1996ko abenduan, 15 urte

dostaizu

AEKren aldizkariak bi argitalpen plazaratuz ospatu zuen 15. urteurrena, 1996ko abenduaren 1ean, hamaboskaria zela. Ondoko orrialdean, 181. zenbakiaren azal alai eta koloretsua ikus daiteke, baina, urteko aldizkariez gain, AIZU!k bi argitalpen berri eraman zituen Durangoko Liburu eta Disko Azokara: Dostaizu! jolas bilduma eta Aizu, Paddy! ipuin liburua, biak ala biak aldizkariarekin estuki lotuak. M. Egimendi.

Izan ere, Dostaizu! kutxaren barruan zeuden Idearipez, Marrazkitz eta Debekaizu! jolasen fitxak pixkanaka argitaratu zituen AIZU!k aurreko urteetan. Urtebetetzea ospatzeko, bilduma kaleratzea erabaki zenean, Asmaizu! jolas berria diseinatu eta Dostaizu! kutxan sartu zuten. Aizu, Paddy! liburua, berriz, Paddy Rekaldek 1995etik aurrera aldizkarian kaleratu zituen ipuinekin osatu zen.
Dostaizu!
Lau joko zeuden Dostaizu! kutxan: Idearipez (era guztietako galdera-erantzunak), Marrazkitz (hitzak asmatzeko, marrazkien bidez lagunduta), Debekaizu! (gauzak deskribatzeko, hitz batzuk erabili gabe) eta Asmaizu! (hizki zehatz batez hasitako ahalik eta hitz gehien pentsatzeko). Oso lagungarriak ziren guztiak mintzamena lantzeko, hiztegia ikasteko eta jokalarien kultur maila aberasteko, mahai inguruan jolasean.
Aizu, Paddy!
Paddy Rekaldek (orduan Paddy Txinaski) hilero narrazio bat argitaratu zuen AIZU!n, AEKren aldizkaria hamaboskari izaten hasi zenetik. 1996ko abendurako, ipuinok zuten harrera ona ikusita, Aizu, Paddy! bilduman batu ziren, artean argitaratu gabeko beste ipuin luzeago bat gehituta: Teac Leanna.
Bukowski, Eire, zulo ilunetako alkohol zurrutadak, euskal lur ahantziak, sexua, punka, folka eta telekasterrak… Osagai horiek guztiak, eta gehiago, biltzen ziren koktelera hartan. Dostaizu! jolas bildumaren antzera, liburu hau ere agortu egin zen.