Euskaraz eta hurbil

haureskolak

Ezohiko prentsaurrekoa eman zuen Iruñeko Euskalgintzak iragan otsailaren 23an. Ezohikoa, berri pozgarri baten berri eman zutelako: Iruñeko Udalak handitu egin du haur eskolen euskarazko eskaintza 2016-2017 ikasturterako. 30 urtez, eta eskaria egon arren, bi haur eskolatan baino ez da eskaini izan. Datorren ikasturtean, aldiz, lau izango dira. Orain artean, hautu gaiztoa egitera behartu dituzte umeen heziketan euskara lehenesten zuten gurasoak: umeak euskaraz hezi nahi izanez gero, etxetik urrun joan edota haur eskola pribatuetara jo beharra; ala etxetik gertu egin nahi izanez gero, gaztelaniaz hezi beharra. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatik azaldu bezala, berri ona da, nahiz eta oraindik euskarazko plaza gehiago behar izan. Nolanahi ere, Iruñeko Udalak eman du lehen urratsa urteetan jasandako bidegabekeria gainditzeko, egoera baztertzailean eroso egon direnek zalaparta eragin arren. Urrats gehiago beharko dira, bai, baina hasi da aldatzen herritarren zati baten bazterketa ahalbidetzen zuen egoera zentzugabea. Izan ere, euskara hurbil sentitzen dutenek euskaraz eta hurbil hezi ahal izango dituzte euren seme-alabak.