“Sekulako albistea izan da jendea berriz frontoietan ikustea”

jaka

Erik Jaka (Lizartza, 1994) lau eta erdiko txapeldunordea eta buruz buruko pilotari txapelduna izan zen iaz, finala Jokin Altunari irabazita, baina aurten ezin izan du txapel hori defendatu. Halere, animoso harrapatu dugu, ia sendatuta eta uztailean udako torneoak jokatzen hasteko gogoz. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Aurten ezin izan zara buruz buruko txapelketan egon, ondoeza izan zenuelako egun batzuk lehenago. Nola kudeatu duzu egoera?
Garrantzitsuena, osasuna alegia, lehenengo lekuan jarrita. Gertatu zitzaidanaren ondoren jaso nituen mezu eta babes guztiak hortik zihoazen: buruz buruko gehiago izango direla aurrerago ere, eta osasunari egin behar zaiola kasu. Pena eta amorru handia ematen du, baina garrantzitsuena perikarditisa ondo sendatzea zen.
Nola ikusi duzu Jokin Altunak irabazitako txapelketa?
Azkenean, txapelketako pilotari erregularrena eta onena izan da txapelduna, buruz burukoak ez baitu huts egiteko aukerarik uzten. Artolak izan daitekeen zorterik txarrena izan du, baina seguru indartuta aterako dela honetatik.
Aspe enpresatik Baikora pasatu berri zara. Asko aldatu da zure kirol errutina?
Ez, nirekin lan egiten duen prestatzaile fisikoa daukat eta berarekin segitu nahi izan dut, oso gustura nagoelako eta asko lagundu didalako azken urteetako eboluzioan. Enpresa berriak ez zuen inolako arazorik jarri, eta bertako prestatzailearekin noiznahi aritzeko aukera ere eskaini zidan. Hori bai, frontoiko entrenamenduak aldatu zaizkit: Jokin Etxanizekin entrenatzen aritu partez, orain Aimar Olaizolarekin. Ona da, beste ikuspuntu batetik ikusi eta zuzenduko nauelako. Eta Jokin Etxanizek urte hauetan erakutsi didan guztia hor daramat. Pena, hortik ez dudalako gehiago jasoko, baina poza ere bai, Aimar bezalako pilotari on batek emango dizkidan aholkuak beti izango direlako onak.
Olaizola eta Bengoetxea laster erretiratzen badira, enpresako pilotari garrantzitsuenetakoa izango zara...
Horiek jendearen esanak dira, frontoiak jartzen du bakoitza bere lekuan, nik hori garbi ikusi dut. Debutatu eta gero, lehen hiruzpalau urtean bigarren mailan aritu nintzen jokatzen, lehen mailan partida bat edo beste jokatuta urtean zehar; eta nire maila igotzen joan den heinean joan naiz lekua hartzen lehen mailan. Baina leku hartze horrek ez dizu bermatzen hor jarraituko duzunik, hartutako maila hori mantendu edo hobetu egin behar delako, besteak etorri eta pasatzea nahi ez baduzu. Garrantzitsua da pilotari guztiontzat urte osoan torneo eta txapelketa guztietan ahalik eta maila onena ematea. Hori eginez gero, egoten dira aukerak primerako txapelketak jokatzeko eta horietan finkoa izateko.
Iaz bi final jokatu eta txapel bat irabazita, behin betiko sartu zara pilotari mediatikoen multzoan?
Pilotariak taldeetan banatze hori ez zait gustatzen. Azkenean, mediatikoa izatea ala ez, ez dator beti bat frontoian ematen den mailarekin. Pilotari batzuk, pertsonak, beste batzuk baino mediatikoagoak dira berez, gehiago engantxatzen dute; eta hori, azken batean, komunikabideen eta jarraitzaileen kontua da. Gure egitekoa da frontoian ahalik eta mailarik onena ematea. Garbi dago finalaurrekoak edo finalak jokatzen ari bazara, jende gehiagok ikusiko zaituela, prentsan gehiago aterako zarela eta ezagunagoa izango zarela.
Pilotari batzuen grebaren ondorioz, besteak beste, Pilotarien Elkartea sortu zenuten iaz. Zertan da?
