasan dezaketela. Jakina etekina atera nahi dudala nire feminismotik. Etekinen bat besterik ez dut nahi: niretzat, zuretzat, denontzat.