Martxoaren 5ean, lehiarako eta ospakizunerako leku izan zen Zornotza, bertako Udal Pilotalekuan jokatu baitzituzten Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalak elite eta lehen mailan. Lehenengoan, Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz izan ziren garaile; bigarrenean, Alba Martinez eta Arrate Bergara. Txapelekiko lehiak piztutako interesa bezain handia izan da txapelketak sorturiko oihartzuna, bai esku pilotan aritzen diren edota aritu nahi duten emakumeen artean, bai ikusleen artean ere. Emakumeak esku pilotan leku eta aukera gutxi izan ditu, oro har. Haurtzaroan askok jokatzen dute, mutilen aurka maiz, baina gaztaroan utzi egin behar izaten diote, ezaugarri fisikoak tarteko ezin izaten dutelako gizonezkoen aurka lehiatu: materiala gogorregia delako, ahalmen fisikoa urriagoa... Askok, orduan, pala hartzen dute. Azken urteotan, baina, esku pilotan jokatzeko urratsak egin dira, bai pilotan jarduteko emakume taldeak sortuta edota txapelketa berriak antolatuta, bai materiala egokituta... Dena den, oraindik ere badago zer egina, pilotalekua ez dadin soilik gizonezkoen eremu izan eta esku pilotan zein beste modalitate batzuetan emakumeek bidea egin dezaten. Finean, joka dezaten. Gizonezkoek bezainbesteko arretarik jasotzen ez duten arren, frontoian emakumeak egon badaudelako. Badirelako. Eta ari direlako, ondorengo orrialdeetan ikusiko dugunez. Eñaut Mitxelena, Maider del Olmo, M. Egimendi.
Aldatze Iruñeko Emakume Pilotariak taldearen lehendakaria da Naroa Iturain Arrastia (Iruñea, 1992). Txikitatik ibili izan da frontoietan: “Ez klub batean sartua edo deus formaletan, baina beti palatan edo esku pilotan...”. Egun, pilotan aritzeaz gain, emakumeen pilota sailaz arduratzen da Nafarroako Pilota Federazioan.
Pilotalekua “izugarri” maskulinoa dela argi du Iturainek. Haatik, “gero eta gehiago sartzen ari gara emakumeak, beharrezkoa zelako. Emakumeek beti egon izan dira frontoietan, baina une batetik aurrera desagertu egin ziren. Batez ere, esku pilotan. Orain, konponbidea eman nahi izan zaio horri, emakumea berriz ekarrita frontoietara, eta ez bakarrik erremintaz, baizik eta eskuz ere bai”.
Pala da modalitaterik hedatuena emakumeen artean. Esku pilotan, ordea, askoz gutxiago aritu izan dira. Gazteak direnean, neska askok jokatu ohi dute, dela haien artean, dela mutilen kontra, baina 14-15 urterekin utzi egin behar izaten dute, ezin direlako gizonezkoen kontra lehiatu. “Materiala, eskuak errazago mintzen zaizkigula, indarra... fisikoki ez gara berdinak, eta esku pilota utzi eta derrigor hasi behar izaten dugu palatan jokatzen. Guk nahi dugu hori ez gertatzea eta esku pilotari jarraipena ematea, 14 urtetik aurrera ere esku pilotan jokatu ahal izatea”.
Horregatik sortu zuten Aldatze taldea, duela urtebete pasatxo, zenbait emakumek. Esku pilotan jokatzeko xedeak batuta eta Larrabetzuko Txokoan elkarte aitzindariaren ildotik. Hasieran, Mañueta kaleko pilotalekuan entrenatzen zuten, Carlos Armendariz pilotari ohiaren agindupean. “Baina utzi egin behar izan zuen eta entrenatzailerik gabe geratu ginen”. Hala, elkartea formalki osatu eta ate joka hasi ziren. “Azkenean, entrenatzeko pilotaleku bat lortu genuen, Arrosadia auzoko Gelbentzu, bai eta gu entrenatzeko pertsona bat ere: Maite Ruiz de Larramendi. Neskontzako erreferente bat da”.
Astean bitan egiten dituzte entrenamenduak, eta “dozena erdi lagun joan ohi gara. Ahal dutenean etortzen direnak ere badira. Gutxi gorabehera 10-12 lagun”. Gazteenak 14 urte ditu, eta beteranoenak 40 pasatxo. “Ez dago inolako adin tarte finkorik ez taldean sartzeko, ez jokatzeko, ez gozatzeko”.
Taldeak sortu, txapelketa gehixeago antolatu... “Pauso txikiak emanez” egoera aldatzen ari dela uste du. “Guk hasieran ez genuen deus, ez genuen ezta frontoian sartzeko aukerarik ere. Orain, aldiz, badugu pilota estandarizatu bat edo guztiok ongi jo dezakeguna, frontoian sartzeko aukera daukagu... Hau da, ez ditugu Txokoan elkarteak hasi zenean izan zituen bezainbeste traba”.
