Hauxe izan da 'despedidia'

oskorri

Amaitu du Oskorrik bere musika ibilbidea. Ez dago azaldu beharrik zer izan den taldea Euskal Herriko musika panoraman, ezta zer ekarpen egin duen ere. Dena dago esana edo idatzia. Bukatzera zihoala iragarri zuenetik, laudorioak besterik ez du jaso taldeak, baina izan dira, halaber, 40 urtetik gorako historian pairatutako une gazi-gozoak gogoratu dituztenak ere. Alabaina, ia beti gertatzen den gisan, momentu onez akordatuko gara ia denok. Nork ez du abestu Euskal Herrian Euskaraz euskaltegian edo beste nonbait? Nork ez du dantzatu Furra-furra? Nork ez du etxean Oskorriren diskoren bat? Talde gutxi izango da Euskal Herrian, baten bat bada, Oskorrik beste lagun dantzan jarri duenik. Halaxe gertatu zen azken kontzertuan ere, antzoki bateko butaken arteko ilarak kalejirarako leku aproposenak izan ez arren. Beraz, “adiorik ez” esan ezin badugu, esan dezagun, behintzat, “agur eta ohore!”.