Bideo-jokoetan euskara eskasa da, egungo aisialdi industriarik handienetakoa izan arren. Egoera iraultzen saiatzeko sortu zen Game Erauntsia euskal bideo-jokozaleen elkartea; egun, 300 kide inguru ditu, eta komunitatea etengabe hazten ari da. Iban Lantxo.
Martin 15 urteko lasartearra da. Institutuan D ereduan ikasten du, bere dantza prestatzaileak euskaraz baino ez du hitz egiten taldearekin, eta saskibaloi entrenatzailea ere bada euskalduna. Alabaina, eguneko zereginak amaitzen dituenean, Martinek gustuko du pelikulak ikusi eta bideo-jokoetan aritzea, eta ekintza horietan euskara ez dago hizkuntza eskaintzan jasoa. Martinentzat euskarak autoritatearekin duen lotura nabaria da; alta, entretenimendurako, bere kasa egiten dituen jardueretarako, gaztelania erabiltzera behartuta dago.
Kontuan izan Martinek aisialdirako aukeratutako esparrua ez dela batere ezohikoa edo bitxia; izan ere, bideo-jokoena egun diru kopuru handiena mugitzen duen entretenimendu industria da, zinema eta musikaren gainetik. Hona hemen datu batzuk: 2015ean, Frantziako estatuan, bideo-jokogintzak 3.677 milioi euro fakturatu zituen; Espainiakoan, 511 milioi eta 2016an, berriz, mundu mailako diru-sarrerak 91.000 milioi eurokoak izan ziren; genero aldetik nahiko parekidea da (emakumeak jokalarien % 47 dira), baita adin tarteari dagokionez ere (35 urtetik gorakoen batezbestekoa dezente handitu da, % 40 dira eta), betiere GFK merkatu analisten arabera.
Hau guztia mahai gainean izanda, euskalgintzari begira ez al du merezi honetan parte hartzea?
Bideo-jokozaleen topagunea
Galdera horren erantzuna ongi ezagutzen du Game Erauntsia bideo-jokozaleen elkarteak. “Euskalgintzak parte hartu beharko luke, jakina” dio Haritz Odriozola (Azpeitia, 1989) elkarteko kideak: “Euskara Interneten sartu den moduan, bideo-jokoak XXI. mendeko kultura adierazpenik esanguratsuenetakoa diren heinean, akats larria litzateke tren hau pasatzen uztea”.
Odriozolaren elkartea nahiko ezaguna da egun euskaltzaleen artean, besteak beste, aurtengo edizioan Argia saria irabazi duelako Interneten kategorian. Komunitate honek 2014an lehenengo urrats xumeak eman zituenetik, dena lasterka etorri zaie, eta elur-bola berehala bilakatu da erraldoia eta geldiezina, gizarteak egiatan sumatzen zuen hutsune bat bete duen seinale. Bingen Galartza (Urdiain, 1998) kideak honela kontatu digu: “Bideo-jokozale euskaldunak zeharo sakabanatuta gaudenez, jokatu nahi badugu, askotan gaztelaniaz egin behar izaten dugu; hortaz, Game Erauntsia eta halako elkarguneak behar-beharrezkoak dira gure hizkuntzan normaltasunez aritu ahal izateko”.
Erabiltzaileei horixe eskaintzen die, funtsean, komunitateak: topagune bat. Ez gehiago, ez gutxiago; halere, ez da helburu hutsala, giro honen dinamismoa kontuan hartuta. Odriozola eta Galartzaren esanetan, jokoen zerbitzariei eusteaz eta partiden bideoak igotzeaz gain, gauza gehiago ere egiten dituzte: bideo-jokoen esparruaren gaineko artikuluak argitaratu, foro propioa eta Telegram mezularitza-zerbitzuko komunitatea dinamizatu, YouTubeko saio eta podcasten bidez berriak eman eta txapelketak antolatu... Euskalgintzari ere ekarri nahi diote beren harri koskorra, eta horretarako jokalariek darabilten terminologia euskaratzen dute, jatorriz anglizismoz betea. Odriozolaren arabera, “Game Erauntsiak ardura hori hartu nahi izan du, komunitate osoaren ekarpenak kontuan izanda”. Hala, besteren artean, nagusi (boss-en ordez) eta ziega (dungeon izan beharrean) hitzak zabaltzea espero dute.
Lokalizatzearen aukerak
Ildo horretatik, funtsezko beste jarduera bat jokoen itzulpenak dira. “Itzuli baino, hemengora ekarri” azpimarratu du Odriozolak. Hots, terminologia tokiko hizkuntzara eta kulturara egokitzen dute, itzulpen hutsa egin beharrean. Hainbat joko klasikorekin hasi ziren (Super Mario Bros. eta The Legend of Zelda, kasu), nolabaiteko mugarria jarri nahian, baina egun joko modernoagoekin ere ausartzen dira (jokozaleen artean, Ark-en moldaketa oso sonatua izan da). Odriozolaren iritziz, oso lan garrantzitsua da, “aurrekariak ezartzen dituelako”, bi arrazoigatik: “Alde batetik, jokalari euskaldunei aukera ematen die aisialdian beren hizkuntzan aritzeko, eta, bestetik, estudioei erakusten die euskarazko jokoek erabiltzaile kopuru oso handia izan lezaketela”.
Egoeran eragiteko, argi dute zein diren eragile bakoitzaren eginkizunak. “Game Erauntsiak erabiltzaileen eta garatzaileen arteko bitartekari rola har dezake; baina enpresentzat joko bat euskaratzea errentagarria ez den bitartean. Erakundeek gauza bera egin beharko lukete garatzaile eta itzultzaile profesionalen artean, benetan honi guztiari garrantzia emango badiogu” adierazi du azpeitiarrak.
Azken batean, Martin gaztearen kasuan ikusi bezala, aisialdiak ahalmen izugarria dauka euskara hedatzeko, baina tamalez gutxietsita dago erabat, gazte hauek aditzera eman dutenaren arabera. Haatik, euskalgintzak inoiz bide honi zinez heltzea erabakiko balu, aringarria izango da jakitea zale hauen lan altruistari esker zimenduak finkatuta daudela.