Aspaldi iragarritako asmoa gauzatuta, HBO telebista kateak Watchmen komiki ezagunean oinarritutako telesaila eskainiko du 2019an. HBOk 2015ean iragarri zuen, lehenengoz, telesaila egiteko nahia. Hasiera batean, Zack Snyderrek zuzenduko zuen, 2009an komikian oinarritutako izen bereko filma zuzendu zuenak. Egitasmo hura, ordea, ezerezean geratu zen. 2017an, Damon Lindelofek berriro heldu zion egitasmoari. Besteren artean, Lost eta The Leftovers telesail famatuen sortzailea da Lindelof, eta Watchmen komikiaren jarraitzaile porrokatua. Kapitulu pilotua egin ostean, HBOk baieztatu du 2019an estreinatuko dutela telesailaren lehen denboraldia. Zehaztasun gehiagorik ez dute eskaini, baina Lindelofek baieztatu du ez dela jatorrizko komikiaren egokitzapena izango, baizik eta bide berriak zabalduko dituela. Alegia, jatorrizko komikiaren egileek, Alan Moore gidoilariak eta Dave Gibbons marrazkilariak, garaturiko istorioen nolabaiteko nahasketa izango dela. Nolanahi ere, proiektuak ez du Mooreren oniritzia. Egitasmoaren berri izan zuenean, Lindelofen aurka egin zuen Moorek, eta egitasmoan parte hartzeko aukera baztertu. “Nork zaintzen ditu zaindariak?” lelo ezaguna du ezaugarri Watchmen-ek, eta, beharbada, hori ere aldatu beharko da, “Nork zaintzen ditu egokitzaileak?” galdetzeko. Erantzuna, 2019an...