Atlasa.net, Euskal Herriko jendartea eta ekonomia ezagutzeko tresna

atlasa

Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa modu erabilerraz eta osatuan ezagutzeko doako baliabidea sareratu du Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak. Klik bakarrean, zazpi lurraldeei buruzko hainbat datu bistaratu, kontsultatu eta deskargatzeko aukera ematen du atariak, modu askotan: grafikoak, mapak, taulak... Denek ere, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen dutela. Lau arlo nagusitan banatua dago Atlasa.net: Demografia, Ekonomia, Gizartea eta Ingurua. Horietan, adierazle anitz kontsulta daitezke: biztanleria, langabezia tasak, industria ekimena, emakumeen jarduera tasa... Gainera, lurralde eremuaren araberako informazioa eskuratzeko aukera ematen du. Hau da, udalerri, eskualde edota herrialde mailakoa bai, baina baita Euskal Herria Europako herrialdeekin alderatzen duena ere. Informazio hori guztia estatistika erakunde ofizialetatik eratorria da eta, zenbait kasutan, Gaindegiak berak metodologia bateratu bidez kalkulatutakoa. Aditu zein ikertzaile, kazetari nahiz hezkuntza esparruko eragile... erabiltzaile orori zuzendutako baliabidea da Atlasa.net.