Haize nahasiak mendi tontorretan

eoliko

Energia eolikoaren gaineko eztabaida areagotu egin da  udan. Azazetan, Labrazan, Arlabanen eta Cantoblancon (Araba) zentral eolikoak ezartzeko proiektuek aurrera jarraitzen dute; aldi berean, Arabako Mendiak Aske plataformak  hainbat mendi martxa eta informazio jarduera prestatu ditu, egitasmo horien kontra. Jon Rejado.

Zentral eolikoen proiektuen atzean, bi enpresa daude: Aixeindar eta Euskal Haizie. Bigarrena, kapital pribatukoa, Cantoblancoko proiektua sustatzen ari da: zortzi haize errota, ia 50 megawatt ekoizteko ahalmenarekin. Gainerako zentral eolikoen bultzatzailea, Aixeindar da. Enpresaren jabetzaren % 60 Iberdrolarena da, eta beste % 40 Energiaren Euskal Erakundearena, agentzia publikoa bera. Aixeindarrek zortzina haize errota jarri nahi ditu Labrazan eta Azazetan, zentral eoliko bakoitzean orduro 40 megawatt ekoizteko. Arlabango proiektuaren nondik norakoak, aldiz, argitu gabe daude oraindik.
Aipatu zentral eolikoez gain, duela hilabete gutxira arte beste bi proiektu zeuden, bata Iturrietan eta bestea Arkamun. Arabako Foru Aldundiaren txosten teknikoetan nabarmendu zen proiektu horiek “kalte atzeraezina” eragin zezaketela hegazti nekrofagoengan eta paisaiaren kalitatean. Kalte hori zuzentzeko egin beharreko moldaketek egitasmoen bideragarritasuna kolokan jartzen zutela eta, Aixeindarrek bertan behera utzi zituen uztailean.
Horrek sentsazio gazi-gozoa utzi du proiektuen aurkako mugimenduan. Batetik, positibotzat jo dute bi zentral eoliko horiek bertan behera uztea. Bestetik, estrategia bati jarraitzen dion mugimendua dela hausnartu dute: kokaleku asko eskatuz gero, batzuk bertan behera utzita, besteen zilegitasuna handituko dute. “Itxurakeria da, zentral eolikoren bat egin beharko dela onar dezagun" dio Rebeka Gonzalez de Alaiza Erroetako bizilagun eta Arabako Mendiak Aske plataformako kideak.
Izan ere, Arabako Mendiak Aske plataformak nabarmendu du Iturrietakoa eta Arkamukoa gelditzeko argudiatutako ingurumen kalte atzeraezina berdin gertatuko litzatekeela gainerako proiektuekin.  
Berriztagarrien gaineko araudirik gabe
Proiektu horiek, hein batean, Eusko Jaurlaritzak 2030. urterako bete nahi dituen helburuen ildotik doaz. Urte horretarako, 2019an ezarrita zegoen energia eolikoaren halako bost nahi du, 153 megawattetik 783ra igarota. Hori egiteko modua, ordea, oraindik ez dago araututa.  Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala arduratu beharko litzateke horretaz, baina oraindik sortu gabe dago, nahiz eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak martxoaren 22an hasi hura onartzeko bidea.
Rebeka Gonzalez de Alaizak gogorarazi du Araban egon badagoela energia berriztagarriak ezartzeko eta antolatzeko tresna bat: Mugarri Plana. 2009an onartu zuen Arabako Foru Aldundiak, 2020ra arteko iraupenarekin, eta bertan zentral eolikoak non jar zitezkeen eta non ez zehazten zen. Funtsezko irizpidea, Gonzalez de Alaizaren ustez: batetik, energia berriztagarrien garapen egokia egiteko, kalte handirik eragin gabe; bestetik, azpiegiturak hartuko dituzten lurren titulartasun publikoa bermatzeko eta herriek lurrok zaintzeko egindako lana aintzat hartzeko.
Horren guztiaren aurrean, egoerari buruzko informazioa zabaltzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Arabako Mendiak Askek. “Klima larrialdia eragiten duten enpresak dira egoera konponduko dutela diotenak, baina, gure ustetan, kontrakoa gertatzen ari da: energia berriztagarriak horrela sustatuz gero, klima larrialdia areagotuko dute” azaldu du Gonzalez de Alaizak. Horregatik, urriaren 23an Gasteizen egingo den manifestazioa prestatzeko bidean, informazioa eskaini eta indarrak batzeko lan egingo du plataformak.

EGUZKI ORTUAK, PERRETXIKOEN PARE
Zentral eolikoekin batera, eguzki energia baliatzeko zentralak ere biderkatu egin dira Araban. Hilabete gutxian, eguzki ortuak paratzeko proposamen asko eman dira ezagutzera. Abei Energyk, Solariak, Repsolek eta beste enpresa pribatu batzuek landa eremuko udaletara jo dute laborantzarako lurrak alokatu eta bertan aipatu azpiegiturak jartzeko: Arratzu-Ubarrundian, 200 hektareako eremu bat bilatu dute; Lantaronen, 100 hektareakoa; Agurainera ere jo dute… Nekazaritzarako lurrez jabetu nahi izatea leporatu diete proiektu horiei, eta hainbat herritan ezinegona sortu dute.