Esploratu gabeko oihanetan barrena

mursegoBAT
Mursego
Egilea ekoizle, 2009


Aspaldi honetan, mundu guztiaren ahotan dabil Mursego. Azken diskoa, orain zuzenean aurkezten ari dena, 2013ko euskal diskorik onenen zerrenda ia guztietan agertu zen, eta Eusnob kantua hit txiki bat izan da euskal musikaren esparruan, kantu horrek sare sozialetan eragindako harrabotsa ez aipatzearren. Gu ere apur bat eusnob garenez, Hiru azken diskoa alde batera utzi eta atzera egingo dugu denboran Mursegoren estreinako lana berreskuratzeko, Bat izenekoa eta artistak berak duela bost bat urte plazaratua. Minimalismo, eklektizismo, esperimentazio, klasizismo eta abangoardiaren arteko talka eta, batez ere, esploratu gabeko (edo, behinik behin, gutxi zapaldutako) oihanetan barrena abiatzeko ausardia gailentzen dira 2009ko lan honetan. Geroago iritsiko ziren diskoekin alderatuta, gordinagoa da Bat, sinpleagoa, eta gutxi egindako plateren zapore osoa gordetzen du. Maite Arroitajauregiren ibilbidea hasieratik jarraitu zutenek bazekiten Mursego ez dela goiz bateko lore, ezta kantu bakarreko artista ere. Zalantzarik dutenek, Bat honetara jotzea daukate.
Gotzon Hermosilla


ilgoraKaskezur
Auto-ekoizpena, 2013


Talde nafarrak hamar kantu bildu ditu bere hirugarren diskoan, eta Ilgora aukeratu du lanari izena jartzeko, hain zuzen ere, letrarik ez duelako. Gainontzean, hitz sinpleak eta argiak idatzi dituzte, kutsu sozialekoak. Estiloari dagokionez, aldatu egin dute neurri batean, indie rockera jo baitute, 80ko hamarkadaren bukaera eta 90eko hasierara: bateria erritmo definituak eta kolpe zehatzak, baxu indartsua eta gitarra zorrotzak. Inflexio-puntua izan omen da taldearentzat. Grabaketa lanak Hans Krügerrek egin ditu Montreal Studios delakoan, eta masterizazioan eta nahasketetan Karlos Osinagaren laguntza izan dute.

ibuprofeniZe Esatek!
Mirentxu Records, 2013


Taldearen estudioko hirugarren diskoa izan arren, auto-ekoitzitako lehena da 12 abestiz osaturiko hau, sortu berri baitute Mirentxu Records zigilua. Ohi bezala, rock, ska eta funk estilokoak dira abestiak, baina soinua gehiago landu nahi izan dute eta agresibitate puntu bat erantsi diote diskoari. Kanta guztiak taldearenak dira, Viele Arten abestiaren hitzak izan ezik (Bertolt Brecht). Beste abestien berbek egungo jendarteko gaiak lantzen dituzte: maitasuna, igande euritsu bateko burutazioak, elizarekiko kritika, prostituzioaren inguruko hausnarketa...