Osasunan, euskara osasuntsu

Ez, oraindik ez. Lerroburua esajeratu samarra da, baina Osasuna bidean da: euskara gaztelaniaren maila berean erabiltzeko ahalegina egiten ari da, Ahize hizkuntza aholkularitzaren laguntzaz. Ahize hizkuntza aholkularitza AEKren zerbitzua da. Lan, administrazio, hezkuntza eta aisialdi arloetan euskararen erabilera indartzeko planak diseinatzen ditu, neurrira eta beharrizanetara egokituta, adibidez, enpresetan, merkataritzan eta ostalaritzan, erakundeetan, lanbide heziketan, kirol elkarteetan, gazteen artean… Hala, Osasuna futbol taldearekin ere ari da lanean, 2018tik. Lehen plana, hiru urtekoa, burutu berri dute, eta jarraitzeko asmoa dute. Orain arte landu eta lortutakoa kontatu digute Oianko Gardek (Ahizeko teknikaria), Mikel Erbitik (Osasunako komunikazio arduradunetako bat) eta Gorka Goñik (Osasuna Fundazioaren kirol ekintzen arduraduna). M. Egimendi, Esti Lanao.

oianko

“Hurrengo erronka handia langileek euskararen erabilera sistematizatzea da”

Oianko Garde (Gartzain, 1979) 2019tik da Ahizeko teknikaria. Hortaz, ez da hasieratik egon Osasuna Ahizerekin garatzen ari den euskara planean, baina ongi baino hobeki ezagutzen du gaurgero. Laster hasiko da buru-belarri datozen hiru urteotarako plana prestatzen.

Osasunak 2017an jo zuen Nafarroako AEKra, klubeko konpromisarioen % 94k erabaki zutelako estatutuetan euskara eta gaztelania maila berean erabiliko zituztela. Hori lortzeko, Ahizerekin paratu ziren harremanetan. Bilera eta elkarrizketa askoren ondotik, 2018an osatu zuten diagnostikoa: kanpora zein barnera begirako lanak eta klubaren arlo guztiak ikertuta, kasik ehun urtez gaztelania hutsean aritu zen enpresa azaldu zen, esparru batzuetan hainbat pauso egiten hasia bazen ere. Ahizeren hurrengo lana, hortaz, hiru urterako plana diseinatzea izan zen, haiekin adostutako zenbait xede lorgarri oinarri.
Plan hori joan den hilean burututa, ebaluazioa egiten ari dira orain, horren arabera diseinatzeko hurrengo plana, Osasunak Ahizerekin beste hiru urtez segitzeko asmoa agertu baitu. Izan ere, emaitza batzuk begien bistakoak dira dagoeneko: AEKren Euskaratu zerbitzuak egindako itzulpenei esker, klubaren webguneak eta sare sozialek euskarazko bertsioa dute; bazkide txartela ere bi hizkuntzetan dago; Sadar zaharberrituko errotulazioak euskaratu egin dira... Are gehiago, Osasunaren mendeurreneko bi liburuak (Osasuna, nire lagun leiala eta Osasuna 