Liher: ‘Hemen herensugeak daude’

liher

Liher taldeak hirugarren lana kaleratu du, gai bakar baten inguruan: genero indarkeria. Transmedia produktua da, musikaz gain Matu Santamariaren ilustrazioak, narrazioak eta ikus-entzunezko materiala (bideoklipak) biltzen baititu. "Nola erreakzionatuko zenuke bortxatua izango bazina?" galdera abiapuntu, emakume gazte bat protagonista duen hamalau kapituluko fikziozko istorioa osatu du taldeak, hamalau abestiren bidez maitasunaz, bortizkeriaz, emakumearen bakardadeaz... hitz egiteko. Martxoaren 6an hasi zuten lan berria aurkezteko Tour 2020 bira, baina hilaren erdi aldera eten behar izan zuten, Europan zebiltzala, lotuta zituzten sei kontzertuetatik lau eskaini ondoren. Koronabirusak eragindako geldialdia bukatu ondoren jarraitu beharko, hil honetakoak ere bertan behera geratu baitira. Gero, ikusi egin behar zer gertatzen den maiatzerako (Galizian, Katalunian, Asturiasen eta Madrilen) eta ekainerako lotuta dituzten kontzertuekin.


patxukoPATXUKO NICE taldeak laugarren diskoa kaleratu du: Quim-en marrazkia (Baga-Biga). Hamar urte igaro dira Sergio Ordoñez Patxukok eta Jon Mari Beasainek Quim Moya pintore katalana agertokira gonbidatu zutenetik, koadroa zuzenean margo zezan haiek musika jotzen zuten bitartean, eta haren margolan bat da lan berriaren azala ere. Oraingo honetan, zortzi abesti batu dituzte diskoan, hainbat genero nahasita: pop leuna, rocka, reggaea, soula, funka... Grabazioa eta nahasketak Pello Gorrotxategik egin ditu, Ereñozuko Aieka estudioan. Masterizazioa Jonan Ordorikak landu du, Mamia estudioetan. Eneko Fernandezek (bateria), Ibai Larraldek (gitarra) eta Alejandro Terronesek (baxua) osatzen dute taldea.

 

 

 

 

 

 

 

 

saioaATEAK
Saioa
Egilea editore, 2019

Pop eta folk generoko hamaika abestiz osatu du musikari gipuzkoarrak bere laugarren diskoa. Sei urteko isiltasunaren ondoren kaleratua, Joseba Irazokik eta Felix Buffek kolaboratu dute lan honetan, moldaketa batzuk eginez. Zalantzak, beldurra... ageri dira hitzetan, eta tonu gehienbat iluna. Modu digitalean baino ez du kaleratu lan berria, ahotsa eta gitarra batera grabatuta, oso modu soilean, Iñaki de Lucas soinu teknikariaren laguntzaz. Interneten gozatu beharreko diskoa, Saioak ez baitu jendaurreko kontzerturik eskainiko, beldur eszenikoa duelako.

tapiaTRANPALDO
Joseba Tapia
Zakurraren biolina, 2019

Hogei urte pasatu dira Tapiak bakarkako ibilbideari ekin zionetik, eta horrekin batera dator disko hau, ibilbide horretako zortzigarrena. Hamar abesti sartu dira bertan, moldaketen aldeko apustua eginda; hala, Leturiarekin ibili zen garaiko kanta batzuk eta bakarkako ibilaldiko beste batzuk aukeratu ditu lan berrirako, eta zuzenean grabatu du diskoa. Taldea osatu du Tapiak: berak trikitia dantzatzen du, baina lagun ditu alboan tronpeta, saxofoia, tronboia, ahotsak, organoa, baxua eta bateria. Emaitza, musika herrikoia eta modernoa aldi berean.