Nolanahi ere, “lan izugarri handia geratzen zaigu aurretik neskoi, eta batez ere esku pilotarioi. Zeren palistek badituzte euren txapelketak, horretarako lan egin dutelako. Meritu handiko lana da, eta aitortu egin behar zaie. Orain, esku pilotarioi dagokigu. Pausoz pauso lortu beharko dugu txapelketak izatea, emakume esku pilotariak aitortzea eta erakundeek babesa ematea, behintzat”. Klubek emakumeen atalak sortzea eta ez soilik pala modalitatean; erakunde eta federazioetan eragitea... Urratu beharreko bideak ugariak dira. “Proiektu hauetan sartu, landu eta aurrera eraman nahi izateagatik arraro samartzat jotzen zaituzte”. Halere, ekinaren ekinaz, badoaz aurrera. Kirolaren eta Gazteriaren Nafar Institutua aipatu du: “Eskerrak eman behar dizkiogu, erakunde horri esker baitaukagu entrenatzeko tokia. Azkenean, ikusten duzu badagoela gugan sinesten duen jendea. Baina landu egin behar da, eta ate asko jo, pertsona egoki horiek aurkitu arte”.
Nafarroako Federazioan ere “ikusten da aurrerapausoa egin dutela, funtzionamenduan edo mentalitatean zerbait aldatzen ari dela”. Horren erakusle iazko udazkenean jokatutako Nafarroako I. Nesken Esku Pilota Txapelketa, edota urtarrilean hasi zen Nafarroako I. Emakumeen Frontenis Txapelketa.
Emakume Master Cup ere izan du hizpide. Lehenengo kanporaketan kaleratu zituzten Iturain eta bere bikotea (Iturainek atzelari jokatu ohi du). Halere, “gustura aritu ginen. Giro polita sumatzen da, eta atsegina da bai jokatzeko, bai ikusteko. Giro alaia, zirrara...”. Hau da, kirol lehia bete-betean. “Hasieran, jendea joaten zen batez ere “neskak ikustera”, ea zer egiten genuen. Baina orain partidak ikustera etortzen dira. Ikusten dugu jendea gero eta konprometituago dagoela emakumeokin. Emakume Master Cupek izan duen oihartzunak erakutsi du jendeak izugarri babesten gaituela, eta poztekoa da”. Horrelako txapelketak beharrezkotzat ditu: “Emakumeok orain dela gutxi hasi gara, txapelketa gutxi ditugu… beraz, beharrezkoak dira. Horrela ikusten da emakumeak konprometituak gaudela pilotarekin, jendeak babestu egiten gaituela eta kirol honetan jardun nahi dugula. Hau da, ez dela une jakin bateko zaletasuna”. Horrekin batera, halako txapelketek balio dute “ikusteko jendea mugitu egiten dela. Hasieran pentsa dezakezu gutxi garela, baina pixka bat mugitu eta ikus dezakezu hemen bagarela sei, Larrabetzun 20 bat, Gipuzkoan asko... Irlatxoak gara, baina jende asko gaude”.
Umetatik, kirolak garrantzi handia izan du Maider Mendizabalen (Anoeta, 1977) bizitzan. Denetarik probatu du: futbola, tenisa, eskia, igeriketa, pilota... Azken horretan nabarmendu da batez ere, bai palaz, bai eskuz. Martxoan, Nagore Arozenarekin batera, Emakume Master Cupeko elite mailako finala jokatu zuen, Zornotzan.
Eskuan min hartuta burutu behar izan zuen Emakume Master Cupeko Zornotzako finala. Partidaren hasiera besterik ez zen, eta kolpe latz batek oinazea eragin zion hurrengo minutuetan. Mendizabalek zera gogoratzen du elite mailako partida hartaz: “Pilota berria zenez, ohi baino gogorrago zegoen. Gaizki jo nuen. Handik aurrera, ematen nion bakoitzean mina sentitzen nuen”. Finaleko azken emaitza, tantoetan, aurkarien aldekoa izan zen; beraz, txapeldunorde titulua eskuratu zuten Maider Mendizabalek eta Nagore Arozena lizartzarrak.
Zornotzan eskuratutakoa garaikurra beste bat izan da Mendizabalen kirol ibilbide oparoan, pilotan munduko txapelduna izan baita behin baino gehiagotan. Urte luzez aritu izan da palaz jokatzen. “Normalean, palaz ondo jokatzen dugunok eskuz ere ondo egiten dugu. Txapelketa honetan lehiatu garen gehienok palistak gara”. Dena dela, txapelketarako ia ez da entrenatu, ez palaz, ez, are gutxiago, eskuz. Ez du astirik izan. Ikasketak direla, umeak direla (bikiak izan zituen uda partean), prestaketa handirik gabe aurkeztu zen. Hori horrela, lortutako emaitzarekin pozik egoteko moduan dagoela uste du.