Oso positiboa da pilotariontzat eta zaletuentzat, baita enpresekin eta ligarekin tratu on bat edukitzeko ere. Ari gara gauzak egiten, pixkanaka. Ezin da espero elkartea sortu eta aldaketa handiak egotea bat-batean, baina ari gara lortzen ahalik eta baldintza onenak pilotariontzat, ligarentzat, enpresentzat eta zaletuentzat. Hasieran, grebalarien afera konpontzea lortu zen. Orduan, nire ustez, horrek zuen garrantzi handiena. Grebari uzteko baldintza batzuk eskatzen zituzten, eta bete egin ziren, nire ustez. Gero, ikusi egin behar da zer dagoen hobetzeko. Oraingoz, pandemian gaude zentratuta gehienbat, baita enpresak eta liga ere. Izan ere, jendearen falta asko sumatu dugu, ikusleen berotasun falta gero eta gehiago antzematen zen denborak aurrera egin ahala.
Berri ona, hortaz, ikusleen itzulera.
Guretzat, sekulako albistea izan da jendea berriz frontoietan ikustea, ea udako jaialdiak hala egiten diren. Uste dut pilotazaleek erantzun ona emango dutela, jendea pilota gosez dagoelako. Ez dakit zenbaterainokoa izango den edukiera, baina seguru eskas geratuko dela behin baino gehiagotan. Gauza ondo badoa, ea frontoiak berriz beterik ikusten ditugun!
Ados Pilota elkartea sortu dute eskuzko emakume pilotari profesionalek ere. Zer iruditzen zaizu egiten ari diren bidea?
Goranzkoa! Emakume pilotariak beti egon dira. Nagore Arozena bera urteetan izan zen oso pilotari ona, gero palista ere bai, munduko txapelketak jokatu eta emaitza benetan onak lortu zituen. Baina orain neska gazte gehiago animatu dira jokatzera, bistaratu egin delako. Herriko pilota eskolan baditugu pare bat neska, edo hiru, pilotan oso ondo egiten dutenak. Hori aberasgarria da bai beraientzat, bai beraiekin ibiltzen diren mutilentzat, denontzat. Daramaten goranzko bide horrek segitzea eskatzen du, merezi du.
Tolosaldeko pilotariak nagusi zarete azken boladan. Lan bereziren bat egin da eskualdean, ala kasualitatea da?
Guri tokatu zitzaigun ia denak adinez nahiko kidetsuak izatea, eta inguruko klubetan jende ona egotea, ez bakarrik gure adinean. Lehiakortasun eta maila on horrek jendea pilotari gisa hobeto lantzea dakar. Beti behar da berezkoa, baina hori landu egin behar da. Ni gaztea nintzenean, Lizartzako pilota eskolan oso jende gutxi geunden, eta Amezketako Zazpi Iturri klubera joan nintzen. Han maila oneko pilotari asko elkartu ginen, batzuk bakarrik debutatu arren (horrek ez du esan nahi debutatu ez zutenak pilotari onak ez zirenik). Tolosako Aurrera klubean ere oso pilotari onak zeuden, eta dena batu zen. Gero, betikoa: debutatzeko, goian lekua egon behar du. Guk debutatzeko zortea eduki genuen, maila hobetzen joan gara, eta Tolosaldeko emaitzak oso onak izan dira azkenaldian.
Entrenatzaile aritzen zara Lizartzako haurrekin. Zein da helburua?
Lehen asmoa da, eta garrantzitsuena, frontoian pasatzen duten ordubetea, astean bi ordu, ahalik eta dibertigarriena izatea beraientzat. Nik nahi dut ume horiek elkarrekin une on bat pasatzea, eta pilota oso kirol lehiakorra dela erakustea, beti ari zarelako norbaiten kontra, baina harreman handiak ere sortzen direla, nahiz eta elkarren aurka jokatu. Lizartzako Otsabio pilota eskolan gorakada itzela egon da azken bi urteotan. Federatu batzuk baditugu dagoeneko, Irati Zabala txapelketak jokatzen hasi da... Gure helburua, klub moduan, ez da profesionalak ateratzea, baizik eta haurrek frontoian disfrutatzea. Eta partidak jokatu nahi badituzte, jokatzea; eta entrenamenduetara bakarrik etorri nahi badute, primeran. Azkenean, kirol osasuntsu bat bizitzea da asmoa.
