Historia

1981eko abenduan jaio zen AIZU!, euskara ikasleei laguntzeko asmoz, ikas-prozesuan zebiltzanek irakurgaiak izan zitzaten, kioskoan horrelakorik topatzen ez zutelako. Sortu, lagun talde batek sortu zuen. Aitzindariak Deustuko Unibertsitateko zenbait ikasle izan ziren, haietako batzuk euskara ikasten ari zirenak. Euskararen arloan hutsune handi bat sentitzen zuten, euskaltegitik kanpo ez baitzuten euskara lantzeko aukerarik. Gauzak horrela, agerkaritxo bat ekoizteari ekin zioten, artisau eran. Hasiera batean ez zeukaten inolako loturarik AEKrekin: koordinakundea ezagutzen zuten eta, agian, haietakoren bat AEK-ko ikaslea izango zen, baina besterik ez. Nekez egiten zuten aurrera, ordea, eta bi urtez jardun ostean koordinakundeari eskaini zioten hasitako proiektuarekin jarraitzea. 1983ko azaroan atera zen AEKren lehenengo AIZU!, 3. Korrikarekin batera. Harrezkero, AEKren baitan egin du bere ibilbidea.