Idazle eskolak ez dira ohikoak inguruotan. Oro har, Europan ez dira ugariak. Aldiz, beste zenbait lekutan, AEBetan edota Hego Amerikan, esaterako, erruz daude. Nolanahi ere, Euskal Herrian bada pixkanaka berezko bidea egin duen bat: Bergarako Idazle Eskola, 2003an Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez sortu zena Bergarako UNEDen eta Asmoz Fundazioaren babesarekin. Bi urteko graduondokoan, idazteko gaitasuna hobetzen irakasteaz gain, idazterakoan erabiltzeko estrategia sortzaileak erakusten zaizkie larunbatero Bergarara gerturatzen diren ikasleei. Hitzak josten trebatu, berba dantzan zaildu, letren mundua gertutik ezagutzen duten irakasleen eskutik. Aurten, esaterako, Tere Irastortza, Edorta Jimenez, Pako Aristi, Itziar Gomez eta Xabier Lopez izango dituzte irakasle. Haiekin batera eta haien laguntzarekin, irakurriz eta idatziz, eginez eta ekinez, idazketaren bide eta bidezidorretan barrena ibili ohi dira ikasleak. Bide horretan aurkitutakoez, emandakoez eta ikasitakoez mintzatu zaizkigu hitzen ibiltariok. Hots, irakasle, ikasle eta ikasle ohi banak. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.
“Gehiago jakiteko sistemarik onenetakoa da idaztea”
Bergarako Idazle Eskolaren sortzaile eta arduraduna da Tere Irastortza idazlea (Zaldibia, 1961), baita irakaslea ere. Euskal Idazleen Elkartearen lehendakaria zela, egitasmoari temaz helduta sortu zuen Idazle Eskola 2003an, Bergarako UNEDen. Ordutik, luma berriak trebatzen aritu da, beste hainbat idazlerekin batera.
“Idazle askori iraina iruditzen zaie idazten ikas daitekeela pentsatzea. Baina inork ez du pentsatzen konpositore batek solfeoa jakin behar ez duenik” dio Irastortzak. Horrenbestez, zalantzarik ez du: “Nik uste baietz, idazle izaten ikasi egiten dela”. Hori bai, ñabardurak alboratu gabe. Irastortzaren ustez, “berezko zera bat behar da, noski, denerako behar delako berezko zerbait: dantzari izateko, musikari... Ikas daiteke, baina mailak daude”. Baita ezinbesteko baldintzak ere. Esaterako, jakin-mina, ikasteko grina: “Jakin-mina onartu behar da idazteko pasio bezala. Jakin nahi baldin badut, gehiago jakiteko sistemarik onenetakoa da idaztea. Gehiago arakatzeko, galdetzeko orduan harago joateko”.
Baina nola ikasten da idazten? “Idatziz. Eskolan, jendea idazten jartzen dugu. Nolabait esateko, entrenamendua da”. Praktikari garrantzi handia ematen diote Idazle Eskolan, eta, teoria baztertu ez arren, “teorizatzera oso gutxi jotzen dugu. Eginaren eginaz, hortik ateratzen dira ondorioak”. Hala, astero-astero egiten dituzte lanak ikasleek. Idazketa lanok paratzeko webgunea badute (www.idazten.com), eta paperean ere ematen dituzte argitara. Esaterako, Gara egunkariaren 7K eta Mugalari gehigarrietan, edota, argitaratzeari utzi zioten arte, Nabarra eta Luma Berrien Eleak aldizkarietan.
Idazketari dagokionez, hainbat lan generoen arabera lantzen dituzte: ipuinak, poesia, iritzi-artikuluak, nobela, antzerkia... Behin idatzita, zuzenketari aparteko garrantzia ematen diote. Horretarako, “alde batetik, irakaslea dago, ikasleari nola idatzi behar duen esaten diona”. Baina, era berean, ikasleen artean ere zuzentzen dituzte testuak. Hori bai, zuzentasuna bera baino, “garrantzitsuena da aztertzea testuak erakargarriak diren ala ez besteentzat. Esango nuke maila horretan, beharbada, hizkuntzaren zuzentasuna ziurtzat jotzen dela; ondorioz, ez diogu denbora asko eskaintzen, adibidez, Euskaltzaindiaren arauak ikasteari. Gutxi-asko, jendeak badakizkielakoan egiten dugu lan, eta, bestela, ikasiko dituelakoan”. Hartara, “ez da dena zuzentzen, egiturak baizik: egitura, ideiak, esaldiak...”. Ozenki irakurtzen ere irakasten dute, “ikaslea nahitaez lotsagabetzen delako horrela, baina baita zuzenketa erreflexu batzuk hartzen direlako ere”.
