Argentina

rugbiErrugbiko ohiturak, futbolera

Futbolaren aitzakian, indarkeria kasu ugari izaten dituzte Argentinan. Epaileei eta jokalariei erasoak, zaleen arteko borrokak, jokalarien artekoak, erailketak… Bortizkeria Argentinako futbolean sakon erroturik dagoelakoan, horri aurre egiteko errugbira jo dute Cordoba hiriko Fundación Pueblo Rugby elkartekoek: hirugarren denbora delakoa futbolean ere ezarri dute. Errugbiko aspaldiko ohitura da hirugarren denbora. Partiden amaieran, bi taldeetako jokalariak eta epaileak batu egiten dira, elkarrekin zerbait hartu eta joko-zelaian gertaturikoak giro adiskidetsuan gainditzeko. Cordoban halaxe hasi ziren duela lau urte behe mailetako taldeekin. Egitasmoak harrera ona izan duenez, orain herrialdeko lehen mailako taldeetara zabaldu nahi dute. Gainera, agintarien babesa ere jaso dute. Finean, partidaren ondoren talde aurkarietako jokalariak batu nahi dituzte, eta topaketen irudiak hartu eta zabaldu. Horrela, eta askorentzat eredu direla kontuan hartuta, futbolariek erakutsiko lukete lehia zelaian amaitzen dela, baita etsaitasuna ere. Herrialde osoko gazte mailetan ere egin nahi dute. Gaztetatik ohituz gero, gazteek arerioekiko enpatia garatuko dutela uste dute, eta, ondorioz, indarkeriazko portaerak gutxitu egingo direla. Nolanahi ere, ikusteko dago goi mailako talde eta jokalariek hartuko duten jarrera, ezinbestekoa izango baita ekimena gauza dadin. Asmo onik, behintzat, ez zaio falta egitasmoari. Halere, eraginkorragoa izango litzateke futbolean sortzen den indarkeriaren arrazoiak sakon aztertzea eta modu serioan lantzen hastea.