COVID-19ak izugarri aldatu du gizartea azken urte eta erdian. Besteak beste, langile askok etxean lan egiteari ekin behar izan diote. Telelanari, alegia. Eraldaketa horri erreparatu dio Euskaltzaindiak, eta telelanaren ingurumarian zabaldutako oinarrizko hitzak jaso ditu Telelanaren oinarrizko lexikoan: bideodei, bilera telematiko edo telebilera, lanpostu ergonomiko, teknoestres... Euskaltzaindiaren UZEI erakunde atxikiak hainbat iturri izan ditu abiapuntu glosarioa osatzeko: Euskaltzaindiaren Hiztegia, Euskalterm terminologia banku publikoa, inguruko beste hizkuntzen terminologia banku nagusiak, komunikabideek jasotakoa... Emaitza Euskaltzaindiaren webgunean (euskaltzaindia.eus) topa daiteke. Euskaltzaindiak nabarmendu duenez, oinarrizko lexikoa den aldetik lehen hurbilketa lana izateko helburua du.