Idatzi, zuzendu... eta irakurri. Ikasleen testuak leitzeaz gain, “irakasle bakoitzak bere iritziz zer irakurri beharko litzatekeen esan ohi die”. Era berean, tarteka idazleak eramaten dituzte eskolara euren liburuez hitz egitera. “Saiatzen gara hiruzpalau saiotara idazle bera ekartzen. Hor ere harremana sortzen da ikasle eta idazleen artean”.
Oro har, sormen idazketa lantzen dute Idazle Eskolan. Hasiera batean, sormenezkoaz gain, idazketa profesionala lantzea zuten xede. Haatik, “azken urteotan, batez ere, idazketa sortzailea bultzatu dugu”. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu Irastortzak. Batetik, “nolabait esatearren, idazketarekin lotuta dagoen euskal sisteman idazketa dibulgatzailea edo arautua nahikoa lantzen delako”. Bestetik, “jendeak berak gehiago eskatzen duelako”.
Ikasleen eskakizunen antzera aldatu dira eskolatik iragandako ikasleak. “Urteekin, asko aldatzen ari da” dio, ikasleen aniztasuna nabarmentzearekin batera. Esaterako, lanbideei dagokienez, denetarik dute egun. “Denak ez dira letretakoak; horrek atentzioa ematen du”. Beste ezaugarri batek ere pizten dio arreta: “Azken 2 edo 3 urteotan, batez besteko adinak behera egin du. Orain, 35 urte ingurukoa izango da. Gazteak gehiago etortzen dira”.
Aniztasun hori ikasleen motibazio zein helburuetan ere nabari da: “Liburu bat argitaratzea edo idazle bihurtzea da zenbaiten helburua; beste askorena, berriz, idaztea; norberaren prestakuntza; metodologia ezagutzea...”. Badira Idazle Eskolatik igaro eta gero libururik argitaratu dutenak, Maribel Aiertza, Yoseba Peña, Ainara Maia, Karmele Igartua, Unai Baztarrika... Horrez gain, “literatur iruzkinak egin dituztenak ere badira, lehiaketetan parte hartu dutenak...”.
Ikasleak idaztera bultzatzea ez da eskolaren lorpen bakarra. Irastortzaren esanetan, “uste dut gauza asko lortu ditugula. Bat, hemendik igarotako jendeak lagunak egin izana literaturaren inguruan. Literaturaren gainean jarduten duten talde asko daude herri askotan, eta horietako ugaritan zerikusia du idazle eskolatik pasatako jendeak. Hori aktibatzea lortu dugu”. Horrez gain, “gure egoera hiperpolitizatuan, gai askoz hitz egitea, desideologizatuz. Ez dut esan nahi ideologia txarra denik, baizik eta gauza guztiei ukitu-edo ideologikoa ematea ez dela ona”. Hala, nolabaiteko “askatasun eremua” sortu dutela dio. Horrekin guztiorrekin batera, “harreman sare polita”. Harreman sare hori eta, gainera, ikasleen idatziak sarean irakurgai egotea ikasleei bideak irekitzeko modua izan daiteke. “Egia da bideak ireki egiten direla, naturalki. Areago, esango nuke eskola harrobia dela argitaletxe batzuentzat”.
“Idazten jartzeko ausardia irabazi dut Idazle Eskolan”
Plan estrategikoak, txostenak, aktak eta antzeko testu teknikoak lantzen zaildua dago Joxe Begiristain (Ataun, 1961) Idazle Eskolako ikaslea, Beasaingo CAF enpresan Euskara Planaren arduraduna baita. Lehendik ere delineatzaile lanean ibilia CAFen, “idaztearekin zerikusi gutxi duten arlo teknikoetan aritu izan naiz 45 urtera bitartean”. Alta, letrak ditu gustuko, eta irakurtzea afizio. Idazle Eskolak eskaini dio letren munduan barneratu eta sakontzeko parada.
Plazera, luxua. Behin eta berriro errepikatzen ditu hitzok Begiristainek, Idazle Eskolari buruz mintzatzean. Bigarren ikasturtea du aurtengoa eta ezagun da gustura dabilela. Iazko ikasturtea aipatzean, "espero nuena baino askoz hobea” izan zela dio. “Idazle Eskola nolatan ez den ezagunagoa, horrek harritzen nau” dio.
Irakurle porrokatua da Begiristain. “Leitu bai, asko leitu izan dut, baina gustatuko litzaidake idatzi ere idaztea. Nire ustez, irakurtzen duen orori gustatuko litzaioke idaztea”. Berez, “beti idatzi izan dut: egunerokoak, gutunak, bertsoak, kazetaritza-kronikak, neuretzat bakarrik gorde ditudan burutazioak... Era berean, nire lanbidean ere asko idatzi behar izan dut. Baina ez fikziozko edo 'literatur' adjektiborik onartzen duenik, behintzat”. Hain juxtu, horixe interesatzen zaio gehien: sormena. Orain artean egindako sormen lanak ez ziren “jendearentzat”, eta Idazle Eskola urrats hori emateko balio zaio. Izan ere, “ikaragarri gustatuko litzaidake nire burua idazten ikustea eta nik idatzitako hori norbaitek gustuko izatea edo leitzeko jakin-mina izatea”.
