Nazioartea

siriaBost urtean 470.000 lagun hil dituzte Siriako gerran

Duela bost urte gerra hasi zenetik, siriarren % 11,5 hil edo zauritu dituzte.  Zehazki, 470.000 lagun zendu dira: 400.000 armen eraginez eta 70.000 gosearen eta gaixotasunen ondorioz. Zaurituak, aldiz, 1,9 milioi inguru dira.  Siriako biztanleen bizi itxaropena ere izugarri gutxitu da gerra dela-eta: 2010ean, 70,5 urtekoa zen; 2015ean, berriz, 55,4 urtekoa. SCPR Syrian Centre for Policy Research erakundeak eman ditu aditzera datu lazgarriok. Orain arteko zenbaketek hildako gutxiago jaso izan dituzte. Esaterako, NBE-Nazio Batuen Erakundearen arabera, 250.000 lagun izan dira hildakoak. Haatik, datu horiek 2014ra artekoak dira; ordutik, NBEk ez du beste kontaketarik egin. Heriotza eta zauritu kopuruak ez ezik, bestelako datuak ere jaso ditu SCPRk. Adibidez, gerrak sorturiko errefuxiatu kopurua: 6,36 milioi lagunek euren bizilekuak utzi behar izan dituzte Siriako beste leku batzuetan babes hartzeko, eta 4 milioi pasatxok herrialdea utzi dute. Gerrak herrialdearen ekonomian izandako eragina ere nabarmena da: 13,8 milioi lagunek galdu dute lana, eta herrialdeko langabezia tasa % 52,9koa da. Ondorioz, biztanleen % 85,2 pobrezia egoeran daude; % 69,3 muturreko pobrezian. Bestalde, haurren eskolatzea % 45,2ra jaitsi da. Egoerak, gainera, ez dirudi onera egingo duenik. Nazioarteko potentzien eta hainbat herrialderen interesen xake taula odoltsua da Siria, eta herritarrek ezer gutxi balio dute joko makabro eta beldurgarri horretan, Siriako egoerak zein Europan iheslariek bizi dutenak egunero erakusten dutenez.