Ingurumena

antárticaAntartikako izotzaren urtzeak zelan eragingo die ozeanoei?

Klima aldaketa gai eztabaidagarria da zinez, iritzi kontrajarriak eragiten dituen neurrian. Lurra berotzen ari dela dioten zientzialariak asko izan arren, beste zenbaitzuk ukatu egiten dute, edota garrantzia kentzen diete ustezko berotzearen eraginei. Antartika mendebaldeko izotzari buruz argitaratu berri diren bi azterketa horren adibide garbiak dira. Alemaniako Potsdam Institute for Climate Impact Research delakoak Alaskako Unibertsitatearekin (AEB) batera egindako ikerketa baten arabera, Antartika mendebaldeko izotz mantua kolapso atzeraezinean sartuta egon liteke. Horren ondorioz, datozen mendeotan izotzaren urtze masiboa gertatuko ei da eta, beraz, ozeanoen maila nabarmen igoko da. Ikertzaileek egindako simulazioek erakutsi dutenez, hurrengo 2.000 urteetan metro bat gora egingo dute itsasoek, eta hemendik 10.000 urtera, ostera, 3 metro. Haatik, Grenobleko Unibertsitateko (Frantzia) eta The Open Universityko (Erresuma Batua) beste ikerketa batek aurreikuspen ezkorrenak ukatu ditu. Ikerketa horretan ere simulazioak egin dituzte, hainbat faktore kontuan hartuta: izotz geruzen egoera, satelite bidezko datuak, berotegi gasen emisioak... Horiek aztertuta, ikertzaileek aitortu dute Antartikako izotzen arriskua benetako mehatxua dela, “baina ez apokaliptikoa”. Datuak ere eman dituzte: 2100. urterako, munduko itsasoen maila 10 zentimetro igo daitekeela aipatu dute. Hori da, haien ustez, aurreikuspenik fidagarriena, eta igoera handiagoak baztertu dituzte. Halako datu saltsarekin, nori egin kasu?