Kultura: askoren kezka, kezka asko

Guk gEUre Kulturaz ekimenak, euskal kulturak bizi duen egoeraz kezkatuta, otsailaren erdi aldera zabaldu zuen deialdia kulturarekin zerikusia duten eragile guzti-guztientzat: Euskal Herri osoko sortzaileak, antolatzaileak (herri mugimenduetakoak, profesionalak, erakunde publikoetakoak), hezkuntzako eragileak (arautu eta ez arautuak), kazetariak, hartzaileak, kulturazaleak... Asmoak, hainbat: iritzi trukaketa zabal eta sakona bultzatzea; konponbide emankorrak adostea; euskal kulturaren beharrizan, aukera eta erronka estrategikoez hausnartzea... Eta, azkenean, hitzetatik ekintzetarako jauzia ematea.
Ahotsenea, Eskena, Karraskan sarea, Kulturalive, MIE Musika Industriaren Elkartea eta Kultura Irekia taldearen deiari 130 bat lagunek erantzun zioten. Egun osoan bildu ziren otsailaren 27an Durangoko San Agustin kultur gunean: talde batetik bestera mugituz, aukera izan zuten esateko, entzuteko, solastatzeko, eztabaidatzeko, adosteko, proposatzeko... Bilkura haren balorazioa martxoaren hasieran egin ostean, martxan dira jada. M. Egimendi, Eñaut Mitxelena, Maialen Errecart.

tolosa

Donostia Kulturako teknikaria da Iker Tolosa. Egun, Donostia Kultura eta Donostia 2016ren arteko hitzarmen bat tarteko, Kultur Hiriburutzaren egitasmoan ari da lanean. Durangoko topaketan parte hartu zuen, maila pertsonalean, euskal kultur sektorearen egoeraren inguruko kezkarekin bat datorrelako, “zalantzarik gabe”.

