Ingurumena

itsasoaInoiz baino azkarrago egin du gora itsasoak azken mendean

Itsasoa goraka egiten ari dela ados agertu ohi dira munduko zientzialariak. Zenbat igotzen ari den zehazteko orduan, aldiz, desadostasunak nagusi. Berriki argitaratutako bi ikerketak gaiari heldu diote, eta bestelako estimazioen berri eman dute. Rutgerseko Unibertsitateak (New Jersey, AEB) gidaturiko ikerketa batek itsasoaren mailak azken 3.000 urteotan izandako bilakaera aztertu du. Horretarako, mundu osoko 24 gunetako datuak eta azken 300 urteotako mareen 66 erregistro aztertu dituzte. Ikerketaren arabera, XX. mendean aurreko 2.700 urteetan baino askoz azkarrago egin du gora itsasoak. XX. mendean, 14 zentimetro igo da, aurreko 2.700 urteetan igotakoaren bikoitza. Igoera azkar hori, gainera, munduaren beroketak areagotu du. Ikerlarien ustez, industrializazio garaian hasitako berotze globalik gabe, itsasoak 7 zentimetro egingo zukeen gora. Halere, gorantz egindako tarteak baino, goranzko abiadurak kezkatu ditu ikerketaren egileak. Bestalde, Alemaniako Postdam Institute for Climate Impact Research erakundeak eta Espainiako Consejo Superior de Investigaciones Cientificas erakundeak etorkizunerako aurreikuspenak egin dituzte gai beraren inguruan. Kasu honetan ere, emaitzak ez dira baikorrak. Iaz Parisen klima aldaketaren inguruan egindako goi-bileran onarturikoak bete eta gas isurketak gutxituz gero, itsasoaren igoera 20 eta 60 zentimetro bitartekoa litzateke mende amaieran. Akordioak bete ezean, ordea, 85 eta 130 zentimetro artean igoko ei da itsaso-maila.