Orain ez bezala, gaztaroan orduak eta orduak ematen zituen Anoetako pilotalekuan entrenatzen. Lagunduta edo bakarrik, bere jokoa hobetzen tematu zen garai hartan, baita lortu ere. 20 urte bete zituen arte, egunero-egunero egiten zuen pilota saioa; hori bai, gainerako kirolak alboratu gabe: “Kiroletan ona izan naiz betidanik. Eskia egin dut, tenisa, igeriketa, futbola... Unibertsitatean, gainera, Soin Hezkuntza eta Kirolaren Zientziak karrera ikasi nuen. Gasteizen ikasten ari nintzela, azken urtean, futbolean jokatzen hasi nintzen”. Hala eta guztiz ere, ezin zituen futbola eta pilota uztartu, ordutegi bertsuetan izaten zirelako kirol saioak.
Bidegurutze hartan, pilotaren aldeko hautua egin zuen: “Pentsatu nuen futbolean zailago izango nuela nabarmentzea, gora egitea. Pilotan, aldiz, emakume gutxiago ginen. Hortaz, maila ona nuela ikusita, kirol horretan jarraitzea erabaki nuen. Pilotak gauza on asko eman dizkit, esate baterako, bidaiatzeko aukera. Txapelketen harira, jendea eta herrialdeak ezagutu ditut”.
Jokalaria ez ezik, entrenatzailea ere izan da. Duela gutxira arte, Anoetako gaztetxoekin jardun izan du pilota eskolan; hain justu, frontoi berean, haurtzaroan hainbeste ordu eskaini zizkion lekuan. Garai hura, umea zenekoa, ondo gogoan du. Zazpi bat urte zituela, herrian pilota eskola sortu zuten, eta orduantxe hasi zen pilotalekuan.
Anoetako pilota eskolan ez ezik, Gipuzkoako federazioan ere jardun izan du lanean. Federaziotik, sustapen saioak gidatu ditu eskoletan, neskek pilotan joka dezaketela jakinarazteko. Helburua izan da emakumeak pilota munduan sartzea, badago eta horretarako beharra. Mendizabalek azpimarratu duenez, “pilota eskolan, gehienak mutilak izan ditut. Beti izaten da tartean neskaren bat, baina gutxi dira”.
Emakume taldeekin aritzea ere egokitu izan zaio; hala eta guztiz ere, haien xedea ez zen lehiatzea: “Emakume horien asmoa ondo pasatzea zen, eta hori egiten genuen. Azken batean, jokalarien beharretara egokitu behar duzu. Nik oso talde desberdinak entrenatu ditut. Helburua argi izatea da kontua. Ondo pasatu nahi badute, aurrera, hori egingo dugu. Niri neuri irabaztea gustatzen zait, baina hori ez da dena”. Lehiatzea gustuko izanagatik, jolasteak ematen dion plazera azpimarratu du. Zein baino zein aritu baino, kirolean jardueraz gozatzen jakin behar da: “Entrenamendu saio gogorrak eskatzen dituzten kirolak ez zaizkit horrenbeste gustatzen, korrika egitea edo txirrindularitza, kasurako. Nahiago ditut beste batzuk”.
Bestalde, pilotari dagokionez, baduela zer hobetu uste du: “Bikiak izan aurretik, sasoi betean nengoen, inoiz baino hobeto. Nik uste berreskuratuko dudala forma fisikoa”. Jakitun da, halaber, jokatzean akats batzuk egiten dituela: “Uste dut oraindik ere nire maila hobe dezakedala”.
Jakinarazi duenez, azken asteotan jasotako dei oldearekin harrituta dago apur bat: “Normalean, kazetariek emakume pilotarioi ez digute kasu handirik egiten. Hori bai, martxoaren 8a iritsi, emakumeen nazioarteko eguna, eta denak etortzen zaizkigu gainera. Emakume Master Cup txapelketak, gainera, nik espero baino oihartzun handiagoa izan du”.
Iker Amarika (Larrabetzu, 1981) Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren zuzendari teknikoa da. Aurtengoa era horretako lehenengo lehiaketa izan bada ere, ez da azkena izango.
Berez, ez da izan emakumezkoen artean jokatutako eskuz binakako lehen txapelketa: 2015ean eta 2016an, Bizkaiko Federakundeak antolatu zuen Emakume Master Cup lehiaketa. Honetan, ordea, partaidetza irekia izan da. Gura izan duten guztiek hartu dute parte Amarikak, Xaker kirol zerbitzuen enpresaren bidez, antolatutako txapelketan.