Gaia interesatzen zait, eta planteamendua ere interesgarria iruditu zitzaidan” dio Tolosak. Gainera, bertaratutakoen aniztasunak harritu egin zuen, onerako: “Egia esan, ez nuen hainbesteko aniztasunik espero. Hori izan zen, nire ustez, topaketaren alderdirik positiboenetakoa. Euskal Herriko kultur panoramaren argazki nahiko integrala zegoen”. Aniztasun hori gune berean biltzea oso esanguratsua iruditzen zaio Tolosari eta bilkura egin izana “oso positiboa. Ikusi da kezka badagoela, eta ez dela sektore bakar batena”.
Bere lana dela eta, Tolosak harremana izan ohi du kultur mosaikoaren pieza ezberdinekin. Egun, Donostia 2016ko langile moduan, lurraldeko eragileekin elkarlan loturak egiteaz arduratzen da, egitasmoaren baitan sorturiko proiektuek “jarraipena izan dezaten”. Aldez aurretik ere, antzeko: “Bost urtez kultur etxeak zuzendu ditut: egitaraua, sortzaileak, hiritarrak... Denekin egin dut lan”.
Eguneroko lanak emandako ezagutzatik abiatuta, zer jorratua izan zuen Durangon: “Azkenaldian ditudan kezkekin bat egiten duen gaia atera zen”. Hasteko, sorkuntza sustatu beharra nabarmendu du: “Gaur egun, gehienbat sorkuntzak bultzada behar du, eta, horretarako, espazioak behar ditu”.
Haatik, sorkuntzaz harago doa bere kezka eta, azken urteotan, sektoreko eragileek egindako lanari erreparatu dio: “Sortzaileek, alde batetik, diru-laguntzak jaso eta euren proiektuak garatu dituzte, modu isolatuan. Bestetik, ekipamendu pila bat eraiki dugu, programazio asko egin da, eta publikoarekin gogoratu gara sarrerak saldu behar zirenean bakarrik, edo museoetako bisitari ratioak igo nahi genituenean”. Ondorioz, “hiru ardatz horiek oso gutxitan egin dute lan koordinatuta. Hiruki hori oso gutxitan izan da hirukia; hiru bide paralelo izan dira. Nire ustez, krisi edo egoera honek zer edo zer positiboa ekarri behar badu, izan behar du nolabait hiru erpin horiek lotu eta hirukia sortzea”. Hau da, elkarren arteko harremana lantzea: “Ekipamenduek hedapena, programazioa, egiten jarraitu behar dute, noski. Baina sortzaileekin bestelako harremana landu behar dute. Harreman estuagoa, jarraituagoa, behar da. Bereziki hiritarrei begira: hiritarrak ezin ditugu kontsumitzaile huts gisa ikusi. Eskaria sortu behar da, baina horrek ez du esan nahi sarrera-erosleak sortzea. Eskaria landu egin behar da”.
Ildo horretatik, hezkuntzaren garrantzia nabarmentzen du. “Hezkuntza mundua da gure erronka handiena. Biharko 'kontsumitzaileak', kulturaz elikatuko diren horiek, ikastetxeetan daude egun, eta ez dugu batere harremanik beraiekin. Hezkuntza sektoreak ikusi behar du kultura eta artea oso tresna eraginkorrak direla hezteko”. Horregatik, sortzaileen, ekipamenduen eta hezkuntza munduaren arteko harremana normalizatu behar dela uste du. Hain juxtu, Donostia 2016ko lanaren baitan, arlo horiek lantzen ari da: “Nolabait, hiruki hori normalizatzen”.
Normalizatze horretarako, kulturgintzari ikuspegi estrategikotik helduko dion kultur politika behar dela uste du. Hori bai, “denok ditugu kritikatzeko gauzak, eta bereziki garrantzitsua litzateke autokritika”. Arlo guztietan: sorkuntzek zer-nolako kalitatea duten; ekipamenduen kudeatzaileak “bulegotik kalera” behar adina ateratzen diren; lan komertzialak eskaintzea ez ote den “epe luzera gure buruari harriak botatzea”…
Finean, landu beharreko gai asko. Horrenbestez, hain eremu zabalari heltzeko oso positiboa iruditu zaio Durangon abiarazitako bidea. “Beti ere, pentsatuz lehenengo urrats bat dela. Ezinbesteko urratsa, nolabait, ikusgai egiteko eta ezberdinek topo egiteko. Baina horretan geratzen bagara, ez dugu ezer egingo; urrats gehiago eman behar dira”. Horretarako, Durangon plazaraturiko kezkak arlo ezberdinetan banatu behar direla uste du: “Esate baterako, musikaren munduak dituen arazo konkretu batzuek ez dute zerikusirik, adibidez, artista plastikoek izan ditzaketenekin. Hortaz, orain helburua izan beharko litzateke zenbait arlo argi finkatzea eta horien inguruan zuzeneko interesa duten eragileak elkarlanean jartzea”.
Izan ere, oso zaila iruditzen zaio hain gai zabaletik ondorio orokorrak ateratzea. “Terapia bezala oso ongi dago, tarteka negar egiteko sorbalda bat edukitzea oso ongi dago, edo erakundeei egurra emateko. Baina hauek dira herri honetan ditugun osagaiak, eta horiekin lan egin behar dugu. Horregatik diot helburuak oso argi finkatu behar direla. Norabideak eta metodologiak finkatu eta errealistak izan. Ezin gara ilargia eskatzen aritu; horretarako, tabernetako elkarrizketak daude”. Hala, gaiak mugatu eta “helburu horiei begirako urrats txikiak” eman behar direla uste du, “ez dagoelako besterik”.

 

kristian

Durangoko jardunaldietan parte hartu duten Iparraldeko bi eragileetariko bat izan da Kristian Amorena saratarra (Lapurdi). Damba taldeko kidea izateaz gain, Musikari elkartea eta Musika Industriaren Elkarteko (MIE) partaide ere bada. Kultur arlo guztien arteko hausnarketa ireki honek ekar litzakeen hobekuntzak ez ezik, musika mailan Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubia oraindik eraikitzeko badela ere aipatu digu.


