Sokatira

sokatiraMunduko Txapelketan 13 domina eskuratu dituzte euskaldunek

Domina uzta politarekin itzuli dira euskal tiralariak Volendamen (Herbehereak) otsailaren 18tik 21era jokaturiko Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketatik. Klub eta nazio mailako lehiak izan dira, eta orotara 13 domina lortu dituzte euskaldunek: zilarrezko lau eta brontzezko bederatzi. Urrezkorik ez dute erdietsi. Klub mailako lehiari dagokionez, Ibarrak zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi ditu, Laukizeko Gaztediren an-tzera; Arrigorriagako Sokarrik brontzezko bi lortu ditu; Gasteizeko Badaiotzek zilarrezko bat; eta Berriozarrek brontzezko bat. Nazioen arteko norgehiagokan, bost domina ekarri ditu Basque Countryk: zilarrezko bat eta brontzezko lau. Estreinakoz aritu dira euskal tiralariak Basque Countryren izenean. Izan ere, 2014an Nazioarteko Sokatira Federazioko (TWIF) eskubide osoko kide bilakatu zen Euskadiko Herri Kirol Federazioa, eta horri esker parte hartu ahal izan dute euskal taldeek Euskal Herriaren ordezkari. Bistakoa denez, lan bikaina osatu dute. Zorionak, beraz, tiralari guztiei!