...Eta infernuko demonioa adiskide

kritikaIñaki Irisarri Pellejero
Elkar, 2020

B2

Itzultzaile lanetan aritu ondotik, Iñaki Irisarri iruinxemeak literaturara jauzi egin, eta bere lehen eleberria egin digu opari. Izan ere, 1811ko Nafarroan gerra napoleoniko bete-betean giroturiko abenturazko eleberria karrikaratu du. Armada frantsesak Iruñeko zitadela bere egin zuenetik hiru urte joanak direlarik, biztanleak arras gogaiturik daude frantsesenganako larderia pairatu beharraz. Hartara, gero eta morroi gehiago batzen ari zaizkio Espoz Minak gidaturiko gerrillari, soldadu frantximantak Nafarroatik botatzeko. Asmo horretan dabil Babil, gaztetxo txirulari mutua, etsaiek akabaturiko aitaren mendeku gosez. Horixe topatuko duzu eleberri honetan, edozein gerratan edozein herritar xehek edirenen dituen komeriak!
Bestalde, gustuko ditut euskalkiei leku egiten dieten testuak. Batuan idatzirik izanik ere tokiko hizkerari leku egiten dioten horiek ditut maite. Hango ala hemengo euskalkia erabili, niri bortz! Guztiak zaizkit laket. Izan ere, kontua da bidea egiten dutela, elez ele, esapidez esapide... eta harrapatu egiten dute irakurlea, eta aberastu. Bada, oraingoan, goi nafarreraz gozatzeko parada eskaini digu idazleak, xarmanki eskaini ere. Eman kasu!
Horrenbertzez, B2ko edo goitiagoko ikasle zein ohiko irakurle izan, gustura hartuko duzu  kontakizunaren abiada hiztegiari kontsulta egiteko pausaldiarekin uztartu beharra. Finean, gozamena! Ikasteko jaioak gara eta!
Xarma