1920-2020. Ausarta eta borrokalaria) euskaraz ere argitaratu dira, nafarrera batuan, gainera. Bestalde, aurrerapauso garrantzitsua izan omen zen komunikazio arduradunetako batek euskalduna izan behar zuela erabakitzea: “Orain, prentsaurrekoetan, lehen agurra beti euskaraz egiten saiatzen dira, prentsa oharrak euskaraz ere bidaltzen dira, zaleek eta bazkideek aukera dute berriak, buletinak eta abarrak euskaraz jasotzeko...”.
Bestalde, bi talde sortu ziren hasieran, euskara eskolak AEK-ko irakasle batekin jasotzeko, bata Taxoaren eta bertzea Sadarren, baina aurten batean batu dira estadioan: “Izena 16 lagunek eman zuten, baina batzuk bidean geratu dira, bertze talde batera joan diren jokalariak, bertzeak bertze”. Lanorduetan izaten dute eskola, debalde eta boluntarioa haientzat. Ikasleen artean, denetik dago: “Entrenatzaile, hezitzaile eta prestatzaile fisikoak, nesken taldeko bi jokalari, marketineko langile pare bat, bazkideekin harremana duen langilea, dendako bi langile… Taldearen maila ere, arras heterogeneoa da: batzuk A1en hasi dira, A2ko eta B1eko baten bat ere badago…”.
Gardek pausoak egin direla dio, “denak onerako”, baina lan handia omen dago egiteko, “200 laguneko enpresa delako, 97 urte daramatelako gaztelaniaz bakarrik lanean eta joera horrekin jarraitzen dutelako, euskararen aurkako jarrerarik izan ez arren. Ez da erraza erritmoa barneratzea. Langileak, oro har, ez dira euskaldunak, baina hiru euskaldun toki estrategikoetan paratuta, kanpora begirako zerbitzua aunitz hobetuko litzateke, barne harremanak gaztelaniaz izanda ere”. Aurten, adibidez, bazkidetzak berritzeko zerbitzuan langileen % 50 elebidunak izatea bermatu nahi dute, “horrela bazkideei euskaraz solastatzen ahal direla jakinarazteko, eta euskaraz egitera gonbidatzeko”.
Datozen urteotarako erronkarik handiena, Garderen ustez, “Osasunazaleek eta bazkide euskaldun eta euskaltzaleek klubak eta fundazioak eskaintzen dizkieten zerbitzuak eta harreman bideak euskaraz erabiltzea da, bulegoan beti izatea euskaraz artatzeko gai den norbait”. Baita haien artean euskaren erabilera sistematizatzea ere, klubaren hainbat alorretan. “Batez ere zerbait berria sortzen delarik, gauza zahar batzuk aunitzetan ez direlako aldatzen ahal. Hortaz, nahiz eta haiek gaztelaniaz aritu, horrelako prozeduretan euskara txertatu behar dela barneratzea erronka handia da”. Eutsiko ahal dio Osasunak, euskarak klubean osasun ona izan dezan!