Musikazaleetatik instituzioetara, Guk gEUre Kulturaz gogoeta denei irekita da; Euskal Herrian dauzkagun zailtasun guztiak tratatzeko balio du, aterabideak elkarrekin aurkitzeko” dio Amorenak: “Orain, hausnarketa egunean bildutako informazioekin gabiltza lanean”. Izan ere, jardunaldiak antolatu dituzten elkarteen arteko bileretan parte hartu zuen saratarrak martxoan, “egitura ezberdinetako jendearekin eztabaida eraman dugu, izan argitaletxe, zinemako aktoreen sindikatu edo Eusko Jaurlaritzako teknikari. Durangon ateratakoaren ildotik lan egiteko gogoa erakutsi dute denek ”.
Lehentasunak adostu ondoren, epe laburrean konpondu beharreko arazoak dauzkate mahai gainean, “premiazkoak iruditzen zaizkigun arlo bakoitzeko hiruzpalau gai aukeratu ditugu eta egutegi zehatz batean kokatzeko pausoa emateko unea iritsi zaigu”. Amorenaren ustez, “kultur mailan, errotik hasi behar da dena berriro, eta euskal kulturaren kontseilua sortzea izango litzakete egokiena, plangintza orokor bat sortuz”.
Horrenbestez, musikari dagokionez, eragileen arteko komunikazioa eta kohesioa sustatzeko beharra nabarmentzen du: “Baliabideak badaude, baina oso gaizki kudeatuak dira, diru kopuru beldurgarriak mugitu arren, musikari batzuen egoera larri geratzen da”. Auto-kudeaketan sinesten du,beraz, Amorenak: “Musikariak kontzientziatu behar dira eta filosofia denen artean landu, hartzaile, artista eta antolatzaileen artean; bakoitzak sortzen dituen ekintzen eraginez ohartzea baitezpadakoa da”.
Saratarrak argi dauka badela ordua elkarlan hori bultzatzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko: “Herri mugimendutik hasi behar dugu, izan elkarte, gaztetxe edo dena delakoa; eta tokian tokiko eragileekin eskutik aurrera joatea garrantzitsua da”. Horretarako, Iparraldeko musikariak lotzen saiatzen ari da, “gauza asko egiten dira hemen, Euskal Kultur Erakundeak egindako lana eredugarri izan beharko luke Hegoaldean ere, esate baterako”, eta nahiz eta Durangoko gogoetan gaia ez agertu, “Iparraldearen eta Hegoaldearen artean dagoen sasi handi hori haustea ezinbestekoa zaigu, komunikazio eskasari aurre egin eta trukaketak martxan jarri behar ditugu. Hegoaldekoek Iparraldearekiko daukaten kuriositatetik ezagutzara pasa beharko lukete, harritu egingo lirateke egiten dena ikusita!”.
Elkarrengandik ideiak hartuz, “guztion onerako joko dugu; helburua zirkuituan oreka bat lortzea da, orain botatzen dugun haziak gerorako balioko duelako”. Hartzailearen erantzukizuna ere argi utzi nahi du, “norberak ohartu beharra dauka taberna batean sartu eta musika entzuteko 3 euro emateak eragina daukala eta ekintza bat egin duela”; izan ere, “salbatuko gaituztenak hartzaileak izango dira, ez instituzioak”. Amorenak baikortasunez ikusten ditu abiatutako hausnarketaren ondorioak, “jendea lasai eta fede onez hitz egiten ikusi dut eta orain gure esku dago mugimendu honen berri Euskal Herriko zoko guztietara zabaltzea”.

ibañez

Amaia Ibañez (Bilbo, 1968) Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresak biltzen dituen Eskena elkartearen gerentea da 2009ko irailetik. Eskena, beste kultur eragile batzuekin batera, Guk gEUre Kulturaz ekimenaren antolatzaileetako bat izan da.