Jende gehiago hurbildu da eskolara entrenatzailea txapelduna denetik?
Ez dut uste. Etortzen hasi ziren ikusi zutelako beraien artean oso giro ona zegoela, eta memento onak pasatzen direla. Pilota da gehien maite dudan kirola, betidanik gustatu izan zait, bai jokatzeko bai ikusteko, eta poza ematen dit, eskolan egiten ditugun entrenamenduetatik aparte, bost-hamar haur ikusteak frontoian txoko partidatan. Hori benetan pozgarria da, pilota bizirik eta osasuntsu dagoela erakusten duelako. Gero, nahi duenak segituko du; eta nahi ez duenak, utzi.
Herrian oraindik ospatzeko duzue iazko txapela, ezta?
Bai. Urtea beteko da, baina jendea ez dago ahaztuta, eta neu ere ez. Txapela ateratzea erraz esaten da, baina  lehen mailan txapel bat eskuratu eta lau eta erdian txapeldunorde izateko zenbat lan egin behar izan dudan ikusita... Ez naiz konformatzen, e? Garbi daukat, ahal baldin badut behintzat, gehiago ateratzen saiatuko naizela, baina barruan zaudenean askotan ez diozu behar duen balioa ematen. Halere, kanpoko eta inguruko jendeak garrantzia ematen dio, eta Lizartzako herritarrok egiteko daukagu bazkari edo afari eder bat, txapela elkarrekin ospatzeko. Ez diot oraindik markoa jarri, ospakizun horretara eraman nahi dudalako. Ea lehenbailehen amaitzen zaigun pandemia madarikatu hau, eta ospakizuna baldintza onetan egiteko aukera daukagun!

KOLKOTIK  

Txikitan miresten zenuen pilotaria?
Hiru: Aimar, Xala eta Irujo.
Non daukazu 2020ko buruz buruko txapela?
Egongelan, telebista azpian, koparekin batera. Ospatu ondoren jarriko diot markoa.
Hobeto ematen dizu kamiseta gorriak urdinak baino?
Hori esaten dit jendeak! Neuri gustatu zait eramatea, denbora gutxian izan arren.
Gogoan duzu Eibarko Astelenako debut profesionaleko emaitza?
Ez, baina galdu egin nuen, Kepa Peñagarikanorekin batera, Aritz Lasa eta egun berean debutatu zuen Beñat Rezustaren aurka.
Pilotaria ez bazina, zer?
Txikitako ametsa bete dut, zorionez, baina uste dut autoen munduan egingo nukeela lan.
Kantxara atera aurreko maniaren bat?
Beti janzten dut lehenengo eskuineko zapatila; eta gero, ezkerrekoa.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Oso tipikoa da, baina pandemia bukatu dela, eta ez dela jende gehiago hil.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Jogurtak.
Zer moduz konpontzen zara sukaldean?
Eguneroko bizimodurako, nahiko ondo, egia esan. Patata tortilla ondo ateratzen zait.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Mendi aldera joan, txakurrarekin eta neska-lagunarekin.
Zerk galarazten dizu loa?
Oso lotia naiz eta ondo egiten dut lo. Amaren gaixotasunaren garaian egin nuen okerren.
Zerk ematen dizu lotsa?
Ez naiz bereziki lotsatia, nahiko pertsona irekia naiz.
Zerk beldurtzen zaitu?
Gertuko eta maite ditudan pertsonak galtzeak.
Zure bizitzako leloa?
Gertatzen dena gertatzen dela, aurrera egin beharra dagoela. Ahal bada, irribarre batez.
Bizio bat?
NBA.
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Munduan den hizkuntzarik politena delako eta elkarren arteko harremanak hobeak direlako euskaraz.
Labur esanda, nolakoa da Erik Jaka?
Jendearekin egotea eta bizimodu lasaia gustatzen zaion pertsona, gertukoen oso-oso laguna. Eta pilotan urte askoan segitu nahi duena.