osasunakoa

“Lurraldean dugun aniztasun kulturala erakutsi behar dugu”

Euskaratzeko, traba handiak izan dituzte Osasuna Fundazioan. Baliabiderik ez zutenez, ezinezkoa zitzaien lan hori aurrera eramatea. AEKren laguntzarekin, ordea, komunikazioak elebidunak dira orain. Gainera, webgunea ere euskaraz argitaratu dute.


Osasuna Fundazioa irabazi-asmorik gabeko entitatea da. 2001eko apirilaren 20an hasi zuen bere bidea, eta Osasunaren gizarte lana erakustea du zeregin nagusi. Besteak beste, futbol eskolak, campusak eta boluntariotza ekintzak antolatzen dituzte. Gorka Goñi kirol ekintzen arduraduna da, eta Fundazioak taldearen nortasuna zabaltzeko egiten duen lana nabarmendu du: “Guk klubaren balioak, Osasunazaletasuna, transmititzen ditugu kirolaren bidez. Ekintza asko antolatzen ditugu Nafarroa osoko umeentzat, eta familiak gure kirol heziketagatik datoz guregana”.
Zentzu horretan, badakite gero eta gehiagok D eredua aukeratzen dutela, eta, lurralde osoan lan egiten dutenez, argi dute euskarak ere hor egon behar duela: “Fundazioa, nolabait, Nafarroa osoaren ordezkaria da, eta hizkuntzarekin ere horrela behar zuen. Lurraldean dugun aniztasun kulturala erakutsi behar dugu”.
Jarduerei dagokienez, ez du aldaketa gehiegirik ikusi Goñik. “Betidanik eskaini izan ditugu euskarazko futbol eskolak eta campusak, edonon. Inoiz ez dugu eskaini zerbait gaztelania hutsean”. Ahulezia, batez ere, informazioa euskaratzeko orduan izan omen dute, ez zegoelako hori egiteko pertsonarik: “Testuak itzultzeko arazo pila bat genuen. Euskaraz aritzen den jendea badugu, bai, baina informazio mordoa ere bai, eta bideraezina egiten zitzaigun. Arazo horren aurrean, sarritan ez genuen ezer egiten”.
Euskara planaren bidez, Osasunak estatutuak aldatu zituen, eta euskarak eta elebitasunak garrantzi handiagoa hartu zuten. “Betebeharra genuen betidanik, baina ez genuen baliabide nahikorik. AEKrekin lankidetza hitzarmena sinatu zenetik, aldaketa nabaria izan da; itzultzeko ditugun testu guztiak haren itzulpen zerbitzura bidaltzen ditugu, eta hura arduratzen da euskarara ekartzeaz” dio Goñik. Horrek ere nolabaiteko erantzukizuna dakarkio Fundazioari: “Orain ez dago besterik; AEKren laguntza dugu, eta, ez badugu egiten, gure erruagatik izango da”.
Nafarroak euskarazko eta gaztelaniazko aldibereko izaera duela ukaezina da. Errealitatea da, eta Fundazioan hala islatu nahi dute. Esan bezala, familia ugari euskarazko hezkuntza eredua aukeratzen ari dira beren seme-alabak hezteko. Hau da, bai ikasketetarako bai bestelako jardueretarako euskaraz aritzeko hautua egin dute. Baina, hala ere, guraso batzuek ez dakite euskaraz. “Oso deigarria” iruditzen zaio Goñiri, “izan ere, beren seme-alabek gurekin euskaraz egitea erabaki dute, haiek hizkuntza jakin ez arren. Edozelan ere, denboraldiak aurrera egin ahala, gero eta gehiago ezagutzen ditugu familia horiek, eta badakigu zeini bidali behar dizkiogun jakinarazpenak euskaraz eta zeini ez”.
Ez dute lan makala Fundazioan. Euskara aski barneratuta dute, baina zenbaitetan bestelako aukerak bilatu behar dituzte informazioa gure hizkuntzan zabaltzen jarraitzeko: “Mezu asko egunean bertan bidali behar izaten ditugu, oso garrantzitsuak direlako. Euskaratu egin behar ditugunez eta horrek denbora behar duenez, batzuetan egun horretako begiraleari bidaltzen dizkiogu zuzenean, eta hark itzultzaile neuronalaren bidez egiten du”. Dena den, horrekin kontuz ibili beharra dutela garbi du Goñik. Hots, “antolaketa behar dugu, ez du balio dena itzultzaile automatiko batekin egiteak”.
Azken aldaketa Osasuna Fundazioaren webgunean gertatu da, informazioa euskaraz ikusteko aukera eskuragai jarri baitute. “Urrats txikiak egiten ari gara, baina euskara normalizatzeko ezinbestekoak”. Zentzu horretan, kontent agertu da Goñi: “Lan ona egiten ari garela badakigu, eta pozik eta lasai gaude. Hala ere, lan egiten eta hobetzen jarraitu behar dugu, eta komunikazioan gero eta akats gutxiago egiten saiatu behar dugu”.

erbiti“Prozesu hau denboran mantentzea eta etorkizunerako lan egitea da garrantzitsuena”

Soilik izena euskaraz izatetik gure hizkuntzan bizitzera pasatu da Osasuna futbol klub nafarra. Hazia landatuta, hiru urte oparo izan dituzte, eta berdin jarraitzeko hautua egin dute.

