Kulturari hiru begirada, bi kilometroan

artziniega

Artziniegan, ezaugarri oso ezberdinetako hiru museo aurki daitezke bata bestetik gertu: Museo Etnografikoa, Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa; Santxotena Tailer Museoa, zirriborrotik artelanera bitarteko bidea ikusteko; eta Arte Sakratuko Museoa. Jon Rejado. Argazkiak: Jon Rejado.

Kultur ekimen handiko herria da Artziniega. Ez ditu 2.000 biztanle ere, baina hiru museo dituzte herrian: Museo Etnografikoa, Santxotena Tailer Museoa eta Arte Sakratuko Museoa, elkarrengandik bi kilometrora. Are gehiago, berriki ibilbide bat ireki dute herriko artistek Artziniegako hainbat eraikin eta txokotan egindako margolanak eta eskulturak ikusteko. Egun bakarrean nekez ikusteko moduko eskaintza.
Eskaintza zabal horren harribitxietako bat Museo Etnografikoa da. Bertan sartuta, Artziniegako, Aiaraldeko eta Euskal Herriko historian murgiltzen da bisitaria. Baserrietako sutondoak zein familia aberatsen etxeak, garai bateko botika eta saltoki-taberna, baita dagoeneko goitik behera aldatu diren ogibideen orduko lanabesak: zapatarienak, arotzenak, jostunenak… Kontaezinak dira hango objektuak, antzina zeuden moduan kokatuak, denbora joan ez balitz bezala. “Espezialistek lagundu ziguten horretan: eskola jartzeko, maisu eta maistrek; denda jartzeko, dendariek…” azaldu digu Paki Ofizialdegik, Artea Elkarte Etnografikoaren presidenteak.
1970eko hamarkadan, lagun talde baten ekimenez sortu zen museoa. Ofizialdegiren esanetan, baserrietan objektu zaharrak erretzeko ohitura zegoen orduan. Bada, kuadrilla hura objektuak biltzen eta erakusketa txikiak egiten hasi zen. 1984an, Arteko Gure Amaren Santutegian paratu zuten museoa. Txikia zen leku hura, baina 2004an egungo museoaren eraikina zaharberritu zuten, herritarren historiari eutsi eta erakusteko. Eremu horretan, beste gauza batzuen artean, Artziniegako botika zaharra jarri zuten, 25 urtez gordeta egon ondoren. Bertan, bezeroak artatzeko eremua ikus daiteke, baita botika ostea ere, ehunka flasko, ontzi eta belar lehorrez betea, garai batean izan zen bezala.
Objektuak erakusteaz gain, bestelako ekintzak ere egin ohi dituzte. Batzuk egonkorrak dira, urtaroei lotuak: udaberrian, ogi lantegia; udan, udaburua; udazkenean, txarriboda; eta neguan, neguburua. Lehen, jarduera gehiago egiten zituzten, baina pandemia dela kausa bertan behera utziak dituzte.
Artelanen bide osoa
Museo etnografikotik kilometro batera, Xabier Santxotenaren Tailer Museoa dago. 2010ean inauguratu zuen, Pompidou Zentroko Constantin Brancusi artistaren lantegiak inspiratuta. “Artelanen zirriborroetatik azken emaitzara bitarteko bidea ikus zitekeen han; horixe eskaintzen dugu hemen ere, eskulturak egiteko tailerra bertatik bertara ezagutuz” diosku Xabier Santxotenak. Tailer Museoan, hainbat artelan familia daude ikusgai, hau da, ideia beretik sortutako eskultura sortak: basoa, emakume handiak, kirola…
Esan bezala, bisitariek artelan horiek sortzeko prozesua ezagut dezakete, baita sortzailearen beraren azalpenak entzun ere, gunean zehar banaturiko pantailen bitartez. Museoak ez du hesi arkitektonikorik, eta braillez idatzitako informazio kartelak ditu. “Artelanak ukitzeko aukera ere badago, museo askotan ez bezala; tamalez, pandemia dela eta, egun ezin da halakorik eskaini" argitu du Santxotenak.
Santxotenaren artelanak ez ezik, Tailer Museoak aldi baterako erakusketak ere hartzen ditu. Teresa Lafragua artista eta komisarioak sustatzen eta antolatzen ditu. Duela gutxi kendu dute, adibidez, emakumeek meatzaritzan izandako garrantzia aldarrikatzen zuena, baina uztailean beste erakusketa bat inauguratuko duela iragarri digu Lafraguak. Gainera, Gabonak hurbildu ahala, munduko jaiotzen bilduma zabalaren lagin bat erakutsi ohi du Tailer Museoak.
Xumea, inguru paregabean
Arteko Gure Amaren Santutegian dago hirugarren museoa: Arte Sakratuko Museoa. Hobe esanda, 1498ko eraikin ikusgarriaren azpian; bide batez, santutegiak eta bertako ingurune paregabeak ere bisita merezi dute. Museoa 2005. urtetik dago bertan, eta inguruko sakristietan sakabanatutako objektuak ditu ikusgai. “Ez zegoen inolako kontrolik objektu horiei zegokienez, eta museoa haiek biltzeko eta jendeak ikusteko aukera izateko sortu zen" azaldu digu Benjamin Respaldiza herriko apaizak.
Museo xumea da, Respaldizak berak aitortu bezala. Hala ere, ikusteko moduko artelanak ditu. Besteak beste, Arteko Andre Mariaren eskulturaren erreprodukzioa, santutegia baino lehen leku horretan egon zen eliza erromanikoaren lekuko. Garai batean han egon zen museo etnografikoaren arrastoa ere antzeman daiteke, erlijioak gizartean  zuen lekuaren isla. 

Artziniegako Museo Etnografikoa eta turismo bulegoa:
Arteko Aldapa kalea, 12.
Telefono zenbakia: +34 945 396 210
Webgunea: https://artziniegamuseoa.eus/
Santxotena Tailer Museoa
Barrataguren auzoa
Telefono zenbakia: +34 945 396 664
Webgunea: https://santxotena.org
Arte Sakratuko Museoa
Arteko Aldapa kalea, 2