Kontzertuak, antzerki eta dantza emanaldiak, erakusketak, hitzaldiak, bertsolaritza, zinema emanaldiak, artisten egonaldiak... Urriaren 2ra arte, artea, kultura eta natura uztartuko ditu Azken Muga nazioarteko arte eta kultura jaialdiaren 6. edizioak. 40 jarduera baino gehiago eskainiko ditu abuztuaren 20an hasi zen jaialdiak. Aurreko edizioetan bezala, Tolosako Bedaio auzoak eta Nafarroako Azkararte kontzejuak bat egiten duten Zarateko lepoan izango dira ekitaldi guztiak, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan, hain zuzen ere, eguraldia lagun badute. Bestela, inguruko herrietan egingo dituzte. Hori bai, ekitaldiek lekuko berezia izango dute: lehen ediziotik jaialdiaren ikur izan den aulki erraldoia. 2016an ipini zuten bertan Guillermo Olmok egindako artelana, eta, iragan neguan hondatu egin bazuten ere, aurtengo jaialdian berria ipiniko dute. Egitarau zehatzaren nahiz eguraldiarengatik egin daitezkeen aldaketen berri azkenmuga.eus webgunean jaso daiteke.