Aitziber Garmendia
Iepa, irakurle. Eztulka ito beharrean jarri berri naiz ordenagailu aurrean, orain arteko gripe epidemia guztietatik garaile atera naiz, baina oraingoan ihes egiterik ez dut izan. Gorputzak berak hartu du erabakia, gainera, lehenengo astebukaera librea ikusi orduko. “Ttaka, oraintxe gaixotuko naiz, orain bai. Ohean sartuta egoteko denbora har dezakegu, ezta?” galdetu dio nire gorputz nekatuak garuneko sistema zentralari. “Tira, beste erremediorik ez badago...” erantzun dio honek borroka egiteko gogo handirik gabe. Bada, halaxe izan da: grabaketak eta funtzioak bukatu orduko etxera iritsi eta gupida gabe belaunikatu nau katarro-gripe-eztul edo dena delako adiskide berriak. Harreman gazi-gozoa dut gorputzak duen gaixotzeko ohitura xelebre honekin; sekula ez datorkit ondo, baina barren-barrenean ulertzen dut berak ere nolabait bere nekea adierazteko eskubide osoa duela... ez al nago, bada, adierazpen askatasunaren alde? Bada, tori adierazpen askatasuna, eju-ejuka.
Cinfamucol izeneko jarabe bat eman dit botikako emakumeak; izenak berak ere nazka ematen du, baina tira, barrura. Baita eztularen aurkako beste gozoki batzuk ere. Beno, gozoki deitzea gehiegitxo da, ahora sartu orduko noiz bukatuko desiratzen bainago, Heidiren azken kapituluak baino garratzagoak dira... Oso-osorik irensten baditut, ez dute funtzionatuko, ezta? Eju-eju! Alferrik, eztulak ez dit atsedenik ematen, eju-eju!, abdominalak lantzen ari naizela uste dut, martxa honetan etziko Gladiatorren tankera izango dut.
Barkatu, ez dut neure burua aurkeztu, nire miseria guztiak kontatzen hasi naiz aurkezpenak egin aurretik; etxeko sukalderaino sartu naiz sarrerako txirrina jo baino lehen, lotsagabe halakoa... Aitziber Garmendia naiz, aktorea, antzerkizalea eta ameslari profesionala. Bizitzan dudan helbururik garrantzitsuena pozik bizitzea eta jendea entretenitzea da (bai interpretazioaren bidez, baita nire idatzien bidez ere), eta ia egunero betetzen dut nire helburua, bejondeigula! Txoko honetatik arituko natzaizue, beraz, ea hurrengoan kontu politagoak dakarzkidan.