Ingurumena

hondartzaMende bukaeran, zenbat hondartza geratuko dira munduan?

Itsasertzeko habitat ohikoenetakoak dira areazko hondartzak; munduan, kostaldeen % 30 betetzen dute. Bada, klima larrialdiaren eraginez, munduko areazko hondartzen erdiak desagertuta izango dira mende honen amaierarako. Itsasoaren mailaren igoerak eta denboraleen areagotzeak eragingo lukete hondartzen desagertzea, Europako Batzordeko Joint Research Centre erakundeak eginiko ikerketa batek ondorioztatu duenez. Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketa egiteko, 1984 eta 2015 bitartean kostaldean izandako aldaketak aztertu dituzte, satelite bidezko irudien bitartez. Emaitza, goian aipatua: 2100. urterako, baliteke munduko hondartzen erdiak desagertzea. Gainera, berotegi efektua eragiten duten emisioekin lotu dute hondartzen higadura: emisioak handitu ahala areagotzen da higadura. Horrenbestez, haiek murriztuz gero, hondartzen desagerpena ere apaldu egingo litzateke, ikerketaren egileen ustez. Herrialde kaltetuenak zein izango liratekeen ere aurreikusi dute. Esaterako, Australiako kostaldeko 12.324 km leudeke arriskuan (hondartzen % 40), izan litekeen egoerarik onenean; Kanadan, 9.557 km; Txilen, 5.471 km; Mexikon, 4.119 km; Txinan, 4.084 km; AEBetan, 3.908 km; Argentinan, 3.668 km.; eta Iranen, 3.654 km. Beste zenbait herrialdek arrisku biziagoa dute, hala nola, Gambiak, Surinamek, Beninek, Irakek, Pakistanek, Gineak, Ginea Bissauk... Hondartzak balio ekologiko handiko ekosistemak dira, eta enbaten eta urakanen kontrako babes garrantzitsuak. Gainera, herrialde askotan balio sozioekonomiko eta turistiko handia dute, jende ugari bizi baita halako eremuetan. Hortaz, kaltea handia izango da, ikerketaren aurreikuspenak betetzen badira, bederen.