Balorazioa ezin positiboagoa izan da: adin ezberdinetako 80 partaide; Euskal Herri osokoak (Zornotzan bizi den kubatar bat barne), estatukoak, Mexikotik bere bidaia ordainduta etorritakoa... “Bartzelonatik, Valentziatik eta Zaragozatik etorritakoek ere ordaindu dute euren bidaia. Emakumeek gogoa dute esku pilotan jarduteko, asko urte askoan jolastu izan dira aisialdian; beraz, txapelketa hau aukera bat izan da eurentzat”. Zubietako (Nafarroa) ahizpa biren kasua da: “Igandero geratzen dira herriko frontoian jokatzeko. Lehiaketaren berri izan zutenean, izena epez kanpo eman zuten, baina garaiz genbiltzanez, onartu egin genituen. Nola esan ezetz?”.
Bi mailatan jokatu da txapelketa: elitean eta lehen mailan. Amarikak azpimarratu du lehen mailako asko hasiberriak zirela: “Batzuk lehendabiziko aldiz jantzi dira zuriz, eta lehenengoz jokatu dute txapelketa ofizial bat, epailearekin eta jendaurrean. Hain zuzen, askok horrexegatik ez dute parte hartu, ez dira ausartu pauso hori ematera. Saiatu gara haiek animatzen, baina emakumeek barneratua dute ezin dutela esku pilotan jokatu. Haatik, hori ez da horrela. Bakoitza bere mailan, adina ez da aitzakia (12 eta 55 urte bitarteko pilotariak daude), eta pilota ere ez, bigunarekin ez baitago arazorik”.
Master Cup hau Lapurdi, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko pilotalekuetan jokatu da, baina hurrengo urterako Bartzelonak eta Zaragozak frontoiak eskaini dituzte. Aurretik, halere, maiatzaren 20an, Zaragozako Stadium Venecia pilotalekuan emakumeen topaketa bat egongo da, eta Master Cupeko partaide guztiei luzatu zaie gonbidapena: “Hurrengo urterako ikusiko dugu interesatzen zaigun partidaren bat Euskal Herritik kanpo antolatzea; izan ere, frontoiak eta emakume pilotariak leku guztietan daude. Txapelketa honekin lortu dugu eskuzko moldea gustuko duten emakumeak eta txikitan jolastu zirenak hurbiltzea. Askori gustatzen zaie, baina ez dute aukerarik izan, materiala ez da egokitu... XXI. mendera arte itxaron behar izan dugu emakumeak esku pilotan jokatzen ikusteko”.
Hobetu beharrekoei erreparatuta, “pilota hobea” lor daitekeela dio Amarikak, “eskura hobeto egokitzeko”. Eta lehen mailako kanporaketa orekatuagoak egitea ere bai: “Aurten, pilotari asko ez genituen ezagutzen eta kanporaketak aliritzira jarri ditugu. Datorren urtean, gehienak ezagututa, errazagoa izango da orekatzea”.
Txapelketak bultzada handia eman dio emakumezkoen esku pilotari, baina badira egiteko ekarpenak: “Guk hasiera eman diogu ibilbideari. Orain, lurralde bakoitzeko federakuntzari tokatzen zaio. Adibidez, egun 40 neskatila dabiltza Bizkaian esku pilotan jokatzen. Nahi izanez gero, orain denek jarrai dezakete euren ibilbidea. Bestalde, Euskadiko Federakuntzak antolatzen duen selekzioen arteko GRAVNI txapelketa hasiberria da Gipuzkoa, Bizkaia, Errioxa, Araba, Nafarroa eta Iparraldearen artean, baina hor ez dago esku pilota partidarik emakumeentzat. Jar daiteke jokamolde hori, pilotariak lurralde guztietan baitaude, ez da diru kontua. Datorren urtean, eskuzko jokamoldea sartu beharko litzateke, palan bezala, hor gizonezkoek zein emakumezkoek jokatzen baitute”.
Eskoletan ere ez dago: “Beti gabiltza gure kirola dela esaten, baina gero eskoletan ez da lantzen, batzuetan pilotalekua eduki arren. Larrabetzuko Txokoa elkarteko pilotariak, emakume pilotarien aurreneko elkartekoak, ibiltzen dira eskolaz eskola emakumeak animatzen pilotan has daitezen, baina heziketa fisikoko irakasleak landu beharko luke pilota, ikasturtean hil batez gutxienez”.
Hala, Amarikak garrantzitsua deritzo hasitako ibilbidea jarraitzeari: “Klubak eta federakuntzak inplikatu egin behar dira. Irtenbidea eman behar zaie esku pilotan jokatzeko sekulako gogoa duten emakume horiei”.