Mikel Erbiti Osasuna klubeko komunikazio sailaren arduradun lanetan dabil, 2018tik: “Batzar Nagusi batean, bazkideek eskatuta, kluba elebiduna zela eta hala euskara nola gaztelania berezko hizkuntzak zirela erabaki zen”. Hortik aurrera, lanean jarri, eta AEKrekin euskara plan bat adostu zuten, elebitasuna indartzeko.
Komunikazio arloan egin dela pausorik handiena dio Erbitik: “Gu heldu aurretik, webgunea euskaraz eguneratzen zen, baina gainerako komunikazioak ez ziren elebidunak, ez ziren euskaraz egiten”. Horregatik, hortik hastea izan zen lehen erabakia. Hala, “euskara hutseko sare sozialak sortu genituen, webgunea eguneratu eta euskaratu egin genuen, eta bazkideentzako jakinarazpen guztiak euskaratzen joan dira”. Baina hor ez da geratu kontua, eta Erbitik hiru atal bereizten ditu. Batetik,  “komunikazio arloan, posta eta informazio guztiak euskaraz egiten ditugu. Bestalde, Osasuna Fundazioa dugu, eta bertako haur eskolak eta gizarte ekimenak euskaraz eskaintzen ditugu, baita futbol eskolak ere, AEKren laguntzarekin. Azken urratsa Fundazioaren webgunea euskaratzea izan da”. Gainera, Sadar estadioa eraberritu egin dute, eta bisitak euskaraz egiteko aukera eman: “Hamar mila bazkidek eman zuten izena, eta horietatik % 10ek gure hizkuntza hautatu dute. Ehuneko nahiko ona da”.
Zerbitzu horiek bermatu ahal izateko, ezinbestekoa zen lantaldea prestatzea. “AEK-k euskara klubean zein egoeratan zegoen aztertu eta ikusi zuen lau langilek baino ez zekitela euskaraz; horrenbestez, ikastaroak antolatu zituen”. Hamasei lagunek eman zuten izena, eta, horrela, barne eta kanpo komunikazioa euskaraz izateko lehen urratsa egin zuten: “Bazkideek eskatu zuten zerbitzu hori, beraz, gutxienekoa zen klubarekin harremanetan jartzen zirenean euskaraz egiteko aukera izatea; bestetik, jasotzen zuten informazio guztia euskaraz ala gaztelaniaz, edo bi hizkuntzetan, hautatu ahal izatea nahi genuen”.
Ildo horretan, taldeak aldaketaren aurrean izan duen jarrera oso garrantzitsua izan da. Erbitik dioenez, “ia 200 langile gara Osasunan, Fundazioa ere kontuan hartuta; beraz, argi dago batzuek alde egin zutela eta besteek, beharbada, ez zutela interes handirik. Batzuek eskolak jasotzeko izena eman dute, eta beste batzuek ez”. Hala ere, ulertu eta barneratu dute klubaren izaera aldatu eta egun elebiduna dela, eta ahaleginak egiten dituzte aurrera egin ahal izateko. “Edozein sailetan ekimenen bat egin behar denean, euskara hor dagoela ikusten dute, eta, zalantzak badituzte, galdetu egiten dute” azaldu du Erbitik. Jaramon handirik egiten ez dutenen aurrean indar berezia jarri behar dutela argi du Erbitik: “Beti esaten dut komunikazioan pertsona euskaldun bat jartzeagatik edo AEKrekin hitzarmen bat sinatzeagatik klub bat ez dela elebiduna egingo. Ez da egun batetik besterako kontua. Guztion lana da, eta, batez ere, euskara ez dakitenena”.
Osasunak mende bat bete du aurten. Sortu zenean, izena besterik ez zuen euskaraz. “Ehun urtetik 97 gaztelaniaz egin ditu. Horregatik, garrantzitsuena ez da azkar egitea, baizik eta benetan denboran mantentzea eta etorkizunerako lan egitea. Urrats nabarmenak egin dira, noski, baina ez dago atzera egiterik”.
Hazia landatua dute dagoeneko, eta, alde horretatik, etapa bat amaitu dutela azpimarratu du Erbitik: “Duela bost urte, ez zegoen euskararik; azken hiru urte hauetan, euskara txertatu dugu. Osasunaren historian lehenengo aldiz, benetako apustua egin da, eta horretarako baliabideak jarri. Hiru urte oparo eta garrantzitsu izan dira”.
Horrenbestez, aurrera jarraitzeko eta akatsak zuzentzeko hautua egin dute orain, eta kazetaria kritikak jasotzeko prest dago. Haren hitzetan, “bazkideek beren iritzia ematen dutenean, edo zerbait euskaratu egin behar dela esaten dutenean, eskaria egon badagoela agerian geratzen da. Bestela, halakorik ez balego, klubak arreta apur bat murriztuko luke”.