“Beste hizkuntza bat ikastea leiho bat irekitzea bezala da beti, oso aberasgarria”

irasarriIñaki Irisarri
(Iruñea, 1969)

90eko hamarraldian ikasi zuen euskara Antsoaingo, Iruñeko Alde Zaharreko eta Txantreako AEKn. Horrek idaztera bultzatu eta zenbait literatur sari ere irabazi zituen. Itzulpengintzan aritu izan bada ere, egun Volkswagenen egiten du lan. …eta infernuko demonioa adiskide (Elkar) liburua argitaratu berri du.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Hogeita gutxi urterekin mendira joaten hasi nintzen (hemen, Nafarroan gehienbat), eta mapetan ikusten nituen toponimoak oso deigarriak egiten zitzaizkidan. Gehienak euskaraz ziren, jakin-mina piztu zidaten. Sorginiturri, Pagobakarra… Ehunka halako. Zer zioten jakin nahi nuen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Halako toponimoei eta inguruko abizen askori erreparatuta, gure nortasuna aspaldi genuela galdua konturatu nintzen. Eta ideia ona iruditu zitzaidan, nire esku zegoena eginez, hura berreskuratzea. Berehala ekin nion lanari.
Nolako prozesua izan duzu?
Ederra benetan. Jende asko ezagutu dut, oso jende jatorra. Horrez gain, beste hizkuntza bat ikastea leiho bat irekitzea bezala da beti, oso aberasgarria. Beste mundu bat zabaltzen da zure aurrean.
Zer izan da zailena zuretzat?
Batzuetan, herrietako jendearekin euskaraz egiten hasi eta konturatzen nintzen hitz desberdinak erabiltzen genituela. Baina hori hasieran gertatzen zitzaidan. Euskalduntze prozesuan aurrera egin ahala, arazo hori desagertu egiten da, hitz berriak ikasten dituzulako.
Eta errazena?
Idaztea. Betidanik gustatu izan zait idaztea, baina nahiko ahaztua neukan aspalditik. Euskara ikastearekin batera hasi nin-tzen berriz idazten, eta aise trebatu naiz horretan. Euskara oso hizkuntza aproposa da idazteko.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Asko… Behin, AEKanpada batean, parrandan nengoela dantza eroan hasi, eta nahi gabe katxi osoa bota nion gainetik neska bati. Zaplaztekoa eman zidan. Irakaslea ondoan zegoenez, hantxe ikasi nuen, betiko ikasi ere, “neska batek jo egin nau” esan behar dela, ez “jo egin dit”.
Erabiltzen al duzu?
Hamar urtez itzultzaile aritu naiz, eta egunero erabiltzen nuen. Orain, tarteka, lankide edo lagun euskaldun batekin elkartzen naizenean. Idazten dudanean bai, noski.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Harreman. Asko hitz egiten dugu harremanei buruz, baina hitzaren bigarren zati horri erreparatu gabe. Hartu eta eman.
Trikimailuren bat?
Irratia entzutea. Niri asko lagundu dit horrek. Etxeko lanak egin bitartean, adibidez, irratia beti piztuta izaten dut. Asko laguntzen du entzumena trebatzen, hiztegia aberasten…