Donostia

mapaEuropako Hizkuntzen Mapa Tabakalerara itzuli da

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak iraun bitartean, Europako Hizkuntzen Mapa handi bat paratu zuten Tabakalera eraikinaren kanpoaldean, Nestor Basterretxea plazan. EusKarriak egitasmoaren baitan, hizkuntza aniztasunari buruzko sentsibilizazioa eta gogoeta bultzatzea zuen xede egurrezko mapa hark. Europako 91 jatorrizko hizkuntza irudikatzen zituen, eta harrera ona izan zuen. Alabaina, Kultur Hiriburutza amaituta, kendu egin zuten, iaz. Horrela aurreikusita zegoelako, baina baita hondatzen hasia zelako ere. Erabakiak ika-mika eragin zuen Donostian. Esaterako, EusKarriak egitasmoan parte hartu zuen Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea kexu agertu zen, eta mapa berriz jartzeko eskatu zuen. Hala, Donostiako Udala eta Bagera elkarlanean aritu dira, mapa berriz ere jendaurrean jartzeko. Elkarlanak eman du fruitua: apiriletik, Tabakalera eraikineko sarrera nagusiaren ondoan ipini dute. Mapa berria brontzezkoa da, eta Eibarko Alfa Arte tailerrean egin dute. Jatorrizkoaren antzera, hauxe ere Europako hizkuntza aniztasunaren erakusle izango da, eta euskara kokatzeko baliagarria. Era berean, 2016ko Kultur Hiriburutzaren ondarearen erakusgarri izango da.