Nazioartea

karibeEsklabotzagatik ordaina nahi dute Karibeko herrialdeek

Eskualdearen egungo egoera ekonomiko eta sozial kaskarraren jatorria delakoan, kolonizazio garaiko esklabotzarengatik ordaina eskatuko diete Karibeko herrialdeek Europako bost herrialderi. Zehazki, Caricom Karibeko Estatuen Batasunak bost kolonizatzaile ohiri egingo die eskaera: Erresuma Batuari, Espainiari, Frantziari, Herbehereei eta Portugali. Berez, bost herrialde horien aurkako auzibidea hastea iaz erabaki zuten Caricomeko kideek, baina martxoan eman dute urratsik sendoena. Hala, hamar puntuko agiria onartu dute, eta, berau oinarri, ekainean hasiko dituzte negoziazioak kolonizatzaile ohiekin. Caricomen akordioak hainbat eskaera jaso ditu, besteak beste: barkamen eskaera publikoa egitea, Karibeko herrialdeek dituzten zorrak bertan behera uztea edota Europako herrialdeek Karibearen garapenerako inbertsioak egitea. Printzipioz, ekaineko negoziazioetan landuko dute gaia kolonizatzaile ohiekin, eta ondoren egingo dute Caricomeko herrialdeek euren eskari formala. Horretarako, dagoeneko hasi dira lanean nazioarteko auzitegietan ordezkatuko dituen abokatu enpresa batekin. Ikusi beharko da zertan geratzen den Karibeko herrialdeen eskaria, eta, batez ere, zein izango den kolonizatzaile ohien erantzuna. Egindako kaltea konponezina bada ere, hiru mendez esklaboen kontura lotsagabeki eta modu anker eta bihotz-gabean aberastu ziren herrialdeek zuzenduko al dute iraganean eginikoa?