Aurreko ikasturtean eman zuen izena Idazle Eskolan Begiristainek, baina “eskola sortu zuten egun beretik izan dut harra barruan, oso garbi bainuen nire beharretarako propio sortua bezala zela!”. Haatik, 2013ra arte ez zen izena ematera ausartu: “Idazle Eskola' izenak errespetu handia ematen zidan”. Hala, “beti ibili izan naiz Interneteko hainbat tokitan, inoren ezkutuan, on-line dauden gaztelaniazko idazle eskolen webguneetan”. Tere Irastortzak uxatu zizkion beldurrak. Ezaguna zuen Irastortza, eta hark animatu zuen pausoa ematera. “Segituan konbentzitu ninduen. Bene-benetan, ez dakizu zenbat damutzen zaidan duela 12 urte, Eskola sortu zuten une berean, hasi ez izana! Plazer hutsa da niretzat, bai larunbatero Bergarara joatea, baita asteroko lana egitea ere”.
Asteroko lanek ez ezik, eskolen dinamikak berak ere aurrerapausoa emanarazi dio Begiristaini. Hala, orain arteko esperientziak “bestela sekula idatziko ez nituzkeen testuak idazteko balio izan dit. Hona etorri ez banintz, inoiz ez nituen idatziko ikasturte horretan idatzi nituen 18 edo 19 idatzi hain ezberdinak”. Aurtengo ikasturtean ere erronka polita izango du, besteak beste, 30 orrialdeko lana idatzi behar baitute: “Nik neure burua 30 orrialdeko lan bat egiten edo poesia idazten ikustea? Ezinezkoa litzateke, hona etorriko ez banintz”. Finean, “idazten jartzeko ausardia” irabazi du eskolari esker.
Ez hori bakarrik, jakina: “Ezagutu dudan jende guztia, gure arteko harremana, eguneroko solasaldietan lantzen ez ditudan gaiez hitz egiteko aukera...”. Aldian-aldian euren saioetan jasotzen dituzten idazleen bisitak ere ongi gogoan ditu. Hala, idazleekin duten zuzeneko harremana ere gozagarria eta aberasgarria zaio: “Unai Elorriaga, Karmele Jaio... Hainbat libururi buruz hizketan, euren liburuak nola sortzen dituzten kontatzen... Benetako luxua da, plazera, liburuetatik ezagutu eta miresten duzun jende hori ezagutzea”. Halako hitz gozoak botata, ez da harritzekoa ahulgune bakarra topatzea Idazle Eskolari: jende gehiago ez erakartzea. “Idazle Eskola edo bertan ibilitakoren bat ezagutzen ez duena nola etorriko da hona ate joka? Horrek ematen dit pena: hona gustura etorriko litzatekeen jendeari nola jakinarazi hemen ezagutuko duena”.
Ikasi eta gozatu, biak dira bat Begiristainen kasuan. Horrenbestez, sormen idazketan emandako aurrerapausoaz gain, idazketa profesionalean ere hobekuntza sumatu du. Bere lanbidea dela-eta, makina bat testu idatzi ohi du eta “horretan ere ikaragarri lagundu dit eskolak. Batez ere, gabezia pila bat antzematen lagundu dit”. Horrexegatik, argi du: “Nik ez dakit idazle izaten ikasten den; ikasten dena da, inongo zalantzarik gabe, idazten. Batez ere, nik bezala, zer ikasi handia duenak. Beste kontu bat da idazlea izatea. Horretarako, dohain jakin batzuk eduki behar dira. Hau da, ez da nahikoa irakurtzea, irakurtzea oso gustuko izatea, idazketa-arauak menperatzea edo idatzi nahi izatea bera ere. Horiek guztiak ezinbesteko baldintzak dira, noski. Baina beste inork sortu ez duen kontakizun bat idaztea eta testuak, inoren gustukoa izateaz gain, literatur testu maila izatea... Beste gauza bat da helburu potolorik gabe, ezerezetik, paper zurian, bizitza errealean inoiz gertatu gabeko bizipenak asmatu eta sinesgarri egitea. Horretarako, ausardia pixka bat besterik ez da behar. Guztiok dugu zer kontatu”.
