Ohartarazpen batekin abiatu behar da liburu-aukeraketa oro, esan gabe doala baitirudi baina beharrezkoa baita sarri esplizituki adieraztea aukeraketa bat beti dela balizko aukeraketa bat, beste egoera batean bestelakoa litzatekeena. Nirea, gaur:
Umeek gezurra esaten dutenetik, Uxue Apaolaza (Erein, 2005). Irakurtzen dudanean atsegin izaten dudalako belarrondoko bat, umorez baina gupidarik gabe. Noski, jakin banekien euskaraz egin zitekeela; hau irakurtzean mamitu zitzaidan, ordea, pentsamendua: horrela bai.
Geroaren aurpegia, Amaia Lasa (EHU/UPV, 2000). Lasaren poemen bilduma. Ezkutatutako erreferentzia bat aurkitzeak sortu zidalako itzelezko poza, ikusteak nola aurrez ere pentsatua zuten hainbat emakumek nik bezala.
Nire amaren autobiografia, Jamaica Kincaid (Alberdania-Erein-Igela, 2012, Alberto Martinez de la Cuadrak itzulia). Besteez aritzea beti baita, hein batean, norbere buruaz jardutea, liburu honen izenburu irudiz kontraesankorrak iradoki bezala. Garrantzitsua da niretzat, literatura unibertsala bilakatu zelako hemen andrazko eta beltz.