Gizartea

errefuxiatuakOroimena eta errefuxiatuen aldeko aldarria uztartuko ditu Ongi Etorri Gernika 2017 ekimenak

1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten faxistek Gernika. Eraso basa hark eta hura salatzeko Picassok gerora egindako Gernika margoak bakearen nazioarteko ikur bilakatu dute Gernika-Lumo udalerria. Aurten gertakari izugarri haren 80. urtemuga dela baliatuta, bi helburu izango dituzte  Ongi Etorri Gernika 2017 jardunaldietako partaideek: oroimen historikoari bizirik eutsi behar zaiola aldarrikatzea eta errefuxiatuek Europan bizi duten egoera salatzea. Izan ere, antolatzaileek azaldu duten moduan, “laurogei urte geroago, beharrezkoa da gertakari haren memoriari bizirik eustea, eta ‘aski da’ esatea milioika lagunen ihesaldia eragiten ari diren beste Gernika anker horien aurrean. Europako mugetan gertatzen ari dena historiako beste sarraski handi bat da”. Errefuxiatuen aldeko Euskal Herriko plataformek antolatu dituzte jardunaldiak, eta apirilaren 29an eta 30ean egingo dira. Euskal Herriko, Espainiako eta beste zenbait herrialdetako jendea batuko da bi egun horietan hainbat ekitaldiren inguruan. 29an, esaterako, errefuxiatuei babesa agertzeko martxak egingo dituzte. Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatuta, zutabeetan iritsiko dira martxa horiek Gernikara. 30ean, berriz, tailer eta esperientzia mahaietan bilduko dira hainbat gairi buruz mintzatzeko: feminismoa, antimilitarismoa, desobedientzia, arrazismoaren kontrako borroka... http://bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info/eu/ gunean jaso dute ekimenari buruzko informazio guztia.