“Irakasleek, eskolek eta tailerrek lagundu eta bidea errazten dute”
Maribel Aiertza (Etxebarria, 1962) lehen promozioko ikaslea izan zen Idazle Eskolan. Bertan izena ematerako, bazuen nolabaiteko eskarmentua, gaztetxoa zenetik idatzi izan baitu, Agustin Zubikarai idazle ondarrutarrak bultzatuta eta zenbait lehiaketa eta sarik motibatuta. Argitalpen onenaren Euskadi Saria ere irabazia zuen 1989an, Lertxundi, euskaradun arte unibertsala saiakeragatik.
Haatik, hogeitaka urterekin, bizitzak “beste ardura batzuekin lotu” eta literaturatik aldendu zuen. Idazteko gogoa, ordea, ez zitzaion inoiz itzali, eta Berriatuko Urepel aldizkaria sortu eta koordinatu zuen 2001 eta 2008 artean. Idazketa literariora itzultzeko beharra sentitzen hasita, “bi aldiz pentsatu gabe” eman zuen izena Idazle Eskolan, 2003an haren sorreraren berri izan zuenean, “idazteko beldurra edo ziurtasun falta nuelako. Askok uste du idazlearena senari jarraituz ikasteko ofizioa dela, autodidakta, baina irakasleek, eskolek eta tailerrek lagundu eta bidea errazten dute”. Eskolak adorea eman zion, eta ikasi ere egin zuen: “Zalantza barik, irakaslearen zuzenketak eta eskarmentuan oinarritutako aholkuak guztiz baliagarriak dira. Hizkuntzan eta literaturan trebatzen zara, ofizioa praktikatzen duzu eta zure zaletasun eta kezka bertsuak dituen jendearekin egoten zara, literaturaren autopista eta bidezidorretatik nola ibili eta nora joan daitekeen begira”. Gainera, idazle eta obra batzuetara hurbiltzeko aukera izan zuen: “Irakasle izan genituen Tere Irastortza, Jon Alonso, Jesus Eizagirre... Ikastaro laburragoetan, Unai Elorriaga, Harkaitz Cano... Beste batzuk bisitan etortzen ziren, Miren Agur Meabe edo Fernando Morillo, esaterako. Oso oroitzapen politak dauzkat”.
Idazle Eskolako ikasketak bukatu eta “urte bira-edo” erronka jarri zion bere buruari: “Orain ala sekula ez”. Idazletzan egin ahal zuena neurtzea erabaki eta, Eskolan hasitako ariketatxo batekin, buruan grabatua zuen irudi erreal batetik abiatuta, lan bat idazten jarri zen, Agustin Zubikarai lehiaketara begira. Lana bukatu eta aurkeztu egin zuen, baina ez zuen saria irabazi. Haatik, gustatu egin zitzaion epaimahaikide bati eta Elkar argitaletxeak argitaratu zion 2010ean Tigreak hondartzan eleberria: “Konturatzerako, hor nengoen, plazan, jendaurrean. Horrek ekartzen dizkio idazleari idaztetik aparte egin behar dituen beste mila kontu, komunikabideena, esaterako. Ez zait batere gustatzen, baina neure buruari jarritako erronkaren parte da. Idazleari, batez ere gaur egun, ondo idazten jakitea eta istorio onak kontatzea baino askoz gehiago eskatzen zaio, alegia, 'pistako artista' izatea. Komunikazio eta marketin arloak jorratzeko saio batzuk beharko lituzke Idazle Eskolak, agian orain egingo dituzte...”.
Harrezkero, beste bi liburu kaleratu ditu, gazte literaturaren alorrean: Mara eta izar-saltzailea (Ibaizabal, 2012) eta Munstro bat edukiontzian (Elkar, 2014). Ia ziur dago liburu horiek ez zirela existituko Eskolara joan ez balitz: “Nik erronka moduan hartu nuenez lehen nobela hura idaztea, saririk jaso gabe eta argitaratzailearen gustukoa izan ez balitz, ez dakit idazten jarraituko nuen... Niretzat oso garrantzitsuak izan dira bai Eskola, bai editoreak, bultzatu ala desagerrarazi egiten zaituztelako”.
Horrez gain, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak duela egun gutxi iragarri du Aiertzak irabazi duela Oihenart aforismoen IV. Lehiaketa: “Badakit inoiz ez ditudala liburu mardulak idatziko, laburrera jotzen dudalako eta gustuko dudalako gutxi horrekin asko iradokitzea. Beraz, lan luzeetarako denborarik eta patxadarik hartu ezinik, betidanik gustuko izan ditudan aforismoekin probatu dut aurten, eta horiek lehen sariaren poza ekarri didate”. Are gehiago, hasita dauka beste nobela bat, “baina trabatuta dago, denbora faltagatik eta hasitakoa ez dudalako ongi ikusten. Hortaz, utzia dut apur batez”.
Aiertzak ez omen daki aipatutako guztia Eskolaren bultzadarik gabe egitera iritsiko ote zen: “Esker ona baino ez daukat Eskolarentzat, nire bidera une egokian azaldu zelako”.