Juanjo Olasagarre
Beti izan da botere kontua, gaur bizi dugun berrogeialdi honek ere boterearekin gertatzen eta gertatuko denari eragingo dio, Angel Lertxundik Otto Pette (Alberdania, 1994) nobelan erakutsi zigun bezala.
Argitaratu zenean, artefaktu literariotik duena hondoa esaten zaion horriĀ gailendu zitzaion; izan ere, hizkera hark izugarrizko ekarpena egin zionĀ orduko euskarari, klasikoak (Axular, Tartas, Mendiburu, Kardaberaz) eguneratuta.
Baina, esan bezala, azal zoragarri horren hondoan botereari buruzko alegoria aurkituko du irakurleak, iazko 25. urteurrenaz gain egunerokotasunak gaurkotua: Otto Petteren oinarrian, izurriak eragindako salbuespenezko egoerak dakarren munduaren kudeaketa biopolitikoa, koloka eta gainbehera dautza.
Izurria kudeatzeko buru izendatuko du Pette erregeak, eta irakurleak hirian zehar hartutako neurriak begien aurrean biziko ditu. Hasieran ezkutuan izan eta axolarik ematen ez bazaio ere, izurria pixkanaka-pixkanaka hiriaz jabetu, eta azkenean egitura sinboliko, politiko eta soziala desegingo du.
Salbuespenezko egoera horrek gizartearen hezurdura erakusten du, irauteko behar izan dituen tabuak, agerikoagatik ikusezinak izan diren egiak, ordena sozialaren konbentzioak... dena hankaz gora jarriko du. Bizitza pertsonala izendatzen dugun hori ere bai (ez dut spoiler-ik egin nahi). Pette lehen baino krudelagoa bilakatuko du izurriteak haren bizitza pertsonala jotzen duenean, eta, orduan, nobela paisaia ilunagoan barneratuko zaigu.
Lertxundi trebea izan zen gizartearen hezurduran izurriteak eragindakoa erakusteko orduan. Esaterako, erregea eta gortea landara ihes eginak daude ez kutsatzearren, hiritarrak gaixotasunaren mende utzita; hori egin izanak haien munduaren eta hiriaren amaiera ekarriko du. Bi eszena harrigarriki ongi kontatutakoetan, irakurlea ohartzen da erregea biluzik dagoela, Hans Christian Andersenen ipuinean bezala.
Lertxundik hiriaren suntsipena eta geratuko den munduaren malurra erakusten dizkigu bukaeran. COVID-19 birusak eragingo al du gure mundaren suntsipena? Ez dut uste, baina aldaketa bai. Erregea biluzik dagoela ikusteko gai izango ahal gara!