Guk gEUre Kulturaz antzerki eta musikaren mundutik abiatu zen bereziki, Ibañezek dioen moduan, “urteak” daramatzatelako harremanetan. Baziren aurrekariak. Alde batetik, duela bi urte elkarrekin sortutako Arte Bizia plataforma: “Manifestu bat plazaratu genuen egoera salatzeko, ordurako programazioa oso murriztuta zegoelako bai musikan, bai antzerkian”. Halere, ekimen hura horretara mugatu zen.
Geroago, MIEk beste deialdi bat egin zuen “kultur enpresok dugun arazo larri bat aztertzeko: erakundeek batez ere ekitaldi handiak sustatzen dituztenez, zer jazotzen da horren handiak ez diren enpresa ertain eta txikiekin?”. Aipatutako bi ekimen horiek abiapuntu, Guk gEUre Kulturaz “kultur ekosistema osoari” zabaltzea erabaki zuten: “Industriaz gain, sortzaileak, komunikabideak, hezkuntza arloa... biltzeko”.
Lehen helburua, elkar ezagutzea: “Nik ezagutzen ditut musikariak, aktoreak, teknikariak... baina, adibidez, Ahotsenea entzuna besterik ez nuen” dio Ibañezek. Horregatik planteatu zen oso dinamika zabala, “gaiak aurretiaz ezarri barik”, zein kezka agertzen ziren ikusteko. Izan ere, Ibañezen esanetan, Eskenak egina du antzerkiaren egoeraren diagnosia, ezagutzen ditu beharrizanak eta badaki nola bideratu elkarrizketa erakunde publikoekin: “Zuzeneko harremana dugu Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Foru Aldundiekin. Halere, gure mikro-politika zehatzak gainditu eta gorago begiratu nahi genuen, ikusteko zein zen kulturak hartu nahi zuen bidea. Hori bai, erakunde publikoei eskatzen diegu sektorea kontuan izan dezaten kultur politikak aurrera eramateko”. Ibañezek uste du badutela “borondate politikoa sektore pribatuarekin elkarlanean jarduteko”.
Hizkuntzari dagokionez, Durangon ez ziren bereizi euskaraz sortutako kultur adierazpideak eta euskal egileek gaztelaniaz edo frantsesez sortutakoak: “XXI. mendean, diskurtso hori gaindituta dago. Euskal kultura euskaraz egiten dena da, noski, baina baita Euskal Herrian gaztelaniaz edo keinu bidez egiten dena ere. Hori hasieratik egon zen argi”.
Guk gEUre Kulturaz ekimenak hasieran ibilbide “azkarra” egin zuela dio Ibañezek, “dinamika irekian oinarritu zelako. Gai zehatzak proposatu bagenitu, gehiago kostatuko zen”. Orain arte planteatu gabeko formatua da, oso irekia, “beharbada iritsi da jarduteko moduak aldatzeko garaia”. Deialdia hain zabala izanik, eragile asko hurbiltzea espero zuten, baina “gehiago etorri ziren”. Alabaina, gehienak ekoizleak, bitartekariak, industria mundukoak... izan ziren, eta antolatzaileek sortzaileen falta sumatu zuten: “Gonbidatuta zeuden, baina ez dakit zelan ikusten duten beren burua kultur politikaren eraikuntzan. Agian uste dute ez dutela ezer esateko edo ez dutela eragiteko indarrik... Gu baiezkoan gaudenez, hurrengoan ahalegin handiagoa egin beharko da haiek erakartzeko”.
Orain dator erronka: Durangon jasotako informazio hori guztia “aztertu eta puntu komunak identifikatzea, hortik hiruzpalau proposamen zehatz ateratzeko”. Argi dute aurrera egingo dutela, baina denbora beharko dute lan hori burutzeko, beraz, ez dute eperik zehaztu. Ez dakite hurrengo deialdiak nolako formatua izango duen: “Bildutako informazioak sektoreka egiteko beharra erakusten badu, beharbada horrela egingo dugu, baina, printzipioz, ni ez naiz horren aldekoa. Arlo bakoitzean dagoeneko jendeak badu elkarren berri. Apika aberasgarriagoa da talde bakoitzean denetarik egotea: sortzaileak, hartzaileak, ekoizleak, hezkuntza arlokoak...”. Etorkizunak esango du hori, baina jada abian dira.