Pantailak Euskaraz, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimena

pantailak

Ikus-entzunezkoen pantaila mota guztietan euskarak duen presentzia eskasarekin arduratuta, egoera irauli eta “euskarazko etorkizuna” lortzeko asmoz jaio da Pantailak Euskaraz mugimendua. Disney Euskaraz, Netflix Euskaraz eta Zinemak Euskaraz herri ekimenek, Tinko euskara elkarteak eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak osatzen dute mugimendua, eta sektoreko zein euskalgintzako beste zenbait eragilerekin ere harremanetan dira, aldarrikapenak partekatzeko eta haien babesa jasotzeko. Egungo egoera aldatzeko xedez, hamar aldarrikapen plazaratu ditu mugimenduak, besteak beste: euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea, EITB indartzea eta euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea, euskarazko streaming plataforma sendoa sortzea, eta Zinemaren Lege propioak sortzea. Alderdi politikoek eta eragileek eskaera horiek bere egiteko lanean ari da mugimendua Euskal Herri osoan. Bitartean, mugimendua osatzen duten herri ekimenei babesa eta laguntza emateko aukera eskaintzen du bere webgunean (www.pantailakeuskaraz.eus).


kaleka31. KALEKA Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia uztailaren 9tik 11ra egingo da, osasun egoerara egokituta, baina bere nortasunari muzin egin gabe. Hala, aurreko urteetan bezala, hiru ataletan banatuko da eskaintza: Kaleka Ofiziala, egitarauko konpainia gehienen emanaldiekin; Kalekaz Blai, herritarren parte hartzea bultzatzen duten ekimenekin; eta Kaleka Scratch, sorrera prozesuan diren lanekin. Osasun egoera dela eta, aurten nazioarteko konpainia gutxiago izango dira. Nolanahi ere, guztira jatorri ezberdinetako 12 lan eskainiko dituzte; tartean, Euskal Herriko taldeenak. Osasun neurriak betetze aldera, hiru gunetan izango dira ikuskizunak, ikusle kopurua mugatuta. Egitarau osoa kaleka.eus atarian dago ikusgai.

 

 

 

 

LABURREAN

Irailaren 25era arte, Arabako plazetan zirkuituak kale ikuskizunak ikusteko parada eskainiko du Arabako udalerri ugaritan, 32 herritan, zehazki. Orotara, 21 konpainiak hartuko dute parte, adibidez: Haatik Dantza, Tio Teronen semeak, Deabru Beltzak, Trapu Zaharra, Zanguango Teatro, Shakti Olaizola eta Xabi Larrea.  Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak, parte hartzen duten udalek eta Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteak elkarlanean antolatu dute zirkuitua. Egitarau zehatza www.kulturaraba.eus atarian kontsulta daiteke.

bostBOST MINUTUN izeneko komedia estreinatuko du Txalo konpainiak abuztuaren 12an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Haurra izateko berantiar samarra den bikote baten kezkak eta fantasiak ditu mintzagai, haurdunaldi testaren emaitza jaso aurreko uneak abiapuntu. Pablo Mir antzerkigile argentinarraren testuan oinarrituta, Begoña Bilbaok zuzendu du. Itziar Urretabizkaiak eta Andoni Agirregomezkortak gorpuztuko dute bikote protagonista. 12ko estreinaldiaren ostean, 15era arte ikusi ahal izango da Donostian.