Uffizitarren Galeriaren zuzendari Eike Schmidt-ek Florentziako zenbait jatetxeri zerga erantsia ezartzea nahi du. “Monumentuetan pilatzen den zikinkeriaz nazkatuta”, garbiketak sortzen duen kostu gehigarria ordaintzeko tasa proposatu du, ogitartekoak eta antzekoak saltzen dituzten lokaletarako. Izan ere, bertan jateko tokirik ez dutenez, turistak monumentuetan jesartzen dira mokadua egiteko. Uffizitarren Galeriako patioko bankuak garbitzea, kasu, “oso lan nekeza” da, schiacciate famatuen saltsa eta olioa bereziki kaltegarriak direlako monumentuen pietra serena izeneko material hauskorrerako: berehala garbitu ezean, harri barruan sartzen dira, eta erabat hondatzen dute. Schmidten proposamena "zentzugabea” dela diote jatetxeen nagusiek, “are gehiago susperraldi une zail honetan. Urtebetez lanik gabe egon ondoren, zerga berriak enpresa asko ixtera kondenatuko lituzke". Auzoko zenbait bizilagun, berriz, zergaren alde agertu dira, hiria trattoria handia bihurtu dela iritzita.